- AGINDUA, 2020ko maiatzaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Lehendakariari eskatzen baitio Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), modulatzeko, osasun-zaintzako fase berrira egokitzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2020ko maiatzaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Lehendakariari eskatzen baitio Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), modulatzeko, osasun-zaintzako fase berrira egokitzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 94
- Hurrenkera-zk.: 1996
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2020/05/14
- Argitaratze-data: 2020/05/19
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Herrizaingoa
Testu legala
Segurtasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez erabaki zen (martxoaren 14ko EHAA, 52. zk.), Osasuneko sailburuak eskatuta, Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), formalki aktibatzea, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean.
Larrialdia zuzentzea eta koordinatzea, printzipioz, Segurtasuneko sailburuari dagokio, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuak 11.h) artikuluan ezartzen duenaren arabera. Manu horrek aurreikusten duenez, 35. artikuluan jasotako kasuan, hondamendiko larrialdi-egoeraren deklarazioaren aurrean, Lehendakariak bere gain hartuko du larrialdi-jarduera guztien zuzendaritza, eta zuzenean bere mende geratuko da Euskadiko Herri Babeseko Planaren antolamendu-egitura. Halaber, «Larrialdiei aurregiteko bidea (LABI)» deritzan Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duen ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuak eranskinean eta, zehazki, IV. tituluan jasotzen duenez, Lehendakariak bere gain har ditzake babes zibilaren goi-zuzendaritzako eta hura koordinatzeko eginkizunak, arrisku-egoera edo izandako kalteak asko hedatu direla edo oso larriak direla ikusita, Lehendakariak larrialdiaren zuzendaritza bereganatzen duenean.
Aurrekoan oinarrituta, eta Lehendakariaren martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez (martxoaren 14ko EHAA, 52. zk.), Lehendakariak Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei urregiteko Bidea (LABI), zuzentzeko eskumenak bereganatu zituen, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean.
Une horretatik aurrera, Lehendakariak bere gain hartzen ditu Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), jasota dauden larrialdi-jardueren koordinazioa eta zuzendaritza bakarra, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean.
Pandemia bi hilabetez kudeatu ondoren, haren bilakaeraren egungo adierazleek diote egun geldiarazte- eta gutxitze-fasean gaudela (esaterako, oinarrizko birsorkuntza-zenbakia (R0) 1,75 zen zuzendaritza-batzordea sortu zen egunean, eta 0,77 ingurura jaitsi da 2020ko maiatzaren 11n). Horren azken helburua da, lehenik, kurba epidemiologikoak berriro goranzko joerarik ez izatea, eta, bigarrenik, izaera finalistarekin, normaltasun-egoera batera itzultzea, askatasun indibidual eta kolektiboari gutxiago eragingo dioten prebentzio-neurriekin.
Nabarmendu behar da gure erkidegoaren lurraldean normaltasun berrirako trantsizio-prozesuaren I. fasera igaro garela, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduak ezartzen duenaren arabera. Agindu horren bidez, alarma-egoera deklaratu ondoren ezarri ziren Estatu mailako zenbait murrizketa malgutu dira, normaltasun berrirako trantsiziorako Planaren I. fasea aplikatuz.
Lehendakariaren maiatzaren 10eko 8/2020 Dekretuaren bidez, Espainiako Gobernuarekin adostutako aldaketak, zabaltzeak eta murrizketak ezarri dira, alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako murrizketak malgutzearekin lotuta, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren I. fasea aplikatuz, neurri horiek osasun-larrialdiak Euskadin izan duen bilakaerara egokitze aldera.
Horren guztiaren arabera, osasun-larrialdiko fasea gainditutzat jotzen da, zeinaren helburu nagusia osasun-sistema ez kolapsatzea baitzen. Orain, osasun-zaintzako fase bati ekin behar zaio, eta fase horren helburua da epidemia geldiaraztea eta gutxitzea, kasuak eta kontaktuak kudeatuz.
Horregatik guztiagatik, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4. artikuluak organo honi emandako eskumenen arabera, Lehendakariari eskatu behar zaio, martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren arabera horretarako eskumena duen agintaritza den aldetik, Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), modulatzeko Segurtasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez aktibatua, orain hasiko den osasun-zaintzako fasera egokitze aldera.
Ondorioz, honako hau
Bakarra. Lehendakariari eskatzea Euskadiko Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), modulatzeko, orain hasiko den osasun-zaintzako fasera egokitzeko. LABI plana Segurtasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez aktibatu zen, COVID-19aren hedapenak eragindako alerta epidemiologikoari aurre egiteko.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 14a.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: 8/2020 DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, Lehendakariarena, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako murrizketak Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 1. fasean malgutzeko Espainiako Gobernuarekin adostutako aldaketak, zabaltzeak eta murrizketak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzeko, osasun-larrialdiak Euskadin izan duen bilakaerara egokitze aldera.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko martxoaren 13koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez formalki aktibatzen baita Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana, Covid-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko osasun-alertak eragindako egoera dela eta.
- Ikus: 6/2020 DEKRETUA, martxoaren 13koa, Lehendakariarena, zeinaren bidez Lehendakariak Euskadiko Herri Babeseko Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi zuzentzeko eskumenak bereganatzen baititu, Covid-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortu duen egoeraren aurrean.