Euskadi.eus
  • 81/2015 DEKRETUA, ekainaren 2koa, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzekoa eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

81/2015 DEKRETUA, ekainaren 2koa, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzekoa eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 110
  • Hurrenkera-zk.: 2621
  • Xedapen-zk.: 81
  • Xedapen-data: 2015/06/02
  • Argitaratze-data: 2015/06/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; EAEko udalak; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Nekazaritza-produkzio modernoaren oinarria genetikoki hautatutako gaitasunak dituzten arrazak dira, ustiategiei errentagarritasuna ateratzeko nahikoa kalitateko eta kantitateko produktuak lortzea ahalbidetzen baitute. Hobekuntza genetiko horretan, garrantzi handikoak dira purutasunean hazitako eta irizpide komunetan oinarrituta hautatutako arrazak. Irizpide horiek kasuan kasuko liburu genealogikoetan definitutakoak izaten dira.

Halarik ere, abereak hobetu eta espezializatzeko jarduketak direla eta, arriskuan jarri dira arraza minoritarioak eta produkziorako gaitasun txikiagoa dutenak, edo egungo jendartearen beharrizan eta eskariei gaizkien egokitzen zaizkienak. Animalia-arraza autoktonoak babestea, bestalde, 1993ko Biologia Aniztasunari buruzko Hitzarmenean dago jasota. Hitzarmen hori biologia-aniztasunaren alderdi guztiak baliabide genetikoak, espezieak eta ekosistemak batera jorratzeko lehen akordio orokorra izan zen. Izan ere, hitzarmen horren bidez, lehenengoz aintzatetsi zen biologia-aniztasuna babestea gizaki guztien ardura eta garapen prozesuaren zati integrala dela.

Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundea (FAO), berriz, Abeletxeko Animalien Baliabide Genetikoetarako Estrategia Globala ari da garatzen, nekazaritza eta elikagaigintzako intereseko baliabide genetikoak modu jasangarrian kontserbatu eta erabili ahal izateko.

Era berean, Europar Batasunaren esparruan, baliabideok mantentzeko oinarriak ezarri dira, arrazako animaliak eta euren material genetikoa aske merkaturatzeko legeria landu da, eta irizpideak harmonizatu dira hezleen elkarteak aintzatesteko, liburu genealogikoetan arraza-ugaltzaileak inskribatzeko, eurak hazkuntzarako onartzeko eta etekinak kontrolatzeko eta espezien balio genetikoa ebaluatzeko moduak ezartzeko.

2014an, martxoaren 4ko 31/2014 Dekretua argitaratu zen, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzekoa eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzekoa, eta, hala egin zen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko araudia egokitzeko abenduaren 26ko 2129/2008 Errege Dekretura, zeinaren bidez ezarri baitzen abere-arrazak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko programa nazionala. Bertan, ekoizleen elkarteen independentziari ematen zaio garrantzia, abere-arrazak hobetzeko ekintzak definitu eta betearazteko. Elkarte horiek dira, osatzen dituzten abeltzainen lanari esker, arraza bakoitzaren errealitatea ondoen ezagutzen dutenak eta, ekinaren ekinez, arrazon kontserbazioa eta hobekuntza bermatzen dutenak. Dekretu honek abere-arrazak dauzka helburu nagusitzat, baina euskal arraza autoktonotzat hartzen diren abere-arraza ez direnak ere hartzen ditu barnean. Maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretuak zehazki arraza garbiko txakur-hazleen erakunde edo elkarteen aitortza ofiziala arautzen du. Dekretu berri honetan, era berean, ezartzen dira sustapen-erakundeen eta hazle-elkarteen gutxieneko baldintzak eta jarduteko era.

Aipatu 31/2014 Dekretua argitaratu ondoren, hura aldatu beharra zegoela ikusi zen, 14. artikuluari idazketa desberdina emateko eta inprimatze-akatsak zuzentzeko. Testua aldatzeko arau bat emanez gero, emaitza ulertezina izango litzateke. Hortaz, erabaki da dekretua osorik berriro idaztea eta aurrekoa indargabetzea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundiei iritzia eskatu zaie dekretu hau egiteko garaian, bai eta sektorean esanguratsuak diren erakundeei ere.

Konstituzioaren 148.1.7 eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorrita, nekazaritzako eta abeltzaintzako eskumen guztiak autonomia-erkidegoari dagozkio, ekonomiaren antolakuntza orokorraren arabera, eta hori kontuan izanda eman da dekretu hau.

Horri jarraituz, behin dagozkion nahitaezko txostenak eginda, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 2an egindako bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen helburuak honako hauek dira:

  1. Euskal Herriko animalia-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko oinarrizko arauak ezarri eta abere-arraza autoktonoetako animalien gaineko araudi zooteknikoa ezartzea.

  2. Euskal Herriko arraza autoktonoak kontserbatzea, hobetzea eta sustatzea helburu duten sustapen-erakundeen eta hazle-elkarteen jarduna arautzea.

  1. Arrazako animalia: abeltzaintzan edo ekoizpenean interesekotzat jotako edozein arrazari dagokion animalia, baldin eta inskribatuta badago, edo ofizialki aintzatetsitako elkarte batek edo zerbitzu ofizial batek kudeatutako liburu genetikoan inskriba badaiteke, hobekuntza-programan parte hartu ahal izateko. Arraza garbiko animaliak dira arraza horretako liburu genealogikoan inskribatutako edo erregistratutako aita-amak eta aiton-amonak dituztenak.

  2. Animalia-arraza: etxe-abereen talde homogeneo eta azpiespezifiko bat da; kanpo-ezaugarri zehatzak eta bereizgarriak dituzte, lehen begiratuan bereizten dituztenak espezie berean berdin definitutako beste talde batzuetatik. Bereizi beharra dago ekoizpenerako erabiltzen diren abere-arrazak eta abere-arraza ez direnak.

  3. Kasta, jatorria edo barietatea: arraza jakin bateko animalia-populazio itxia, ugaltze bakartzeari esker sortu dena arraza horretako abelburu jakin batzuekin betiere, eta material genetiko desberdina sartu barik bost belaunaldiz gutxienez.

  4. Ekido erregistratua: zaldi-aziendako etxeko animalia, edo espezie horren nahasketaren ondoriozko animalia, baldin eta inskribatuta edo erregistratuta badago liburu genealogikoan edo bertan inskriba badaiteke, erkidegoko indarreko araudian ezarritako agiriaren bidez. Dekretu honen ondoreetarako, ekido erregistratuak arraza-animaliatzat hartuko dira.

  5. Euskal Herriko arraza autoktonoa: jatorri ezagun urrunena Euskal Herrian duen animalia-arraza eta dekretu honen eranskineko katalogoaren barruan dagoena. Bi kategoria bereizten dira: sustatze-arrazak, errolda eta antolakuntza direla-eta hedatzen ari direnak; eta desagertzeko arriskuan dauden arrazak, atzerakada handia jasan dutenak edo galzorian daudenak, nazioan edo nazioartean ezarritako irizpideekin bat etorrita.

  6. Sustapen-entitatea: izaera juridikoa duen erakundea, elkartea edo beste edozein ente publiko edo pribatu, animalia-arraza bat hazi, kontserbatu, hobetu edo zabaltzera emana.

  7. Abere-arrazetako animaliak hazten dituen elkartea: abere-arrazetako animaliak dituzten abere-ustiategien titularrek eratutako sustapen-entitatea.

  8. Bigarren mailako elkarteak: abere-arrazetako animaliak hazten dituztenen elkarteek osatzen dituzten federazio, konfederazio edo taldeak.

  9. Aintzatetsitako entitatea: sustapen-erakunde bat da, arraza bateko liburu genealogikoa sortu edo eramateko eta arraza jakin bat hobetu eta zabaltzeko programak garatzeko baimenduta dagoena.

  10. Genealogia-liburua: ofizialki aintzatetsitako hazle-elkarte batek edo zerbitzu ofizial batek kudeatutako edozein liburu, fitxategi, erregistro edo sistema informatiko, non arraza jakin bateko animaliak inskribatu edo erregistratzen diren, arbasoak aipatuta.

  11. Arrazaren berariazko araudia: arraza estandarra edo espezie bateko animalien ezaugarri objektiboen multzoa barne hartzen duten xedapenak; ezaugarrioi esker, animaliok arraza berekoak direla esan daiteke eta haien liburu genealogikoa ezarri.

  12. Hobetze-programa: arraza jakin bateko eta ofizialki aintzatetsitako hezle-elkarte batek edo zerbitzu ofizial batek sistematizatutako, diseinatutako eta garatutako jarduera-multzoa. Kasuan kasuko arraza kontserbatu, hobetu edota sustatzera zuzenduta daude jarduera horiek, eta bereziak dira arraza bakoitzarentzat. Horrez gainera, animalien genetikako zentro kualifikatuaren oniritzia behar dute jarduerok. Arrazaren errolda, ezaugarriak eta katalogazioa kontuan izaki, programak honako hauek izan daitezke:

    1. Hautespen-programa: edozein hobekuntza-programa, zeinaren helburua baita arraza baten, edo, hala denean, kasta, leinu edo barietate baten ugaltzaile onenak hautatzea, helburuetan definitutako ezaugarri desiragarriak ondorengoei transmititu ahal izateko.

    2. Kontserbazio-programa: edozein hobekuntza-programa, aniztasun genetikoari eustea helburu duena, arraza, kasta, leinu edo barietate baten kontserbazioa bermatzeko eta desager dadin saihesteko edo populazioa handitzeko.

  13. Banaka baloratu edo aztertzeko zentroa: edozein abeltzaintza-ustiategi, titulartasun publiko edo pribatukoa eta ofizialki baimendu edo aintzatetsitakoa, zeinak hobekuntza-programa baten barruan animalia-banakoak edo horien ondorengoak baloratzeko probak egiten dituen eta ingurumen- edo maneiatze-baldintza komunak eta informazio-biltze homogeneoa bermatzen dituen.

  14. Etekinen kontrola: animalien produkzioak eta gaitasun funtzionalak egiaztatzeko eta ugaltzaileen balio genetikoa zehazteko baliozko informazioa batzeko jarduera-multzoa, ezarritako ereduaren arabera, arrazetarako ofizialki onartutako hobekuntza-programekin bat etorrita eta programok arautzeko indarreko araudia kontuan izaki.

  15. Banakako balorazio-proba: hezlea izateko hautagaia den animalia zehatz baten gainean egindako eragiketa-multzoa, kontrolatu beharreko aldagaien banakako neurri fenotipikoak lortu ahal izateko, kronologia zehatz bat kontuan izanda, adierazle genetiko bat lortze aldera.

  16. Ebaluazio genetikoa: etekinak kontrolatzeko eta genealogiak erregistratzeko populazioaren gainean eginiko eragiketa-multzoa, hobekuntza-programan ezarritako helburuetarako banakako balio genetikoak lortze aldera, eta horiek zehazte aldera. Ugaltzaileak, ebaluazio genetikoari esker, merezimendu genetikoen arabera sailka daitezke, ondorengo belaunaldietako ugaltzailerik onenak hautatu ahal izateko.

  17. Morfologiaren kalifikazioa: arraza zehatz bateko animalia bati balio bat esleitzea, gorputz-eremuei emandako puntuazioak batuz. Epaileek edo behar bezala kreditatutako morfologia-teknikariek edo hobekuntza-programan izendatutako bestelako profesionalek ematen dituzte puntuaziook. Puntuazioa emateko, arraza bakoitzeko liburu genealogikoaren araudi espezifikoan ezarritako arraza-ereduarekin alderatu behar da.

  18. Kalifikazio lineala: sailkapen morfologikoaren sistema bat, zeinaren bidez puntuatzen baitira interes zooteknikoko animaliaren atal anatomikoak edo ezaugarriak, balio-eskala baten arabera. Balioen muturrak atal edo ezaugarri horretako muturreko balio fenotipikoak dira.

  19. Ugaltzeko zentroa: animaliak batzeko ofizialki baimendutako edozein zentro, material genetikoa jasotzen eta lortzen jarduten duena, abeltzaintza ugaltzearen tekniketan erabiltzeko edo germoplasma bankuak mantentzeko.

  20. Biltegiratze-zentroa: instalazio autonomoa edo ugaltze-zentro baten menpekoa, helburu duena semena, obuluak, enbrioiak, bereizi gabeko zelulak edo bestelako material genetikoa mantendu eta kontserbatzea, batez ere merkaturatze aldera.

  21. Germoplasma-bankua: instalazio autonomoa edo ugaltze zentro baten edo biltegiratze-zentro baten menpekoa, material genetikoa epemuga jakinik gabe biltzeko eratua, material genetiko nazionala kontserbatze aldera. Material genetikoa kasuan kasuko arrazako liburu genealogikoan inskribatutako animaliengandik etorriko da, eta animaliaren jabearen baimenaz lortuko da; behar beste ADN eta behar den kalitatekoa lortuko da gauzatu nahi diren jarduketak bermatzeko, baita animalia hil denean ere. Erabili beharreko material biologikoa ADN bakarrik bada, ADN bankua deituko zaio.

  22. Hobekuntzaren zabalkundea: hobekuntza-programetan lortutako aurrerabide genetikoaren berri zabaltzeko edozein jarduera.

  23. Abere bikainen lehiaketa: arrazako animalien edozein elkarretaratze, helburu duena animaliok edozein modalitatetan saltzea, lehiaketaren batean parte hartzea, erakustea, edo aurrekoen konbinazioan esku hartzea, betiere hobekuntza hedatze aldera. Lehiaketa birtual edo telematikoak egin daitezke, animaliak bertaratu gabe.

  24. Arraza baten kontrol teknikoa: jarduera horren bidez, agintaritza eskudunak zehaztutako eran egiaztatuko da ofizialki aintzatetsitako elkarteek edo zerbitzu ofizial arduradunek arraza behar bezala kudeatzen duten, eta, hala badagokio, elkarte horiek jasotako diru-laguntza publikoak behar bezala kudeatu eta aplikatzen diren.

  25. Animalia hobetzailea: hobekuntza-programa baten barruan ebaluazio genetikoaren menpe jarritako animalia da, programa horretan ezarritako kalitate- eta balio genetiko-mailak gainditzen dituena eta han zehaztutako gutxieneko fidagarritasuna duena.

  26. Ustiategi laguntzailea: ugaltze zentroa ez den abeltzaintza-ustiategia, baldin eta arraza jakin bateko liburu genealogikoan inskribatutako animaliak baditu eta arraza horretako hobekuntza-programan parte hartzen badu.

  27. Animalien genetikaren zentro ofiziala: agintaritza eskudunak ofizialki aintzatetsitako animalia genetikaren zentroa, unibertsitate zentroak eta administrazio publikoen menpekoak, hobekuntza genetikoaren eremuan eskarmentua eta prestakuntza teknikoa eta baliabide material eta giza baliabide nahikoa dutenak.

Hauxe da dekretu honen aplikazio-eremua:

  1. Euskal Herriko Animalia Arrazak Sustatzeko Elkarteen Erregistroan inskribatuta dauden elkarte guztiak.

  2. Zeregin berberak dituzten zerbitzu ofizialak.

  3. Liburuotan edo erregistrootan inskribatutako edo erregistratutako animaliak dituzten abeltzaintza-ustiategien pertsona titularrak.

  4. Liburu genealogikoetan inskribatutako arraza-animaliak.

    2. artikuluan definitutako zentroak, ustiategiak eta germoplasma-bankuak.

  1. Animalia Arrazak Sustatzeko Elkarteen Erregistroa Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloko eskumenak dituen zuzendaritzari atxikita egongo da.

  2. Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloko eskumenak dituen zuzendaritzaren ebazpen bidez, erregistro horretan inskribatuko dira elkarteak, bai hazleenak eta bai bigarren mailakoak, hala eskatzen badute eta Euskal Autonomia Erkidegoan animalia-arraza jakin bat hezi, kontserbatu, hobetu edo hedatzeko lana egiten badute. Erregistro horretan, elkarteoi buruzko gorabehera garrantzitsu guztiak jasoko dira.

  3. Erregistroan inskribatu ahal izateko, elkarteek honako baldintza hauek bete beharko dituzte gutxienez:

    1. Nortasun juridikoa edukitzea.

    2. Irabazteko asmorik ez izatea.

    3. Zereginak betetzeko behar beste baliabide tekniko eta pertsonalak edukitzea.

    4. Estatutuak edo estatutu moduan ezarritako barneko funtzionamendu-araudia izatea. Bertan, funtzioak betetzeko garaian bazterkeriarik eza berariaz xedatu behar da. Era berean, bertan azaldu behar da edozein abeltzain integra datekeela nahi badu eta betekizunak betetzen baditu.

    5. Agiri hauek aurkeztea: eratze-agiria, helburua eta estatutuak, osaera eta jardun-eremua.

    6. Animalia-arrazak kontserbatu, hezi edo hobetzeko jarduerarekin lotuta eskatutako bestelako datuak aurkeztea.

    7. Lurralde-eremuko elkarteak badira, estatutuetako funtzioak gauzatzeko aintzatespena, kasuan kasuko foru-aldundiak emana.

  4. Administrazio-prozeduraren araudi erkidearekin bat etorriz aintzatetsiko dira sustapen-elkarteak.

  5. Erregistroan inskribatzea ukatuko da, baldin eta elkarteak animalia-arrazaren baten kontserbazioa arriskuan jartzen badu, erregistratutako beste elkarteren baten jarduna eragozten badu edo ezarritako betekizunen bat betetzen ez badu.

  6. Dena den, urtero, elkarteak egoeraren eta jardueren memoria aurkeztu behar du. Abeltzaintzako eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak, Abere Arrazen Koordinazio Batzordearen txostena jaso eta gero, sustapen-elkarte baten inskripzioa baliogabetu dezake, ezarritako betekizunen bat betetzeari uzten dionean.

  1. EAErako, internet/intranet teknologiadun informatika-aplikazio bat sortuko da, datu-base informatizatu bat izango duena.

  2. Datu-baseak honako datu hauek izango ditu gutxienez:

    1. Abere-arrazak.

    2. Liburu genealogikoa eramateko baimendutako elkartea, arraza autoktonoen kasuan; edo autonomia-erkidegoan arrazaren liburu genealogikoa kudeatzen duen elkartea, autoktonoak ez diren arrazen kasuan.

    3. Liburu genealogikoaren ataletan urtero inskribatutako anomalia-kopurua.

    4. Egindako aitatasun-probak.

    5. Animalien errolda sexuka, liburu genealogikoaren atal bakoitzean, eta lurralde historikoka.

      Autonomia-erkidego bitan dauden arrazen kasuan, bakoitzean dagoen animalia-banaketa aurkeztu behar da.

  3. Abere Arrazen Koordinazio Batzordeak definituko du datu-basearen egitura, 8. artikuluan xedatu bezala.

  4. Abere-arraza autoktonoen liburu genealogikoak eramateko aintzatetsitako erakundeek eta autoktonoak ez diren arrazak autonomia-erkidegoan sustatzeko elkarteek urtero gutxienez datu base informatizatua mantentzeko behar beste informazio emango dute.

  1. Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloko eskumenak dituen zuzendaritzari atxikita egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Animalia Genetikako Laborategien Erregistroa.

  2. Geneen eta genetika-markatzaileen analisiak izaera eta balio ofizialez egingo dituzten laborategiak erregistratu egingo dira, abeltzaintzan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren ebazpen bidez, eta Abere Arrazen Koordinazio Batzordeak proposatuta 8. artikuluan ezarritako batzordea da. Analisi horiek beharrezkoak dira arraza autoktonoen liburu genealogikoetan ezarritako filiazio edo ahaidetasun-kontrola egiteko.

  1. Foru aldundiek izango dute euren lurraldeetan dekretu hau aplikatzeko eskumena.

  2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloko eskumenak dituen sailak honako erantzukizun hauek izango ditu:

    1. Estatuko erakundeen aurrean ordezkaritza- eta solaskidetza-lanak egitea, dekretu honekin lotutako gaiei dagokienez.

    2. Erregistratutako elkarteen eta liburu genealogikoak eramateko aintzatetsitako erakundeen funtzionamenduaren inguruan dekretu honetan xedatutako funtzioak.

  1. Abere-arrazak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko kudeaketan eta antolamenduan eskumenak dituzten foru- eta autonomia-administrazioen arteko koordinazioa lortzeko, Abere Arrazen Koordinazio Batzordea sortzen da.

  2. Honako hauek izango dira Batzordeko kideak:

    1. Batzordeko lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak izendatua, albaitaritzan lizentziaduna eta zuzendaritza horretan teknikari aritzen dena.

    2. Abeltzaintzan lizentziaduna den pertsona bat, Abeltzaintza Zerbitzuko lanpostu tekniko batean lan egiten duena, foru aldundi bakoitzak izendatua.

Abere Arrazen Koordinazio Batzordeak zeregin hauek izango ditu:

  1. Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien arteko lotura-organoa izango da, arrazak eta, bereziki, abere-arrazak kudeatzeko eta sustatzeko, eta, hala badagokio, arrazen eta erregistratutako elkarteen eta aintzatetsitako erakundeen gaineko jarduera zooteknikoen azterketa-, analisi- eta proposamen-organoa izango da.

  2. Abere-arrazen eta abere-arraza ez direnen arloko araudia betetzen dela koordinatuko du.

  3. Azterlanak egitea proposatzea eta beharrezko ikusten diren txostenak eskatzea animalia ugalketari, etnozootekniari eta teknikari buruzko erakunde zientifiko eta ordezkatzaileei.

  4. Abere-arrazen datu basearen egitura ezartzea, dekretu honen 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

  5. Baimen ofizialerako eskaeren berri izatea, dekretu honen 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, eta abere-arrazen eta abere ez diren arrazen liburuak eramateko aintzatetsitako erakundeei eskaera horien berri jakinaraztea, bai eta aintzatespen horien amaiera-espedienteen berri ere.

  6. Batzordea osatzen duten administrazioek eskatutako txostenak egitea.

  7. Liburu genealogikoak eramateko aintzatetsitako erakundeen funtzionamendu egokia bermatzeko neurriak edo jarduerak proposatzea, eta horri buruz sor daitezkeen zalantzak azaldu eta argitzea eta desadostasunak konpontzea.

  8. Abere-arraza autoktonoak hobetu eta hedatzeko programak ebaluatu eta haien berri ematea, araudi espezifikoa argitaratu baino lehen. Liburu genealogikoak eramateko aintzatetsitako erakundeek ezartzen dituzte programok.

  9. Liburu genealogikoak kudeatzeko lan prozedurak aztertu eta onartzea. Kasuan kasuko aintzatetsitako erakundeek definitzen dituzte prozedurok.

  10. Animalia Genetikako Laborategien Erregistroan laborategiak inskribatzeko baldintzak ezartzea eta laborategiok emandako informazioa ebaluatu eta baloratzea, eta erregistrora zein laborategi batu daitekeen proposatzea.

  1. Euskal Herriko Animalia Arraza Autoktonoen Katalogo Ofizialak, dekretu honen eranskinean agertu bezala, Euskal Herriko animalia-arraza autoktono guztiak hartuko ditu barnean, betiere gaur egun arraza horien aleak, abere direnak nahiz ez direnak, geratzen badira.

  2. Abeltzaintza-arloko eskumena duen sailburuaren agindu bidez eguneratu ahal izango da Katalogo Ofizialaren edukia, eta bertan dauden arrazen araudi espezifikoak ezarri.

Abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko programaren bidez, bere aplikazio-eremuan eta Euskal Herriko arraza autoktonoetarako, funtzio hauek beteko dira:

  1. Abere-arraza autoktonoak, kastak, leinuak edo barietateak ezaugarritu eta sailkatzea Euskal Herriko Animalia Arraza Autoktonoen Katalogo Ofizialera batze aldera.

  2. Liburu genealogikoak eramateko aintzatetsitako erakundeak aintzatestea.

  3. Liburu genealogikoen araudi espezifikoak eta araudi horien aldaketak onartzea.

  4. Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak hobetu eta hedatzeko programak eta haien aldaketak onartu eta kontrolatzea.

  5. Euskal Herriko abere-arraza autoktonoen informazio-sistema nazionala garatzea.

  6. Ugalketa zentroak, biltegiak, germoplasma bankuak eta enbrioiak jasotzeko edo ekoizteko ekipoak erregistratzea.

  7. Hobekuntza hedatzeko eta abere-lehiaketak egiteko programak onartu eta kontrolatzea.

  8. Abere-arrazak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko ikerketa bultzatzeko neurriak sustatze, eta lan-sareak sortzea esperientziak eta ezagupenak koordinatu eta trukatzeko programa lerroetan.

  9. Abere-arraza autoktonoak kontserbatzeko, hobetzeko eta sustatzeko laguntzak eta diru-laguntzak ezartzea.

Liburu genealogikoaren araudi espezifikoaren gutxieneko edukiak honako hauek izango dira:

  1. Arrazaren ezaugarriak zehaztea, izena, arraza-prototipoa eta sailkapen-sistema barne.

  2. Hala badagokio, inskribatutako animaliak identifikatzeko erabilitako metodo espezifikoak.

  3. Liburu genealogikoa eta hura osatzen duten atalak bereiztea.

  4. Animaliak liburu genealogikoan eta haren ataletan inskribatzeko betekizunak eta baldintzak.

  5. Filiazioaren fidagarritasuna edo ahaidetasunaren kontrola bermatzeko neurriak.

  6. Beste arraza baten liburu genealogikoa sortzen denean, azaldu beharko da zer epe dagoen animaliak sortze-erregistroan inskribatzeko.

  1. Liburu genealogikoan, atal nagusi bat egongo da, honako erregistro hauek bilduko dituena:

    1. Jaiotzen Erregistroa: arraza bakoitzerako araudi espezifikoan ezarritako baldintzak betetzen dituzten sexu bietako animalientzat, horretarako ezarritako araudiarekin bat etorrita.

    2. Behin Betiko Erregistroa: jaiotze-erregistrotik datozen animalia ugaltzaileentzat, baldin eta espezie edo arraza bakoitzerako araudi espezifikoaren baldintzak betetzen badituzte, horretarako ezarritako araudiarekin bat etorrita.

      Erregistro horren barruan, ugaltzaileen erregistro bat edo batzuk egon daitezke, zeinean kasu bakoitzean eskatzen diren balorazio probak ondo gainditu dituzten animaliak inskribatuko baitira.

  2. Horrez gain, nazioarteko araudiak berariaz debekatzen ez badu, erantsitako honako erregistro edo atal hauek sor daitezke, arraza bakoitzarentzako irizpide teknikoak kontuan izaki:

    1. Erregistro Fundazionala: liburu genealogiko sortu berrientzat edo arraza gutxi erregistratuta dutenentzat. Erregistroa irekitzeko araudiz ezarritako baldintzak betetzen dituzten animaliak jasoko dituzte.

      Sortze erregistro hori ezartzen denean, arraza mantendu edo berreskuratzeko beharren arabera, zehaztu beharko da zein izango den animaliak erregistratzeko epea, baita epe hori berriz irekitzeko baldintzak ere; horretarako, hala ere, agintari eskudunaren idatzizko eta berariazko baimena beharko da.

    2. Erregistro Osagarria: hor emeak sartuko dira,

      genealogia ezezagunen bat dutenak edo

      bere garaian erregistratu ez zirenak.

      Kasu bietan, gainditu egin behar dute abere-arraza bakoitzerako ezarritako balorazio- edo kalifikazio-proba, eta frogatu egin behar dituzte beren kasa edo beren ondorengoen bitartez morfologia-, ekoizpen- edo funtzio-ezaugarri batzuk, betiere espezie bakoitzaren araudiaren arabera.

      Era berean, erregistro osagarriaren barruan, Jaiotze Erregistro Osagarria sor liteke. Han, ezarritako baldintzak kontuan izanik, erregistro osagarrian bertan inskribatutako animaliengandik sortutako emeak inskriba daitezke, baldin eta atal nagusiko Jaiotze Erregistroan inskribatzeko baldintzak betetzen ez badituzte.

      Erregistro Osagarri hori derrigorrezkoa izango da Arraza Autoktonoen Katalogo Ofizialean «egoera larrian» edo «arriskuan» kalifikatuta dauden arraza autoktonoen kasuan.

    3. Merezimenduen Erregistroa: atal nagusiko animalia ugaltzaileak inskribatuko dira erregistro horretan, baldin eta genetika, morfologia, produkzio, ugalketa edo funtzio tasun bikainak egiaztatu badituzte, arraza bakoitzeko araudi espezifikoarekin bat etorrita.

  1. Artikulu honetako 5. paragrafoan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten elkarteei emango zaie dekretu honen eranskinean adierazitako arraza autoktonoen liburu genealogikoak sortzeko eta eramateko aintzatespena.

  2. Elkarte horiek aintzatestea abeltzaintzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari dagokio; horretarako, Abere Arrazen Koordinazio Batzordearen nahitaezko txostena hartuko du aintzat.

  3. Autonomia-erkidego batean edo gehiagotan banatutako arrazen kasuan, 2129/2008 Errege Dekretuaren 9.1 artikuluan edo hura ordezten duen arauan ezarritakoarekin bat etorriz emango da aintzatespena.

  4. Aintzatetsitako erakundeek ordezkatzen dituzten arrazen liburu genealogikoak bakarrik eraman ditzakete.

  5. Sustapen-elkarte batek, liburu genealogiko bat sortzeko edo eramateko erakunde gisa aintzatetsia izateko, baldintza hauek bete beharko ditu:

    1. Animalia Arrazak Sustatzeko Elkarteen Erregistroan inskribatuta egotea; dekretu honen 4. artikuluan dago jasota erregistro hori.

    2. Aurreikusitako kontserbazio- edo hobekuntza-programa gauzatzeko adina animalia izatea.

    3. Nahikoa langile prestatu izatea liburu genealogikoaren funtzioak eta hobekuntza-programa behar bezala kudeatzeko. Liburu genealogikoaren zuzendari teknikoak hobekuntza-programaren jarraipena eta koordinazioa gauzatuko du; unibertsitate-titulua edukitzeaz gain, gai zooteknikoen gaineko jakinduria eta prestakuntza eduki behar du.

    4. Bete beharreko funtzioei egokitutako ekipo eta material informatikoa edo mekanikoa izatea, datuak tratatzeko, batez ere.

    5. Liburu genealogikoa kudeatzeko eta hobekuntza-programa garatzeko baliabide ekonomikoak edukitzea, arrazaren erroldaren eta lurralde-banaketaren arabera.

    6. Gaitasuna duela egiaztatu beharko du, eta baliabide tekniko analitikoak eta laborategikoak izan beharko ditu, norberarenak edo kanpokoak, filiazio-kontrol analitikoak egiteko; horretarako, teknika homologatuak erabiliko ditu.

  6. Elkarte baten liburu genealogikoa eramateko lehendik beste elkarte bat edo batzuk aintzatetsita badaude, elkarte hura aintzatesteko, 2129/2008 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan, abere-arrazen kasuan.

Liburu genealogikoak eramateko aintzatetsitako erakundeek betebehar hauek izango dituzte gutxienez:

  1. Arraza kontserbatu, hobetu eta sustatzeko helburuak ezartzea.

  2. Arrazaren liburu genealogikoa mantendu eta kudeatzea, liburu genealogikoen funtzioei buruzko agiriak jaulkiz, batez ere ziurtagiriak eta gutun genealogikoak.

  3. Arraza bakoitzarentzat ofizialki onartutako hobekuntza-programa garatzea.

  4. Arraza bakoitza hobetzeko programa kudeatzeko batzorde bat edukitzea, arraza mantendu, sustatu eta hobetzeko programak garatzen, koordinatzen eta jarraitzen lagunduko duena. Gutxienez honako hauek izango dira batzorde horretako kide: animalien genetikan kualifikatutako zentroko teknikari bat, hobekuntza-plana abalatzeko, eta Arrazen Kontrol Teknikoko Batzordeak izendatutako beste pertsona batzuk.

  5. Hala badagokio, liburu genealogikoaren araudi espezifikoa aldatzeko proposamenak eta hobekuntza- eta hedapen-programak aurkeztea, agintaritza eskudunak onar ditzan.

  6. Agintaritza eskudunak eskatuta, urtero gutxienez, liburu genealogikoaren eta hobekuntza-programaren berri ematea. Hala berean, arrazaren inguruko gorabeheren berri ematea, eta, bereziki, honako hauen ingurukoak: errolda, nazioko eta nazioarteko hedapena, sailkapen- eta hautapen-probak, lehiaketak eta, hala badagokio, aplikatu beharreko araudiak.

  7. Datu-baseetarako sarrera bermatzea, eta komunikazio telematikoko tresnak ezartzeko konpromisoa hartzea, agintaritza eskudunak zehazten duen eran eta baldintzetan, liburu genealogikoaren eta hobekuntza-programaren datuak eskuragarri jartzeko, beharrezkoak baitira 5. artikuluan ezarritako datu basea eratzeko.

  8. Arraza kontserbatu, hobetu eta sustatzeko ekintzen koherentziari eustea, arraza horren liburu genealogikoa kudeatzeko ofizialki baitago aintzatetsita, eta beharrezko tresnak ezartzea arrazaren erabilera jasangarria lortzeko.

  9. Liburu genealogikoa eramateko beharrezkoak diren lanak bereziki liburu genealogikoaren araudi espezifikoan jasotakoak gauzatzeko sistema ezartzen duen lan prozedura aurkeztea Arrazen Kontrol Teknikoko Batzordeari.

    Aintzatetsitako erakundeen funtzioak zehaztu behar dira prozeduran, baita elkarteok osatzen dituzten hezleen elkarteek gauzatuko dituztenak ere.

  1. Liburu genealogikoak eramateko aintzatetsitako erakundeek agintaritza eskudunari prestatu eta aurkeztuko dizkiote kudeatzen duten liburu-genealogikoari dagokion arraza hobetzeko programak, onar ditzan. Errolda-egoera eta garapena eta produkzio ezaugarriak kontuan izanda, kontserbazio- edo hautapen-programak izan ahal izango dira. Arraza bakoitza hobetzeko programa kudeatzen duen batzordeak prestatu eta kudeatuko ditu programa horiek. Batzordeok 15.d) artikulu-zatian daude ezarrita.

  2. Galzorian dauden arraza autoktono guztiek kontserbazio-programa eduki behar dute.

  3. Hobekuntza-programek honako eduki hau izan behar dute gutxienez:

    1. Hasierako egoeraren deskripzioa.

    2. Hautapen- edo kontserbazio-helburuak eta -irizpideak.

    3. Hobekuntza-programaren etapak eta kronologia.

    4. Esne-etekinen kontrola, apirilaren 8ko 382/2005 Errege Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoa aintzat hartuta (382/2005 Errege Dekretuaren bidez, behi-, ardi- eta ahuntz-espezieen ebaluazio genetikorako esne-etekinen kontrol ofiziala arautzen da).

    5. Haragi-etekina kontrolatzea eta ekidoak hautatzea, 2198/2008 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

    6. Odolkidetasuna, deriba genetikoa, aldagarritasun genetikoaren galera, populazioaren galera edo produkzio-ezaugarrien galera saihesteko jarduketak.

    7. Hobekuntza genetikoa hedatzeko eta arraza modu jasangarrian erabiltzeko aurreikuspena eta mekanismoak.

    8. Ustiategi kolaboratzaileen lankidetza- eta integrazio-moduak eta honako hauen parte hartzea: ugalketa-zentroak, biltegiak, testatze-zentroak, germoplasma-bankuak edo enbrioiak jasotzeko eta ekoizteko ekipoak; horiek programan parte hartuko dutela aurreikusten baita.

      Kontserbazio-programen kasuan, parte hartzea derrigorrezkoa izango da elkartekide diren abeltzain guztientzat eta liburu genealogikoan integratutako animalia guztientzat.

    9. Animalia genetikako zentro espezializatuak abalatu behar du hobekuntza-programa.

  4. Gutxieneko eduki horiek garatzeko, edo berorien osagarri, honako jarduera hauek gauzatu daitezke:

    1. Ugaltzaileen balorazioa, bai arbasoak, ondorengoak eta zehar-ahaideak aztertuta, bai animaliaren ezaugarrien balorazioa eginda eta etekinak kontrolatuta.

    2. Ebaluazio genetikoa, informazio genealogikoan eta fonotipikoan oinarrituta. Emaitzak balio genetikoetan adieraziko dira, bai dokumentazio genealogikoan, bai arraza hobetzeko hazitarako animalien eta emeen katalogoetan, betiere hautapen-helburuak kontuan izanda. Ebaluazioaren emaitzak argitaratzean, fidagarritasunaren gaineko datuak eta ebaluazio-data agertuko dira.

      Ebaluazio genetiko hori helburu bakoitzerako adierazle sintetiko espezifikoen kalkuluarekin osa daiteke.

      Animalien ebaluazio genetikoan aplikatutako estatistika-metodoak eta ebaluazio genetikoaren zorroztasuna Europar Batasunaren araudiari eta Abereen Etekinak Egiaztatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICAR) ezarritako printzipioei egokitu behar zaizkie.

Arrazaren liburu genealogikoa eramateko aintzatetsitako erakunde bakoitzak arrazaren hobekuntza hedatzeko programa bat prestatu eta aurkeztuko du, agintaritza eskudunak onar dezan. Programan jasoko da zer datu dagoen eskuragarri, zein diren aurreikusitako jarduketak eta zeinek daukan honako alderdi hauek gauzatzeko erantzukizuna:

  1. Ustiategietarako aholkularitza teknikoa.

  2. Abeltzainen prestakuntza.

  3. Arraza, haren produktuak eta erabilerak hedatzeko argitalpenak eta programak.

  4. Ondorengotza-probetarako semen-dosiak banatzeko programak, edo, hala badagokio, estaltze naturalerako edo ugaltzaileak lagatzeko programak.

  5. Abere bikainen lehiaketak: arraza-lehiaketa, arraza-enkantea, arrazakoen edo mistoen erakusketa, 2. artikuluan definitzen diren bezala.

  6. Aintzatetsitako erakundeek, azaroaren 15a baino lehen, hurrengo urtean egin beharreko kasuan kasuko arraza-lehiaketen egutegi-proposamena aurkeztu beharko dute.

  7. Ugaltzaile hautatuak eta material genetikoa antolatu eta saltzea.

  8. Sustapen-planak.

  1. Arraza bakoitzaren kontrol teknikoa Arrazen Kontrol Teknikorako Batzordearen bidez gauzatuko da. Batzordeak kide hauek izango ditu:

    1. Albaitari funtzionario bat, Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloko eskumenak dituen zuzendaritzaren izenean; batzordeko lehendakaria izango da.

    2. Albaitari funtzionario bat, foru-aldundi bakoitzean animalia produkzioaren alorreko eskumena duen foru-organoaren izenean.

    3. Erroldaren zati bat EAEtik kanpo duten arrazen inguruko gaiak aztertzen badira, baina gai horien kudeaketaren kontrola autonomia-erkidego honi badagokio, eta, 2129/2008 Errege Dekretuan ezarri bezala, gai horiek Arrazen Kontrol Teknikorako Batzordearen bidez kudeatzen badira, arraza hori duen autonomia-erkidego bakoitzeko ordezkari batek parte hartu ahal izango du batzordean.

  2. Batzordea gutxienez sei hilean behin bilduko da.

  3. Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloko eskumena duten organoen eta foru-aldundien baterako erabakiaren bidez, Abere Arrazen Koordinazio Batzordeak bete ahal izango ditu batzorde honen funtzioak.

  4. Arraza batzuen errolda-banaketa Euskal Autonomia Erkidegoz gaindikoa baldin bada, eta, halako arrazen liburu genealogikoen kudeaketaren kontrola 2129/2008 Errege Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoari badagokio, Arrazen Kontrol Teknikorako Batzordearen kontrol-funtzioak «arraza-ikuskatzaile» baten bidez egin daitezke (errege dekretu horretan bertan dago definituta ikuskatzaile hori). Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-eskumena duen zuzendariak izendatuko du ikuskatzaile hori, Arrazen Kontrol Teknikorako Batzordeak berak proposatuta.

  1. Hona hemen Batzordearen egitekoak:

    1. Arraza bakoitzarentzat ezarritako arauen aplikazioaren kontrol teknikoa egitea, behar bezala aplikatzen diren egiaztatuta eta liburu genealogikoaren irizpideak, etekinen kontrola eta hobekuntza betetzen direla egiaztatzea.

    2. Abere hautatuen lehiaketetara aurkeztutako animalien betekizun zootekniko eta genealogikoak betetzen diren ikuskatzea.

    3. Arrazaren eta liburu genealogikoa eramateko aintzatetsitako erakundearen egoeraren berri ematea. Liburu genealogikoen kudeaketari eta aztertu behar diren hobekuntza-programei buruzko jarduketak proposatzea.

    4. Diru-laguntza publikoak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzen eta diruz lagundutako jarduketak justifikatzen laguntzea.

    5. Liburu genealogikoak kudeatu eta eramateko lan prozedura onartzea.

    6. Arraza bakoitza hobetzeko programa kudeatzeko batzordean Batzordearen beraren izenean parte hartuko duten pertsonak izendatzea.

    7. Egoki baderitzo, batzordearen izenean bertatik bertara kontrol-jarduerak egin behar dituen pertsona izendatzea. Pertsona hori albaitaritzan lizentziaduna izango da, eta batzordea eratzen duten administrazioetako edozeinetan lanpostu tekniko batean lan egin behar du.

    8. Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloko eskumena duen zuzendariari arraza-ikuskatzaile arituko den pertsona proposatzea; Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ere hedatuta dauden arrazen kontrolaren arduraduna izango da.

    9. Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloko eskumena duen zuzendariari arraza baten liburu genealogikoa kudeatuko duen organoaren osaera proposatzea, liburua eramateko aintzatetsitako erakunderik ez badago.

    10. Liburua eramateko aintzatetsitako erakunderik ez duten arrazen liburu genealogikoa kudeatuko duen organoaren lan-prozedura onartzea.

  2. Batzordeak, kontrol jarduera egiteko, foru-aldundietako kasuan kasuko organoek egindako txostenak baliatu ahal izango ditu, hau da, liburu genealogikoa eramateko aintzatetsitako erakundean integratutako lurralde-elkarteei egindako kontrolei buruzko txostenak.

  1. Abeltzaintza-arloko eskumena duen sailak, behin Arrazen Kontrol Teknikorako Batzordearen txostena jasota, amaitutzat joko du liburu genealogikoa eramateko sustapen-elkarte bati emandako aintzatespena, baldin eta egoera hauetakoren bat gutxienez gertatzen bada.

    1. Elkarteak aintzatespenerako dekretu honen 14. artikuluan agertutako baldintzak betetzeari uzten badio.

    2. Elkarteak behin eta berriz bete barik uzten baditu 15. artikuluan ezarritako betebeharrak.

  2. Baldin eta, aurreko puntuan adierazitakoaren ondorioz, abere-arraza autoktono batek ez badu liburu genealogikoa eramateko aintzatetsitako erakunderik, lan hori kudeaketa-organo baten bidez egingo da. Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloko eskumena duen zuzendariak izendatuko du organo hori, Arrazen Kontrol Teknikorako Batzordeak proposatuta.

Dekretu hau argitaratu baino lehen liburu genealogikoa eramateko aintzatetsitako entitateek 6 hilabete izango dituzte, dekretua indarrean jartzen denetik aurrera, liburu genealogikoaren berariazko araudia egokitzeko, liburu genealogikoa kudeatzeko lan-prozedura aurkezteko eta arraza hobetu eta zabaltzeko programak aurkezteko.

Martxoaren 4ko 31/2014 Dekretua, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzekoa eta animalia-arrazak sustatzeko entitateak arautzekoa.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Busturian, 2015eko ekainaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Betizua...................................................Arriskuan

Montxina................................................Egoera larrian

Behi Gorria.............................................Ez dago arriskuan

Terreña...................................................Arriskuan

ARDIAK

Karrantzakoa: Mutur Gorria..............Ez dago arriskuan

Mutur Beltza..............Arriskuan

Latxa: Mutur Gorria..............Ez dago arriskuan

Mutur Beltza..............Ez dago arriskuan

Sasi Ardia...............................................Arriskuan

AHUNTZAK

Azpigorria...............................................Egoera larrian

TXERRIAK

Euskal Txerria.........................................Egoera larrian

ZALDIAK

Euskal Herriko mendiko zaldia................Arriskuan

Pottoka....................................................Arriskuan

Enkarterriko astoa...................................Egoera larrian

HEGAZTIAK

Euskal Antzara.........................................Egoera larrian

Euskal Oiloa: Beltza..........................Egoera larrian

Gorria..........................Egoera larrian

Lepasoila.....................Egoera larrian

Marraduna...................Egoera larrian

Zilarra..........................Egoera larrian

ABERE-ARRAZA EZ DIRENAK

TXAKURRAK

Erbi Txakurra.............................................Egoera larrian

Euskal Artzain Txakurra: Gorbeiakoa.......Arriskuan

Iletsua...............Arriskuan

Enkarterriko Billanoa.................................Egoera larrian

Enkarterriko Billanukoa.............................Egoera larrian

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.