Euskadi.eus
  • 222/2015 DEKRETUA, abenduaren 1ekoa, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (TKNIKA) sortzen eta zentroko lanpostuen zerrenda onartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

222/2015 DEKRETUA, abenduaren 1ekoa, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (TKNIKA) sortzen eta zentroko lanpostuen zerrenda onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 234
  • Hurrenkera-zk.: 5201
  • Xedapen-zk.: 222
  • Xedapen-data: 2015/12/01
  • Argitaratze-data: 2015/12/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Lanbide Heziketako I. Euskal Plana garatzean, zenbait erakunde eratu ziren, Lanbide Heziketak Euskal Autonomia Erkidegoan duen presentzia sustatzen lagundu dutenak, hala nola Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua eta Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia; ekainaren 23ko 119/1998 Dekretuaren bidez sortu zen Institutua, eta apirilaren 3ko 62/2001 Dekretuaren bidez Agentzia.

Lanbide Heziketako II. Euskal Planean, hirugarren esparru estrategikoa, «Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan berrikuntza garatzea, etengabeko hobekuntzako prozesu modura» izenekoa, garatuz, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien (IKTB) nahiz teknologiaren kudeaketa eta berrikuntzaren esparruetan, lanbide-heziketa ematen duten zentroak eta enpresak lagunduko zituen lanbide-heziketarako berrikuntza-zentro bat sortzearen alde egin zen. Horrela, martxoaren 1eko 39/2005 Dekretuak Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa (TKNIKA) sortu zuen, eta Zentroko lanpostuen zerrenda onartu zuen.

Organismo horiek eta horiekin lotutako funtzioek babes handia jaso dute Europar Batasunak hezkuntza eta prestakuntzaren arloko lankidetzarako eremu estrategikoan (ET-2020) ezarritako orientazio eta jarraibideen eskutik, ezarritako funtzioen aldeko apustua mantenduz eta indartuz. Hala, aipatutako eremuari dagozkion helburu estrategikoetan hauek ikus daitezke: ikasleen etengabeko ikaskuntza eta mugikortasuna errealitate egitea; heziketaren eta prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea; ekitatea, gizarte-kohesioa eta herritartasun aktiboa sustatzea eta heziketaren eta prestakuntzaren maila guztietan sormena eta berrikuntza areagotzea, enpresa-grina barne.

Testuinguru horretan, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013ko Legearen garrantzia aipatu behar da, eguneratze-premia etengabea eta, sarritan, pertsonek izan ditzaketen gaitasunak areagotzeko premia dakarten teknologien eta ekoizpen-sistemen eboluzio azkarrari aurre egiteko, Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako Euskal Sistema baten ordenazioa eta erregulazioa sustatzen duena, hori gauzatzeko zentroetako eragileak eta sareak finkatuz, eta baita sistema hori sostengatzeko programa gakoak ezarriz ere. Besteak beste, Lanbide Heziketako Euskal Sistema Bateratua arautzen du, eta, haren barruan, eskaintza- eta orientazio-egitura bateratuari ez ezik, garrantzi berezia ematen dio berrikuntzari. Halaber, lanbide-heziketako zentro publiko bateratuek duten autonomia-araubidea ematen dio Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroari (TKNIKA) (bigarren xedapen gehigarria, 34. artikuluarekin lotuta).

Bestalde, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak helburu nagusi hauek ditu: Euskadiko pertsona guztien enplegagarritasuna hobetzea (emakumeena zein gizonena), Euskadiko ekoizpen-egiturak merkatu globalean duen lehiakortasuna eta gizartearen kohesioa hobetzea eta, horretarako, Lanbide Heziketako euskal sistema eraldatzea, epe motzean eta luzean erantzun egokitu eta arina emateko enpresen premiei eta pertsonen enplegagarritasun-eskakizun berriei.

Aipatutako erakundeen esperientzia ikusirik eta Europar Batasunak finkatutako estrategietatik eta Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean ezarritako ekintza-esparru estrategikotik ondorioztatzen diren helburu berriak ikusirik, komeni da erakundeen barne-egitura eta antolamendua sendotzea eta eraldatzea, lortutako emaitzak finkatu eta beste arlo batzuetan aurrera egin ahal izan dezaten ziurtatzeko. Horretarako, baina, ardura eta helburu berriak eta antolaketa-eredu ireki eta malguak izan behar dituzte, erronka berriei aurrerapenez, malgutasunez eta eraginkortasunez aurre egiteko, etengabeko berrikuntzaren eta bikaintasunaren bidez.

Dekretu honek Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (TKNIKA) sortzen du, eta zentroaren lanpostuen zerrenda onartzen du. Erakunde horrek ordeztu egiten du Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa (TKNIKA), zeina desagertu egingo baita. Hala ere, ez da ordezte edo izen-aldatze hutsa. Izan ere, zentro berriak eginkizun hauek izango ditu: lanbide-heziketari aplikatutako ikerketa- eta berrikuntza-ekintzak dinamizatzea, teknologia behatzea, ikasteko metodologia berriak garatzea, ikerketa eta berrikuntza aplikatua eta I+G+B proiektuen emaitzak transferitzea Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa ematen duten zentro guztiei.

Otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen eginkizun eta ekintza-esparruak zehazten ditu, IV. tituluko III. kapituluan.

Otsailaren 19ko 2/1993 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatekoez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzkoak, berriz, irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketa arautzen ditu, II. tituluko I. kapituluan, eta, zehazki, lanpostuen zerrendak arautzen ditu (haien oinarrizko printzipioak eta haiek prestatzeko bete beharreko prozedura).

Ildo horretatik, 5. artikuluak zerrenden gutxieneko edukia xedatzen du: «izena (...); irakaskuntzari laguntzeko zerbitzua (...); lanpostua betetzeko beharrezkoak diren baldintzak eta, horien artean, nahitaez, izendatutako hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-eguna; lanpostu bakoitzari zein talde, kidego edo maila edo lan-arloko kategoria dagokion; eta, funtzionarioentzat gordetako lanpostuak izanez gero, lanpostuari dagokion berariazko osagarria eta lanpostua betetzeko bidea».

2/1993 Legearen 4.l) artikuluak, berriz, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.h) artikuluarekin bat 6/1989 Legeak Eusko Jaurlaritzari egokitzen dio lanpostu-zerrendak onartzeko eskumena, hezkuntza-gaien eskumena duen sailari egokitzen dio irakasleen lanpostu-zerrendak proposatzeko aginpidea.

Lanpostuen zerrenda hau eratzeko, otsailaren 13ko 25/2001 Dekretuaren bidez ezarritako irizpideei jarraitu zaie. Dekretu horren bidez, Irakaskuntzaren Ikerketa eta Laguntzarako Zerbitzuetako lanpostuetako hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-daten izendapenari dagokion erregimen espezifikoa ezartzen da: ISEI, Berritzeguneak eta IIHII.

Harekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin eta gainerako kontsulta-organo interesdunekin bat, Gobernu Kontseiluak 2015eko abenduaren 1ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (TKNIKA) sortzen da, eta organo tekniko horren ardura izango da ikerketa eta berrikuntza aplikatua egitea eta I+G+B proiektuen emaitzak transferitzea Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa ematen duten zentro guztiei.

  2. Ikertzeko, berritzeko eta irakaskuntzari eta hainbat erakunde eta enpresari laguntzeko zerbitzu bat izango da zentroa, eta, alde organikotik, hezkuntza-gaien eskumena duen sailaren barruan lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzara atxikita egongo da; hau da, alde organiko eta funtzionaletik, haren mendean beteko ditu dekretu honek zehazten dituen eginkizunak.

Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren (TKNIKA) lanpostuen zerrenda onartu egiten da, eta horietan jarduteko eskatzen diren betekizunak adierazten dira. Dekretu honen I. eranskina.

  1. TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren xedeak hauek dira:

    1. Lanbide-heziketaren eta berrikuntza aplikatuaren esparruan ikertzea, eta lanbide-heziketa ematen duten zentroen harremana bultzatzea enpresekin, teknologia-zentroekin eta unibertsitateko eta unibertsitateaz kanpoko ikerketa-sailekin.

    2. Lanbide-heziketa ematen duten zentroetako irakasleei prestakuntza ematea, produkzio-sektoreetan sortuz doazen teknologia desberdinen arloan.

    3. Ikaskuntza-prozesuak hobetuko dituzten inguruneetan aurrera egitea, lanbide-heziketaren nazioartekotzea bultzatuta eta lanbide-heziketan etengabeko hobekuntza garatuta.

    4. Ikasleen artean ekintzailetza sustatzea, lanbide-heziketa ematen duten zentroen bitartez.

  2. Horretarako, TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroak eginkizun hauek burutuko ditu:

    1. Berrikuntza teknologikoaren prozesuak bultzatzea Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketan, lanbide-heziketa lehiakorragoa eta dinamikoagoa izan dadin.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa ematen duten zentroekin lankidetzan aritzea informazioaren gizartea eta IKTak garatzeko arloan, mundu osoarekin konexio-loturak sortzeko, herrialde aurreratuenekin ikaskuntza kooperatiboko harremanak partekatuta.

    3. Metodologia-eredu berriekin prestakuntza-proiektuak garatzea, datozen beharrei aurrea hartuta.

    4. Prestakuntza kudeatzea teknologia-, metodologia- eta kudeaketa-berrikuntzarekin lotutako gaietan.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa ematen duten zentroetan kudeaketaren arloko berrikuntza-prozesuak bultzatzea, egitura malguago, dinamikoago eta parte-hartzaileagoak sortzeko, honako hauetan oinarrituta: lankidetza, pertsonenganako konfiantza, autonomia eta lantaldeak kudeatzeko gaitasuna.

    6. Berrikuntza aplikatuko proiektuak bultzatu eta koordinatzea lanbide-heziketa ematen duten zentroen eta enpresa txiki eta ertainen artean, produkzio-prozesuak eta produktuak hobetzeko.

    7. Lanbide-heziketari buruzko hiru dimentsioko ingurune birtualak bultzatzea.

    8. Lanbide-heziketa ematen duten zentroek garatzen dituzten enpresak sortzeko proiektuak koordinatzea eta tartean dauden beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea.

    9. Teknologia-berrikuntzari buruzko prestakuntza eskaini eta ematea eta produkzioari eta zerbitzuei aplikatutako teknologia berrien gaineko prestakuntza ematea lanbide-heziketako irakasleei, Euskal Autonomia Erkidegoko, estatuko eta nazioarteko zentroetan.

    10. Hainbat proiekturi heltzea Euskal Autonomia Erkidegoko, estatuko eta nazioarteko esparruetan.

    11. Lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agintzen dizkion eginkizunak betetzea.

  1. Plan estrategikoa urte anitzekoa izango da eta, gutxienez, alderdi hauek barneratuko ditu:

    1. Planak irauten duen bitartean zentroak bere eginkizunak betetzeko finkatzen diren helburuak.

    2. Helburu bakoitzari dagokion eginkizuna.

    3. Planifikatutako helburuak lortzeko ekintzak.

    4. Helburuak betetzeko kronograma.

    5. Betetze-mailaren adierazleak.

  2. Urteko plana, ekitaldi ekonomiko bakoitzerako, plan estrategikoaren betearazpena garatzeko dokumentua da.

  3. Plan estrategikoa eta urteko plana lanbide-heziketan eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularrak onartuko ditu.

Bere eginkizunak betetzeko, zuzendari exekutibo bat eta arloko zuzendariak izango ditu TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroak. Honako jardute-arlo hauek osatuko dute zentroaren egitura:

  1. Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloa.

  2. Etengabeko Hobekuntza Arloa.

  3. Ikaskuntza Metodo eta Prozesuen Ikerketa Arloa.

  4. Ekintzailetza eta Aldaketaren Kudeaketa Arloa.

  5. Lanbide Heziketaren eremuko Nazioartekotze Arloa.

  1. Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloari honako hauek dagozkio:

    1. Lanbide-heziketako lanbide-arloetan teknologia berriak ezartzea bultzatzea.

    2. Lanbide-heziketa ematen duten zentroetan garatutako berrikuntza-nodoak koordinatzea.

    3. I+Gko enpresen eta teknologia-zentroen laguntza eta lankidetza bilatzea.

    4. Teknologia aurreratuko proiektuak garatu eta ezartzea produkzio- eta zerbitzu-arloetan.

  2. Hauek dira Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloko zuzendariaren eginkizunak:

    1. Harremana izatea teknologia-zentroekin, unibertsitateko ikerketa-sailekin eta teknologikoki aurreratuen dauden enpresekin, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarentzat garrantzitsuenak diren sektoreetan.

    2. Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuen Sareko zentroetan teknologia-berrikuntza bultzatuko duten planak definitzea, ezartzea eta plan horien jarraipena egitea.

    3. Arloko teknologia-proiektuen dinamizatzaileak koordinatzea, sustatzea, lan-prozesuak ezartzea eta jarduerak programatzea.

    4. Dinamizatzaileen eta laguntzaileen ekintzak koordinatzea, aholkularitzarekin, zabalkundearekin edota arloan zehazten diren beste batzuekin lotuta.

    5. Bere eskumeneko baliabide eta guneak kudeatzea.

    6. Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

    7. Arloko proiektu berritzaileetan dinamizatzaile-lana egingo dutenei prestakuntza eta aholkularitza ematea.

    8. Arloko urteko plana gauzatzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea, bere jarduketa-eremuan; hainbat erakunderen egoeraren inguruko txostenak egitea; eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenari atxikitako prozesuen garapenari buruzko txosten orokorra lantzea.

    9. Arloko eginkizun eta eskumenen esparruan zehazten diren ekintzak egitea.

  1. Etengabeko Hobekuntza Arloari honako hauek dagozkio:

    1. Kudeaketari buruzko berrikuntza-prozesuak bultzatzea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuen Sareko zentroetan.

    2. EFQM «European Foundation for Quality Management» kudeaketarako bikaintasun-eredua behin betiko ezartzeko laguntza eskaintzea lanbide-heziketa ematen duten zentroei.

    3. Lanbide-heziketa ematen duten zentroekin lankidetzan aritzea, kudeaketa-eredu berriak garatzeko eta ezartzeko, honako hauetan oinarrituta: lankidetza, pertsonenganako konfiantza, autonomia eta lantaldeak autokudeatzeko gaitasuna.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoan kudeaketaren alorrean berritzaileenak diren enpresen laguntza eta lankidetza bilatzea.

  2. Eginkizun hauek izango ditu Etengabeko Hobekuntza Arloko zuzendariak:

    1. Kudeaketa-eredu berritzaileen diseinua, ezarpena eta garapena bultzatzea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuen Sareko zentroetan.

    2. Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuen Sareko zentroei prestakuntza, aholkularitza eta laguntza ematea pertsonak, baliabideak eta prozesuak kudeatzeko ereduak ezartzeko, Lanbide Heziketako Euskal Plana garatze aldera.

    3. Harremana izatea Euskal Autonomia Erkidegoan kudeaketaren alorrean aurreratuen dauden enpresekin.

    4. Jarduerak programatzea, lan-prozesuak ezartzea eta bere kargura dauden dinamizatzaileen eta laguntzaileen jarduerak koordinatu, neurtu eta gainbegiratzea.

    5. Zentroko dinamizatzaileen eta laguntzaileen ekintzak koordinatzea, aholkularitzarekin, zabalkundearekin edota arloan zehazten diren beste batzuekin lotuta.

    6. Bere eskumeneko baliabide eta guneak kudeatzea.

    7. Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

    8. Prestakuntza eta aholkularitza ematea bere arloko eta, oro har, zentroko pertsonei, kalitatearen kudeaketarekin lotutako prozeduretan.

    9. Arloko urteko plana gauzatzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea, bere jarduketa-eremuan; hainbat erakunderen egoeraren inguruko txostenak egitea kalitatearen kudeaketarekin lotuta; eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenari atxikitako prozesuen garapenari buruzko txosten orokorra lantzea.

    10. Arloko eginkizun eta eskumenen esparruan zehazten diren ekintzak egitea.

  1. Ikaskuntza Metodo eta Prozesuen Ikerketa Arloari honako hauek dagozkio:

    1. Zentroko arlo desberdinen prestakuntza-proiektuak garatzea, datozen beharrei aurrea hartuta.

    2. Ikaskuntza-esparruen aukerei buruz ikertu, diseinatu eta esperimentatzea, lanbide-heziketari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Horretarako erabiliko diren formuletan, alderdi hauek integratuko dira: kudeaketa eta antolaketa, baliabideak, metodologiak eta lanbide-konpetentziak garatzeko tresnak (konpetentzia espezifikoak, pertsonalak, sozialak eta digitalak).

    3. Zentroko gainerako arloekin lankidetzan aritzea, prestakuntza-planak eta dagokion dokumentazioa lantzeko.

    4. Prestakuntza-arloan eskudun diren erakunde ofizialen laguntza eta lankidetza bilatzea.

    5. Esperimentazioaren emaitzak transferitzeko planak diseinatu eta bultzatzea, ikasleen ikaskuntza-prozesuetan parte hartzen duten estamentu desberdinak kontuan hartuta.

  2. Hauek dira Ikaskuntza Metodo eta Prozesuen Ikerketa Arloko zuzendariaren eginkizunak:

    1. Metodologia-eredu berritzaileen diseinua, ezarpena eta garapena bultzatzea lanbide-heziketa ematen duten zentroetan.

    2. Prestakuntzaren esparruan garrantzitsuak diren enpresa eta erakundeekiko lankidetza eta harremana bultzatzea.

    3. Zentroko eta arlo desberdinetako dinamizatzaileen prestakuntza kudeatu eta koordinatzea.

    4. Bere koordinazio-esparruan agintzen zaizkion txostenak eta azterlanak egitea.

    5. Jarduerak programatzea, dinamizatzaileen eta laguntzaileen lan-prozesuak ezartzea, eta bere kargura dauden langileen jarduerak koordinatu, neurtu eta gainbegiratzea.

    6. Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

    7. Arloko urteko plana gauzatzeari buruzko nahitaezko txostenak eta zentroko zuzendaritzatik eskatzen zaizkion gainerako txostenak egitea, eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenari atxikitako prozesuen garapenari buruzko txosten orokorra lantzea.

    8. Arloko eginkizun eta eskumenen esparruan zehazten diren ekintzak egitea.

  1. Ekintzailetza eta Aldaketaren Kudeaketa Arloari honako hauek dagozkio:

    1. Kultura ekintzailearen sustapena handitzea, eta, zeharka, lanbide-modulu guztietara zabaltzea, bai eta irakasleengana ere. Hori oso lotuta egongo da ikasteko metodologia aktiboak zabaltzearekin eta horiek garatzeko esparru berriak diseinatzearekin.

    2. Hezkuntza ekintzailearen programa bat garatzea, irakasle guztiei zuzendua, espezialitatea edozein izanik ere. Bermatu egin beharko da irakasleak ekintzailetzaren eta jarduera ekonomikoaren oinarrizko kontzeptuak ezagutzea eta bere lanbide-jardunari aplikatu ahal izatea.

    3. Kultura ekintzailea sustatze aldera hezkuntza-etapa desberdinetan dauden irizpideak eta ekimenak integratzea bultzatzea.

    4. Zentro ekintzaile baten eredua izateko aukerei buruz ikertu, diseinatu eta esperimentatzea, lanbide-heziketa ematen duen zentro batean jarduera ekintzaileak bultzatuko dituzten estrategiak, politikak eta araudiak ezartzeko.

    5. Mundu mailan, «best practices» deritzenekin lotutako erreferentziak identifikatu, aztertu eta egokitzea, honako hauei buruz: hezkuntza-erakunde baten «jarrera ekintzailea» eta irakasleen prestakuntza ekintzailea (hasierakoa eta etengabea) bultzatuko dituzten estrategiak, politikak eta araudiak.

    6. Enpresa-proiektuetarako aholkularitza indartzea, ekintzaileei arreta emateko metodologian berrituz eta hazteko aukera handiagoak dituzten enpresa-proiektuak bilatuz (negozio-eredu berriak, sektore berriak, eta abar).

    7. Esperimentazioaren emaitzak transferitzeko planak diseinatu eta bultzatzea, ikasleen ikaskuntza-prozesuetan parte hartzen duten estamentu desberdinak kontuan hartuta.

    8. Zentroko gainerako arloekin lankidetzan aritzea, prestakuntza-planak eta dagokion dokumentazioa lantzeko.

    9. Lanbide-heziketa ematen duten zentroek garatzen dituzten enpresak sortzeko proiektuak koordinatzea eta tartean dauden beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea.

  2. Hauek dira Ekintzailetza eta Aldaketaren Kudeaketa Arloko zuzendariaren eginkizunak:

    1. Lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordetzari laguntzea enpresen sorrera eta kultura ekintzailea sustatzeko esparruan zabalduko diren estrategietan.

    2. Honako hauekiko harreman-sarea sortzeko prozesuan parte hartzea: ekintzailetzaren eta kultura ekintzailearen esparruan adituak diren enpresak eta pertsonak, unibertsitateak, ikertzaileak, zentroak eta erakundeak, toki-mailan zein nazioartean.

    3. TKNIKAn garatutako proiektuak planifikatu, dinamizatu, gauzatu eta ebaluatzea, lanbide-heziketa ematen duten zentroekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan, ekintzailetzaren eta kultura ekintzailearen esparruan.

    4. Proiektu-taldeen buru izatea, eta talde horietako kideak koordinatu eta gidatzea, arlo hauei dagokienez: helburuak, ikerketa eta, batez ere, beste erakunde batzuekiko lankidetza, ekintzailetzaren eta kultura ekintzailearen esparruan.

    5. Ekintzailetza-eredu berritzaileen diseinua, ezarpena eta garapena bultzatzea lanbide-heziketa ematen duten zentroetan.

    6. Arloko eginkizun eta eskumenen esparruan zehazten diren ekintzak garatzea.

    7. Zentroko eta arlo desberdinetako langileen ekintzailetza-prestakuntza kudeatu eta koordinatzea.

    8. Bere koordinazio-esparruan agintzen zaizkion txostenak eta azterlanak egitea.

    9. Jarduerak programatzea, lan-prozesuak ezartzea eta bere kargura dauden dinamizatzaileen jarduerak koordinatu, neurtu eta gainbegiratzea.

    10. Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

    11. Arloko urteko plana gauzatzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea, bere jarduketa-eremuan; hainbat erakunderen egoeraren inguruko txostenak egitea; eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenari atxikitako prozesuen garapenari buruzko txosten orokorra lantzea.

    12. Arloko eginkizun eta eskumenen esparruan zehazten diren ekintzak egitea.

  1. Lanbide Heziketaren eremuko Nazioartekotze Arloari honako hauek dagozkio:

    1. Jarduera guztiei nazioarteko osagaia gehitzea bermatuko duen nazioartekotze-estrategia garatzea: ikerketa, zaintza, proiektuen garapena eta transferentzia eta komunikazioa.

    2. Lanbide-heziketa ematen duten zentroetan, nazioartekotze-estrategiak garatzera zuzendutako ekimenak bultzatu eta babestea eta, beste eragile batzuekin batera (enpresa- eta gizarte-eragileak), Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sistema nazioartekotzen laguntzea.

    3. Nazioarteko proiektuetan parte hartzea, enpresekin, bitarteko eragileekin eta beste erakunde batzuekin batera.

    4. Konpetentzia-prestakuntza ematea nazioarteko proiektuak garatzeko lanean ari diren edo horretarako interesa duten pertsonei, TKNIKAn zein lanbide-heziketa ematen duten zentroetan.

    5. «TknikaINNOVA» berrikuntza kudeatzeko eredua transferitzea beste herrialde batzuetara eta estatuko beste autonomia-erkidego batzuetara.

    6. Enpresa txiki eta ertainei laguntza-zerbitzuak ematea nazioartekotze-prozesuan, TKNIKAk eta lanbide-heziketa ematen duten zentroek balioa erants dezaketen esparruetan.

    7. Nazioarteko esparruan, lankidetza areagotzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Deustuko Unibertsitatearekin.

    8. Parte-hartze aktiboa izatea nazioartekotzearekin lotutako biltzar eta konferentzietan.

  2. Hauek dira Lanbide Heziketaren eremuko Nazioartekotze Arloko zuzendariaren eginkizunak:

    1. Nazioartekotze-estrategien diseinua, ezarpena eta garapena bultzatzea, jarduera berritzaile guztietara nazioarteko osagaia gehitzeko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuen Sareko zentroetan.

    2. Prestakuntza, aholkularitza eta laguntza ematea nazioarteko proiektuak garatzeko lanean ari diren edo horretarako interesa duten pertsonei, TKNIKAn zein Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuen Sarean.

    3. Harremana izatea Euskal Autonomia Erkidegoan nazioartekotzearen alorrean aurreratuen dauden enpresekin eta erakundeekin.

    4. Nazioarteko bazkideak identifikatzea, proiektu-aukera gisa, eta nazioarteko sareetako presentzia indartzea: TA3, «Transatlantic Technology and Training Alliance»; EFVET, «European Forum of Technical and Vocational Education and Training»; WFCP, «World Federation of Colleges and Politechnics»; horrez gain, ezarritako helburuak garatzeko interesgarriak izan daitezkeen nazioarteko sareak identifikatzen jarraitzea.

    5. Jarduerak programatzea, lan-prozesuak ezartzea eta bere kargura dauden dinamizatzaileen jarduerak koordinatu, neurtu eta gainbegiratzea.

    6. Zentroko dinamizatzaileen ekintzak koordinatzea, aholkularitzarekin, zabalkundearekin edota arloan zehazten diren beste batzuekin lotuta.

    7. Bere eskumeneko baliabide eta guneak kudeatzea.

    8. Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

    9. Prestakuntza eta aholkularitza ematea bere arloko eta, oro har, zentroko pertsonei, nazioartekotzearekin lotutako prozeduretan.

    10. Arloko urteko plana gauzatzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea; hainbat erakunderen egoeraren inguruko txostenak egitea nazioartekotzearekin lotuta; eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenari atxikitako prozesuen garapenari buruzko txosten orokorra lantzea.

    11. Arloko eginkizun eta eskumenen esparruan zehazten diren ekintzak egitea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren barruan lanbide-heziketan diharduen irakasleen kidegoko karrerako funtzionario bat izango da zentroko zuzendaria, eta eginkizun hauek izango ditu:

    1. Zentroaren antolaketa, funtzionamendua eta kontu betearazleak kudeatzea.

    2. Urteko gastu-aurrekontua proposatzea eta gastuak onartzea.

    3. Lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordetzari bidaltzea kudeaketa-kontuak, kontu horiek kontsolidatzeko eta aurrekontu-ekitaldiari dagozkion itxierako eta likidazioko kontabilitate-betekizunak modu zentralizatuan betetzeko, Ogasun eta Finantza Sailak urtero ezartzen dituen arauen arabera, aldizkakotasun honekin:

      Lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordetzari bidaltzea hasierako aurrekontua, onar dezan. Aurrekontu hori aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran bidali beharko dio, behar bezala beteta.

      Sei hilean behin eta, edonola ere, abenduaren 31ko dataz, kudeaketa-kontuak egitea, lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordeak onar ditzan.

      Honako hauen eskura izatea (aldizka informazioa bidaltzeko betebeharra alde batera utzi gabe) sarreren eta gastuen agiri-euskarri guztiak: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta, hala badagokio, Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

    4. Zentroko arlo bakoitzaren egitekoak gainbegiratzea eta koordinatzea.

    5. Zentroak eginiko jarduerei buruzko txostenak aurkeztea Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren aurrean eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean parte hartzen duten beste erakunde batzuen aurrean.

    6. Zentroaren urteko plana betetzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea.

    7. Zentroaren ordezkari nagusia izatea izaera bereko erakundeekiko harremanetan, Estatuan zein Europar Batasunean, metodologiak, proiektuak, esperientziak eta lan egiteko sistematikak konparatzeko, ezagutarazteko eta hobetzeko.

    8. Lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordetzak ikerketaren eta berrikuntza aplikatuaren alorrean esleitzen dizkion ekintzak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa garatzeko.

    9. Harremana izatea teknologikoki aurreratuen dauden enpresekin, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarentzat garrantzitsuenak diren sektoreetan.

    10. Lanbide heziketan eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularrak eskatutako gainerako ekintzak burutzea.

      13. artikuluan jasotakoaren arabera aukeratzen den pertsona izendatuko da zuzendari exekutibo.

  1. Hezkuntza arloan eskumena duen sailak, urtero eta bere aurrekontuaren barnean, zentroari esleitutako eginkizunak burutzeko beharrezkoa den zuzkidura ekonomikoa emango du.

  2. Zentroaren funtzionamendurako beharrezkoak diren kontratuei dagokienez, zuzendari exekutiboa izango da kontratazio-organoa, betiere kontratuak txikiak badira administrazio publikoetako kontratazioari buruzko araudiaren arabera. Era berean, zuzendari exekutiboak izango du dagokion gastua baimentzeko eskumena.

    Obra-kontratuei dagokienez, berriz, premiazko konponketa-, kontserbazio- eta mantentze-lan txikiak egiteko kontratuak izan beharko dute, dagokion profesionalak egindako proiektu teknikorik behar ez dutenak.

    Gainerako kontratuen kasuan, hezkuntza arloan eskumena duen saileko kontratazio-organoari dagokion eskaera luzatu beharko dio, hura baita dagokion kontratazio-espedientea ireki eta abiatzeko eskumena duena.

  3. Zuzendari exekutiboak ez du izango kudeaketa zentralizatuaren barruko zerbitzu eta hornigaiak kontratatzeko eskumenik.

  1. Ikertzeko eta irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuetako langileei buruzko araudiak arautuko ditu zentrora atxikitako irakasleak.

  2. Dekretu honen I. eranskineko lanpostuak betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da, eta hezkuntza-administrazioak deituko du lehiaketara, otsailaren 19ko 2/1993 Legeak 33. artikuluan ezartzen dituen baldintzetan.

  3. Karrerako irakasle funtzionarioak behin betiko atxikitzeko, haien lana ebaluatuko da. Hezkuntza-sistemaren barruan lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak izendatutako ebaluazio-batzorde batek egingo du lan hori, urtero, eta honako hauek izango dira batzordekideak:

    1. Lehendakaria lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordea izango da.

    2. Lehendakariordea lanbide-heziketaren eskumena duen zuzendaria izango da.

    3. Batzordekideak lanbide-heziketaren eskumena duen zuzendaritzako teknikariak izango dira.

    4. Idazkaria lanbide-heziketaren eskumena duen zuzendaritzako teknikari bat izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez.

  4. Balioespena baxua, ertaina, handia edo bikaina izango da, irizpide hauen arabera:

    1. Zentroaren urteko planean zerrendatutako helburuen betetze-maila.

    2. Irakasleen portaeraren eta zentroak zehazten dituen balioen arteko egokitasun-maila.

  5. Balioespena borondatezkoa izango da irakasleentzat, baina burutzen ez duten langileek ez dute behin-behineko atxikipena berrituko, eta ezingo dute behin betiko atxikipena lortu.

  6. Urteko balioespen guztiak aintzat hartuta «handia» eta «bikaina» arteko balioespena lortzen duten langileei behin-behineko atxikipena berritu eta behin betiko atxikipena onartuko zaie.

Zentroak erabilgarri izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ondareko zati izanik, hezkuntza-arloan eskumena duen sailera atxikita dauden eta hark zentroaren eskura jarritako ondasunak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

  1. TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Etengabeko Hobekuntza Arloa fusionatu egiten da, eta desagertutako Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziako Kalitate Arloaren eginkizunak hartzen ditu. Hori horrela, mantendu egiten dira ukitutako langileen harreman juridikoak, izaera juridikoa eta desagertutako erakundearekin zituzten baldintzak.

  2. Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa (TKNIKA) sortu eta bere lanpostuen zerrenda onartzen duen martxoaren 1eko 39/2005 Dekretuaren bidez argitaratutako lanpostuen zerrendako plazen eta egungotik eratorrien arteko baliokidetasuna II. eranskinean ezartzen da.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Hau da I. eranskinean agertzen diren lanpostuen berariazko osagarria:

    1. Zuzendari exekutiboa: 645,20 euro hilean.

    2. Arloko zuzendaria: 516,17 euro hilean.

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

      TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroak beharrezkoak dituen langile guztiak erabili ahal izango ditu lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak baimendutako proiektu jakinak gauzatzen eta dinamizatzen laguntzeko.

      LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

      Desagertutako Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroaren (TKNIKA) baliabide pertsonal eta materialak Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren (TKNIKA) baitan geratzen dira atxikirik, dekretu honen bigarren xedapen gehigarrian zehazten den moduan.

      BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

      Egungo lanposturen batek ez badu baliokiderik TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren lanpostuen zerrenda berrian, lanpostuak behin betiko betetzen zituzten langileak beren lanpostuetatik kenduko dira, eta, baldintza horietan, beren jatorrizko kidegoko lanpostuak betetzeko lehiaketetan parte hartuko dute, aplikatu beharreko araudiak xedatzen duen moduan. Zerbitzu-eginkizunetarako lanpostuei dagokienez, berriz, zerbitzu-eginkizuna amaitu egingo da.

Indargabetuta geratzen da 39/2005 Dekretua, martxoaren 1ekoa, zeinaren bidez Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa (TKNIKA) sortu eta bere lanpostuen zerrenda onartzen baita.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Indarreko legezko araudian Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroari (TKNIKA) egindako aipamenak, 3. artikuluan jasotzen diren funtzioekin lotura badute, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroari (TKNIKA) egindakotzat ulertuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 1ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)