Euskadi.eus
  • 38/2025 DEKRETUA, otsailaren 11koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

38/2025 DEKRETUA, otsailaren 11koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 33
  • Hurrenkera-zk.: 760
  • Xedapen-zk.: 38
  • Xedapen-data: 2025/02/11
  • Argitaratze-data: 2025/02/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu. Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan esaten da sailburuek, Jaurlaritzari buruzko Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, euren sailei dagozkien erregelamendu organikoen proiektuak aurkeztuko dizkiotela lehendakariari, 2024ko urriaren 31 baino lehen, onarpena eman diezaien. Proiektu horiek gobernu-programan sailei izendatutako jardun-arlo bakoitzerako aurreikusitako helburuetara eta printzipio gidarietara egokitu beharko dira.

Dekretu horren ondorioz eta ezarritako eskumen-eremuaren ondorioz Jaurlaritzaren jarduna bultzatzeko, beharrezkoa da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari antolamendu-egitura egokia ematea, esleitu zaizkion eginkizunak bete ditzan, hain zuzen ere dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako jarduera-arloak egokitzeko eginkizun horiek gauzatzeko gaitasuna duen egitura batera. Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako organo eta unitateek osatzen dute egitura hori, bai eta Zerbitzu Zuzendaritzaren eta Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren unitateek eta baliabide materialek eta giza baliabideek ere, zeinak dekretu honetan adierazitako jardun-arloetan garatzen baitituzte eginkizunak eta jardun-arlo horiei atxikita baitaude.

Erregelamendu honek antolamendu-irizpide hauek bete behar ditu: austeritatea, egiturak lautzea, eduki zabaleko arlo funtzionalak elkartzea, egiturazkoak ez diren arlo funtzionalak identifikatzea eta informazioaren teknologiak ahalik eta gehien aprobetxatzea.

Aurreikusitako egituraren bidez, kudeaketaren ardatza turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sustapenean jarri nahi da, haien sinergiak sustatu, eta kontsumo-arloarekiko erlazioa hobetu. Horretarako, arlo guztiak saileko goi-organoen mailan koordinatzea planteatzen da. Izan ere, koordinazio horrek aukera emango du zeharkako politikak formulatzeko, bi helburutara bideratuak: gizartearen eskariak asetzera kontsumitzaileen edo erabiltzaileen eskariak zein enpresa edo profesionalenak, eta erabilgarri dauden giza baliabideak eta baliabide materialak ahalik eta ondoen aprobetxatzera.

Dekretu hau bat dator Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoarekin. Artikulu horren arabera, EAEko botere publikoek modu aktiboan izango dute kontuan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko helburua, honako hauek prestatu eta aplikatzeko orduan: arauak, planak, programak, politika publikoak formulatzeko beste tresna batzuk, dirulaguntza-programak eta administrazio-egintzak.

Ondorioz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko otsailaren 11n egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen barruan, eta lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 18. artikulua garatze aldera (18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena):

  1. Turismoa.

  2. Merkataritza.

  3. Merkataritza-, industria- eta nabigazio-ganberak.

  4. Kontsumoa.

  5. Prezioen politika.

  6. Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

  7. Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

  1. Organo zentralak:

    Aurreko artikuluan adierazitako gaiei buruzko eskumenak baliatzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egitura orokor hau hartuko du:

    1. Sailburua.

    1. Turismo eta Merkataritza Sailburuordetza.

      1. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza.

      2. Merkataritza Zuzendaritza.

    2. Zerbitzu Zuzendaritza.

    3. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

  2. Organo periferikoak:

    Lurralde historiko bakoitzeko Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak. Funtzionario bat arituko da horietako bakoitzaren arduradun, hierarkikoki Zerbitzu Zuzendaritzaren mende, eta, funtzionalki, gaiari dagokion zuzendaritzaren mende.

  3. Sailari atxikitako sektore publikoko entitateak.

    Honako hauek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita geratzen dira:

  1. «Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutua» organismo autonomo administratiboa, ekainaren 29ko 9/2007 Legeaz sortua.

  2. «Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia SA» sozietate publikoa, uztailaren 26ko 159/2006 Dekretuaren bidez sortua.

  1. Kide anitzeko organoak:

    Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita daude, sorrera-arauetan aurreikusitakoaren arabera, kide anitzeko organo hauek:

  1. Merkataritzako Aholku Batzordea.

  2. Merkataritza Establezimendu Handien Batzordea.

  3. Euskadiko Prezioen Batzordea.

  4. Euskadiko Turismo Mahaia.

  5. Merkataritza Banaketaren Behatokia.

  1. Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari eskumen hauek betetzea dagokio: batetik, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan finkaturiko eskumenak baliatzea, eta, bestetik, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera sailari dagozkion egiteko eta jardun-arloetan indarrean dauden legeek esleitzen dizkiotenak, betiere saileko beste organoren bati esleitu ez bazaizkio (18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

  2. Saileko organo gorena denez, bere gain hartuko ditu saileko organo guztien eta bertako jarduera guztien ordezkaritza, zuzendaritza, koordinazioa eta kontrola.

  3. Sailburuari dagokio, halaber, honako eskudantzia hauek erabiltzea:

    1. Bere eskumenen esparruko helburu estrategikoak definitzea, gobernu-programan zehaztutako ildo estrategikoen eta programa-konpromisoen arabera.

    2. Helburu estrategikoak garatzean lortutako eragin soziala aztertzea, eta saileko jarduera-sektoreen helburuetan behar diren aldaketak edo garapenak zehaztea.

    3. Harremanak izatea kasuan kasuko arloan eskumenak dituzten Estatuko, autonomia-erkidegoetako, foru-aldundietako eta toki-entitateetako organoekin.

    4. Euskal erakundeen artean, eta erakunde horien eta turismoaren eta merkataritza-banaketaren sektoreko eragileen artean, koordinatutako politika bat garatzea.

    5. Saila ordezkatzea, Estatuaren Administrazioak turismo- eta merkataritza-arloan sustatutako organoetan edo batzordeetan.

    6. Izendapen libreko lanpostuak betetzea, aurretiaz deialdi publikoa eginda, baita behin-behineko langileak izendatzea ere.

    7. Saileko organoen artean eskudantziei buruz sortzen diren gatazkak ebaztea, eta beste sail eta organismo batzuekiko eskumen-arazoak planteatzea.

    8. Saileko organismo edo agintariek emandako ebazpenen aurka aurkeztutako errekurtsoak ebaztea, non eta beste organo baten eskumena ez diren.

    9. Sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko erreklamazioak ebaztea.

    10. Egintza deuseztagarriak kaltegarritzat jotzeko prozedurak hasi eta ebaztea, bai eta xedapen eta egintza deusezak ofizioz berrikustekoak ere; bi kasuetan, sailaren eremuan emandako egintzei dagokienez, non eta berariazko araudiak ez dizkion esleitzen beste organo bati.

  4. Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutua organismo autonomoa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita geratzen da, eta, hierarkikoki, sailburuaren mende egongo da.

  5. Sailburuak Zuzendaritza Kontseiluaren laguntza izango du, zeinaren egitekoa izango baita sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen laguntzea. Kontseilu horren parte izango dira saileko organo zentraletako titularrak, Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutua organismo autonomoko zuzendaritzako titularra eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia SAko titularra, bai eta saileko beste pertsona batzuk ere, baldin eta sailburuak, aztertu beharreko gaiak aintzat hartuta, bilerara joateko dei egiten badie.

1. ATALA

SAILBURUORDETZA

  1. Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari dagokio, zuzenean eta hierarkian sailburuaren mende, jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzea:

    1. Turismoa.

    2. Merkataritza.

  2. Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzari eskudantzia hauek dagozkio:

    1. Saila ordezkatzea, haren titularrak eskuordetuta.

    2. Bere jardun-arloari esleitutako kudeaketa-politikak definitzea, helburu estrategikoak garatzea eta, helburuei dagokienez, eragin soziala eta behar diren doikuntzak eta garapenak aztertzea.

    3. Sailburuordetzaren jarduerak nahiz zuzendaritzenak eta zuzendaritzen mendeko gainerako administrazio-organo eta -unitateenak zuzendu, koordinatu, bultzatu eta ikuskatzea.

    4. Sailburuordetzari dagokion jardun-eremuan, jardun-politikak prestatzea eta sailburuari horiek proposatzea eta laguntza teknikoa ematea.

    5. Europako eta nazioarteko antolakunde publiko nahiz pribatuekiko harremanak eta lankidetza sustatzea.

    6. Sailburuordetzaren antolamendu operatiboa proposatzea, zuzendaritzetan eta administrazio-unitateetan antolatuta, ezarrita dauden antolamendu-irizpideekin bat.

    7. Sailburuordetzako organo eta unitateei zuzendutako jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea, ondo funtziona dezaten.

    8. Sailburuordetzaren jarduna gainerako sailburuordetzekin koordinatzea, proiektu edo prozedura batean hainbat sailburuordetzak batera jardun behar dutenean, Jaurlaritzaren jarduketa politiko eta administratiboaren koherentziari eusteko, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzak koordinazio-ekintza orokorra betetzea.

    9. Azterlanak eta txostenak egitea, eta azterlan-txosten horiek aztertzea bere eskumenen esparruan.

    10. Sailburuordetzaren mendeko zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

    11. Akordioak edo hitzarmenak sinatzea enpresekin, entitateekin eta antolakundeekin, baldin eta ez bazaio eskumena eman beste organo bati.

    12. Zehatzeko ahalmena baliatzea bere eskumen-eremuan, eta arau-hauste oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzea.

    1. Bere jardun-arloaren barneko espedienteen gastua baimentzea, baimen hori beste organo baten eskumena ez bada.

    2. Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia SA sozietate publikoa babesteko egitekoak gauzatzea.

    3. Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganbarak babesteko ahalmena.

    4. Merkataritzako erakusketen eta azoken sustapena eta jarraipena.

    5. Sailaren ekimenez izenpetu beharreko arau-xedapenen edo hitzarmenen proiektuak aztertzea eta gainbegiratzea.

    6. Euskadiko Prezioen Batzordeak baimendu eta komunikatutako prezioak bideratzea.

    7. Bere gain hartzea, bere sailean eta bere eskumeneko esparruetan, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin.

    8. Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta bere eskumeneko esparruetan euskararen erabilera bultzatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, bat etorriz Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6an onartu zuen erabakiaren arabera, erabaki horren bidez onartzen baitira hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitate guztietan.

    9. Dirulaguntzak emateko espedienteak ebaztea, izapideak eta kudeaketa hierarkikoki mendekoa den organo edo entitate batek egiten dituenean.

    10. Ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, orokorrean, sailburuordeei esleitzen zaizkien egiteko komunak.

    11. Dagokion jardun-arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan zehaztutako dirulaguntza izendunak ematea.

  3. Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren mende daude, hierarkikoki, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza eta Merkataritza Zuzendaritza.

    2. ATALA

    ZUZENDARITZAK

Saileko zuzendariei dagokie, zuzenean eta hierarkian sailburuordearen mende, edo, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren eta Zerbitzu Zuzendaritzaren kasuan, sailburuaren mende, honako eskudantzia orokor hauek baliatzea:

  1. Beren jardun-arloetan, kudeaketa publikoko politikak garatzea, eta egin beharreko planak eta programak zehaztea, kudeatzea eta zuzentzea.

  2. Bere jardun-arloari dagozkion helburuak zabaltzea, horretarako jarduerak eta erantzukizunak esleitzea, eta kudeaketan behar diren zuzenketak egitea.

  3. Nork bere jardun-arloaren antolamendu operatiboa proposatzea, eta barruko lan sistemak zehaztea.

  4. Nork bere jardun-arloko jarduerak programatu, sustatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

  5. Nork bere jardun-arloko jarduketak koordinatzea eta kudeatzea gainerako arloak tartean daudenean, prozeduraren batean batek baino gehiagok parte hartu behar dutenean.

  6. Nork bere jardun-arloko arauak garatzeko proposamenak egitea.

  7. Goragoko organoei proposamenak egitea, beren eskumeneko gaietan.

  8. Esleituak dituzten egitekoak gauzatzeko beharrezkoak diren administrazio-egintzak ematea.

  9. Beren eskumen-eremuan, zehatzeko ahalmena baliatzea, eta arau-hauste arinen eta astunen ondoriozko zehapenak ezartzea.

  10. Errekurtsoak ebaztea, indarreko legerian aurreikusitako kasuetan.

  11. Zuzendaritzaren arlo funtzionaletako irizpenak, txostenak eta azterlanak prestatzea.

  12. Informazio publikoa eskuratzeko eskubideari buruzko eskaerak ebaztea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planeko helburuak definitzea beren arloan, eta helburu horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatu eta ebaluatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken kudeaketa integratua eginez, beren zuzendaritzako zerbitzuburuekin lankidetzan; hori guztia Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearekin elkarlanean.

  2. Zerbitzu Zuzendaritzaren zuzendaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan, bere eremuan indarrean dagoen Hizkuntza Normalizaziorako Planaren helburuak zehaztea, eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, euskararen kudeaketa integratuaren bidez, zuzendaritzako arduradunekin lankidetzan.

  3. Ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, orokorrean, Jaurlaritzako zuzendariei esleitzen zaizkien egiteko komunak.

  1. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren mende, honako egiteko hauek betetzea:

    1. Turismoaren arloko arauak garatzeko proiektuak sustatzea, koordinatzea eta kudeatzea.

    2. Turismoaren erregulazioa eta araudia eguneratzea, sektoreko eragileekin eta administrazio publikoekin lankidetzan.

    3. Baliabide turistikoen antolamendua kudeatzea, turismoaren lurralde plan sektoriala bultzatuz, EAEko lurralde-garapen turistikoaren eredua eta kudeaketa turistiko jasangarria definitzeko.

    4. Turismoa antolatzeko prozedurak betetzea, turismo-arloko araudia betetzen dela ikuskatzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko lanak zuzenduz.

    5. Laguntza sektorialak planifikatzea, kudeatzea eta ikuskatzea.

    6. EAEko ostalaritza-plana egitea eta garatzea.

    7. Ostalaritza sustatu, bultzatu eta indartzea, eta horretarako gastronomia baliabide turistiko gisa erabiltzea, arlo horretan eskumena duen sailarekin modu koordinatuan lan eginda, sektoreari laguntzeko, batez ere Ostatu, jatetxe eta catering (Horeca) kanalari.

    8. Turismo Jasangarriaren 2030erako Euskal Estrategia berria prestatu, garatu eta koordinatzea, eta Euskal Turismoaren Plan Estrategikoa ezartzea, sektoreko eragileekin eta administrazio publikoekin lankidetzan. Estrategia eta plan horien jarraipena egiteko, zenbateraino bete diren jakiteko eta gizarteari kontuak eman ahal izateko adierazleak ezartzea.

    9. Genero-berdintasuna sustatzea sektorean.

    10. Enpresa eta helmuga turistikoetan kalitate ziurtatuaren garapena eta turismo-jardunbide egokien sistema bultzatzea, sektoreko enpresekin lankidetzan. EAEko irisgarritasun eta jasangarritasun turistikoaren ereduak kudeatzea.

    11. Azpisektoreetan zein jarduera-arloetan, enpresen arteko lankidetza sustatzea, EAEko sektore turistikoaren dimentsionamendu lehiakorragoa lortzeko.

    12. Turismoarekin lotutako lanbideen garapena sustatzea eta lanbide horiek babestea. Prestakuntza-, kualifikazio- eta hobekuntza-jarduerak sustatzea, sektoreko langileentzat.

    1. Turismo-enpresen edo turismo-produktu berrien sorrera eta modernizazioa, enpresen ondorengotza eta belaunaldi-erreleboa sustatzen duten programak, tresnak edo jarduerak prestatzea eta gauzatzea.

    2. Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko plana prestatzea eta bultzatzea.

    3. Turismoa sustatzeko ekintzak bultzatzea eta, bereziki, lehentasunezko merkatuetan EAEko turismoa sustatzea. Horretarako, erakarpen-gaitasun handiena duten turismo-produktuak bultzatuko dira, hala nola bide berdeak, mendi-ibiliak, gastronomia eta enogastronomia, eta, halaber, industria-turismoa aldeztuko da, turismo-berezitasunaren eta -dibertsifikazioaren elementu gisa.

    4. EAE helmuga turistikoari buruzko informazioa eta baliabide turistikoen zabalkundea koordinatzea, itourbask turismo-bulegoen sarearen bidez, bai eta sarea osatzen duten pertsonen prestakuntza sustatzea ere.

    5. EAEko baliabide turistikoak sustatzeko eta sektoreko eragile guztiak harremanetan jartzeko teknologia berrien erabilera sustatzea, batez ere web-orrien bidez eta sare sozialetako kontu korporatiboen bidez.

    6. Turismo-eskaintzaren bikaintasuna sustatzea, helmugen dibertsifikazioari eta berezitasunari lotuta, zenbait turismo-produkturen eskaintzan, hala nola enologia, gastronomia, landa-turismoa, kirola eta kultura, bai eta familia- eta negozio-turismoa ere.

    7. Turismoaren adimen lehiakorreko sistema bat garatzea, eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan eta koordinazioan.

    8. Azterketa sektorialak, balioespen eta azterketa estatistikoak, eta merkatu-azterlanak eta -txostenak sustatzea.

    9. Sailean indarrean dagoen Berdintasun Planaren helburuak definitzea bere jarduera-eremuan, eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea.

    10. Oro har, turismo-administrazioaren eta -lehiakortasunaren arloan agintzen zaizkion beste egiteko guztiak betetzea.

  2. Zuzendaritza honi Euskadiko Turismoko Mahaia atxiki zaio.

  1. Merkataritza Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian sailburuaren mende, egiteko hauek betetzea:

    1. Merkataritza-jarduera antolatzea, kudeatzea eta zuzentzea.

    2. Merkataritza-banaketaren sektorearen administrazio-araudia eta -sinplifikazioa hobetzeko ekimenak bultzatzea, bere lurralde-eremuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-organismoekin koordinatuta.

    3. Merkataritza-banaketako egituren eta prozesuen hobekuntza eta modernizazioa sustatzea.

    4. Merkataritzan, kalitate- eta berrikuntza-prozesuak sustatzea, eta banaketa-prozesuko kostuak arrazionalizatzeko eta murrizteko programak bultzatzea.

    5. 2030 aldirako EAEko Merkataritza Estrategia garatu eta mantentzea, 2021-2025 aldirako Merkataritza Plana ezartzea, hori guztia sektoreko eta administrazio publikoetako eragile guztiekin batera. Jarraipen-adierazleak sortzea, estrategia eta plan horiek zenbateraino bete diren jakiteko eta gizarteari kontuak emateko.

    6. Merkataritza-sektoreko enpresei eta elkarteei laguntza teknikoa ematea, merkataritzari laguntza teknikoa emateko bulegoen sarearen bidez.

    7. EAEko enpresen artean kooperazio-estrategiak sustatzea, merkataritza-jarduerak egiteko.

    8. Merkataritza-proiektu berriak erakar daitezen sustatzea, eta merkataritza-jarduera biziberritzen laguntzea.

    9. EAEko merkataritza-sektorean, merkaturatzeko modu berriak sustatu eta bultzatzea eta negozio-eredu berriak ezartzea.

    10. EAEko merkataritza-sektorearen prestakuntza eta profesionalizazioa sustatzea, eta Merkataritzaren Prestakuntza Integraleko Plana garatu eta mantentzea.

    11. Merkataritza-sektorean ekintzailetza sustatzea, bai eta merkataritza-ereduak kontsumo-ohitura berrietara egokitzea sustatzea.

    12. Merkataritza-arloko arauak betetzen direla ikuskatu, kontrolatu eta egiaztatzea.

    1. Prezio-politika kudeatzea, bai eta horretarako sortutako batzordea ere.

    2. Merkataritza Banaketaren Behatokiaren zuzendaritza, laguntza tekniko eta administratiboa eta helburuen definizioa, zeinak bat etorriko baitira sailaren estatistika-organoarekin. Era berean, merkataritza-arloko ezagutza kudeatzeko estrategiak garatuko ditu.

    3. Sailean indarrean dagoen Berdintasun Planaren helburuak definitzea bere jarduera-eremuan, eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea.

    4. Sektorearentzako laguntzak kudeatzea.

    5. Oro har, banaketa- eta merkataritza-arloan indarrean dauden arauak betearazteko eskumenak, bai eta arlo horietan beste organo batzuei berariaz esleituta ez dauden eskumenak ere.

  2. Merkataritza Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio Merkataritzagune Handietarako Batzordea, Merkataritzako Aholku Batzordea eta Merkataritza Banaketaren Behatokia.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio, zuzenean sailburuaren mende eta sailburuordetzarekin koordinatuta, eskudantzia hauek erabiltzea:

    1. Laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa ematea saileko sailburuari.

    2. Sailburuari ikuspegi bateratua ematea sailaren estrategiei eta funtzionamenduari buruz, hain zuzen ere baliabideak nola esleitu eta politika publikoak eta programak nola ebaluatu erabakitzen laguntzeko.

    3. Sailaren lege-aholkularitza eta araugintza, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera. Saileko aholkularitza juridikoko zerbitzua izango da Zerbitzu Juridiko Nagusiarekiko solaskidea, eta ordezkaritza-lana beteko du Koordinazio Juridikoaren Batzordean.

    4. Sailaren barruko kudeaketa zuzentzea, koordinatzea eta haren jarraipena egitea, eta Gobernu Kontseiluaren gaiak kudeatzea.

    5. Sailaren jarduera ekonomikoa eta administratiboa planifikatzea eta kudeatzea.

    6. Sailari atxikitako giza baliabideak kudeatzea, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluak gai horri buruz esleitzen dizkion eskumenak baliatuz.

    7. Sailak langile-premien inguruan egindako aurreikuspenak ebaluatzea, eta sailaren plantilla eta lanpostu-zerrendak prestatzeko proposamenak egitea Enplegu Publikoko Zuzendaritzari. Bere eskumena izango da, halaber, saileko eta sailen arteko jarduna eta proiektuak landu, koordinatu eta ebaluatzea, barne-egituraketaren eta langileen antolaketaren arloan, lanpostu-zerrenden bidez.

    8. Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluan jasotako eskumen guztiak eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailak deskontzentrazio bidez ematen dizkionak.

    9. Sailaren informazio-sistemak eta baliabide materialak planifikatu eta kudeatzea.

    10. Bere jardun-eremuaren barnean hartutako espedienteen ondoriozko gastua baimentzea, baimen hori beste organo baten eskumena denean izan ezik.

    11. Ebazpen-proposamenak hastea, instruitzea eta prestatzea, sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozeduretan.

    12. Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola egitea, eta Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiarekiko harremanak zaintzea.

    1. Sailean koordinatzea Eusko Jaurlaritzaren eremu orokorreko proiektuak, gai hauetan: kalitatea, berrikuntza, modernizazioa, administrazio elektronikoa eta berdintasuna.

    2. Herritarrek beren eskubideen eta betebeharren inguruan egiten dituzten iradokizun, kexa eta erreklamazioen kudeaketaren koordinazioa eta jarraipena egitea, sailaren jardun-eremuetan.

    3. Zuzendaritzaren jardun-eremu guztietan, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea eta haien jarraipena egitea, hala nola itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapenak, etab.

    4. Aldizkari ofizialetan egin beharreko argitalpenak kudeatzea.

    5. Erregistro Orokorra eta Artxiboa kudeatzea.

    6. Zuzenean Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekiko harremanak zaintzea.

    7. Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, betiere eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuak bere eskudantziak betetzea.

    8. Sailaren eta berariazko estatistika-organoaren estatistika-jarduera zuzentzea.

    9. Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzen dela bermatzea.

    10. Berdintasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, eta gainerako zuzendaritzekin eta sailari atxikitako organoekin eta Administrazio Instituzionaleko entitateekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako neurriak gauzatzea bultzatzeko.

  2. Zerbitzuen zuzendaria izango da sailaren kontratazio-organoa. Nolanahi ere, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da aurrekontu-legeek ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen dituzten kontratuak edo esparru-akordioak egiteko.

    1. Zerbitzuen zuzendaria izango da, halaber, sailarentzat Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propio pertsonifikatuei enkarguak egingo dizkiena.

    2. Zerbitzu Zuzendaritzaren eskumena izango da kontratazio-espedienteak eta saileko bitarteko propio pertsonifikatuei egiten zaizkien enkarguak izapidetzea.

  3. Zerbitzuen zuzendariari dagokio sailaren aurrekontu-aurreproiektua prestatzeko diru-sarreren eta gastuen egoera-orria ontzea, haren segimendua koordinatzea, gastuak xedatzeko eta obligazioak hartzeko eragiketak gauzatzea, eta, oro har, sailaren ekonomia eta aurrekontua kudeatzea. Orobat, organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sailari atxikitako gainerako entitate publikoen aurrekontu-proiektuak koordinatu beharko ditu, eta sailaren aurrekontuarekin bat datozela zaindu.

  4. Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 129.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, Zerbitzuen zuzendaria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Gobernantza Publikoaren Sailarteko Batzordeko kidea, eta haren ordezkoa Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailari proposatuko zaio, sailburuaren agindu baten bidez.

  5. Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak Zerbitzuen zuzendariaren mende egongo dira hierarkikoki.

  1. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari dagokio, zuzenean sailburuaren mende eta sailburuordetzarekin koordinatuta, eskudantzia hauek erabiltzea:

    1. Sailburuari behar duen laguntza eta aholkularitza ematea, sailari dagozkion egiteko instituzional eta orokorretan.

    2. Sailaren komunikazio-politika zuzendu eta koordinatzea, eta, ildo horretan, gizarte-komunikabideekiko harremanak zaintzea.

    3. Sailburuari zuzenean laguntzea lan-programa planifikatzen eta jarraitzen, batez ere ordezkaritza instituzionaleko ekitaldietan.

    4. Saileko organoen ekitaldi publikoak eta kanpoko jarduerak programatzea.

    5. Sailaren solaskidea izatea beste sail, administrazio eta antolakunde batzuekin, beste organo batzuei berariaz esleitutako kasuetan izan ezik.

    6. Legebiltzarrarekiko eta Arartekoarekiko harremanak kudeatzea Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez.

    7. Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa irispidean izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei ematen zaizkien erantzunak eta sailaren datu publikoak modu irekian eskaintzeko lana koordinatu eta guztien jarraipena egitea, gardentasun-politikarekin bat etorrita.

    8. Bere eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren helburuak definitzea, eta helburu horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatzea eta ebaluatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko politiken kudeaketa integratua eginez; hori guztia, Zerbitzu Zuzendaritzak koordinatuta, eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearekin elkarlanean.

  2. Kabinete eta Komunikazioko zuzendariaren egitekoa da bere jardun-eremuan sartutako espedienteen ondoriozko gastua baimentzea, non eta baimen hori ez den beste organo baten eskumenekoa.

Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulego bat egongo da lurralde historiko bakoitzean, hierarkian Zerbitzuen zuzendariaren mende, baina, egitekoei dagokienez, arloaren arabera dagokion zuzendaritzaren mende. Lurralde-bulegoek egiteko betearazleak izango ditu, sailaren eskumeneko gaietan, jarduteko dagokion lurraldearen barruan.

Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoen egitekoak eta eskumenak Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2017ko irailaren 15eko Aginduan ezarritakoak dira (agindu horren bidez, Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoen eskumenak eta funtzioak arautzen dira).

Dekretu honetan aipatutako organoen titularrak ez badaude edo gaixorik badaude, edo karguak hutsik badaude, haiei esleitutako egitekoak eta eskumenak hierarkian gorago dagoen organoaren titularrak baliatuko ditu, sailburuak berariazko ebazpena eman ezean, bi kasu hauetan izan ezik: Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzarenean eta Zerbitzu Zuzendaritzarenean, haiek elkar ordezkatuko baitute.

Dekretu hau indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteak dagokion arloaren arabera eskumena duten organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte.

Indargabetuta geratzen da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretua.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko otsailaren 11n.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.