Euskadi.eus
  • 50/2025 DEKRETUA, otsailaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

50/2025 DEKRETUA, otsailaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila; Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 48
  • Hurrenkera-zk.: 1124
  • Xedapen-zk.: 50
  • Xedapen-data: 2025/02/25
  • Argitaratze-data: 2025/03/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Abeltzaintza-jarduerak funtsezkoak dira landa-komunitateen ekonomiarako eta iraupenerako, eta jarduera ekonomiko kualitatibo eta kuantitatibo garrantzitsua dira. Hala ere, beren dimentsioaren eta tartean dauden abere moten arabera, hainbat kalte sor ditzakete kokatuta dauden tokietako ingurumenean, osasungarritasunean eta, finean, bizitza-kalitatean. Horregatik, bi alde horiek uztartu behar dira gurean, non abeltzaintza-jarduerak eta horiek garatzen dituzten komunitateak desagertzeko bidean baitaude, abeltzaintza-jarduerak ingurumenaren eta osasungarritasunaren zaintzarekiko errespetuz eta modu bateragarrian garatu ahal izateko.

Helburu hori betetzeko argitaratu zen 515/2009 Dekretua, irailaren 22koa, abeltzaintza-ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezarri zituena. Aipatutako arau-xedapen horrek 141/2004 Dekretua indargabetzen zuen, lehen aldiz EAEko abeltzaintza-ustiategien ezarpena eta jarraitutasuna antolatu eta arautzeari ekin ziona. Lehendik dauden ustiategietarako 515/2009 Dekretuan jasotako baldintzak aplikatzeko aldiak berriki bete dira.

Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, 515/2009 Dekretua lege hartan oinarritu zen, indargabetu egin zuen Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak, zeinak ingurumen-baimen bateratuaren eta ingurumen-baimen bakarraren prozeduretan jabari publiko hidraulikoan isurketak egiteko baimenak emateko prozedurak ere sartzen dituen. Abeltzaintza-ustiategiei dagokienez, ingurumen-baimen bateratua, ingurumen-baimen bakarra, jarduera sailkatuaren lizentzia eta jarduera sailkatuaren aldez aurreko jakinarazpena behar dituzten abeltzaintza-ustiategien tamaina-betekizunak ezartzen ditu lege horrek.

Lege horrek ez ditu aintzat hartzen jarduera-lizentziarik lortzetik salbuetsita dauden jarduerak, bai, ordea, aurreko legeak; beraz, abeltzaintza-ustiategi guztiek, ustiategi txiki eta etxeko eskortek barne, gutxienez, jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpena egin behar dute. Azken jarduera horiek ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eragina ez da oso nabarmena, eta, hortaz, zentzuzkoena da proportzionaltasunaren printzipioa aplikatzea eta ustiategi txikien eta etxeko eskorten administrazio-izapideak sinplifikatzea. Horiek horrela, aldatu egingo dira Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen I.C eta I.D eranskinak.

Gainera, Airearen kalitateari eta atmosfera babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legeak abeltzaintzako ustiategientzat atalase batzuk zehazten ditu hartzidura enterikoari eta simaurraren kudeaketari lotuta, eta Ingurumen Administrazioaren Legeak atalase horien arabera atmosfera kutsa dezaketen jarduerak ingurumen-baimen bakarra eskatzera behartzen ditu. Legea garatzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen du.

Bestetik, azken urteotan, abeltzaintza-ustiategiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituzten Estatuko hainbat arau argitaratu dira: besteak beste, 804/2011 Errege Dekretua, Zaldi-ustiategiak antolatzekoa; 306/2020 Errege Dekretua, Txerri-ustiategi intentsiboak antolatzekoa; 637/2021 Errege Dekretua, Hegazti-haztegiak antolatzekoa, eta 1053/2022 Errege Dekretua, Behi-haztegiak antolatzekoa. Arau horiek EAEko abeltzaintzaren baldintzen berezitasunera egokitu behar dira, eta Estatuko araudian jasotzen ez diren zenbait alderdi berezi ere arautu behar dira.

Alde horretatik, haragitarako behi- eta zaldi-azienden ustiategi estentsiboek eta ardi- eta ahuntz-azienden ustiategiek honako berezitasun hau dute: neurri batean, abeltzaintza-instalazioetatik bereizita (eta kasu batzuetan horiek gabe) egiten dute beren abeltzaintza-jarduera. Horrelako ustiategietan, abeltzaintza-jarduera herri-larreetan eta beste udalerri edo lurralde batzuetako lursailetan egiten da; beraz, ustiategi horiek ez dira gehieneko edukieraren arabera baimentzen, eta errolda baten berri ematen dute aldizka. Era berean, erlezaintza-ustiategietan animaliak ez daude inoiz instalazioetan konfinatuta, beren jarduera etengabe aire zabalean egiten baitute; beraz, erle-egonlekuek ez dute instalazio-izaerarik, larrean dauden animalia-kokagune soilak baitira. Hortaz, ustiategi-mota horren berezitasuna ere kontuan izan behar da arau berrian.

Azaroaren 29ko 992/2022 Errege Dekretuak abeltzaintza-intereseko espezieetan antibiotikoen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezarri du berriki. Era berean, Animalia Osasunari buruzko Europar Batasuneko araudia garatzeko oinarriak ezartzen dituen maiatzaren 16ko 364/2023 Errege Dekretuaren arabera, ustiategi jakin batzuek plan sanitario integrala izan behar dute, eta ustiategiko albaitaria denari esleitutako eginkizunak zehazten ditu. Azken arau-xedapen horrek, gainera, abeltzaintza antolatzeko hainbat arau aldatzen ditu.

Gainera, abenduaren 27ko 1051/2022 Errege Dekretuak, Nekazaritzako lurzoruetan elikadura jasangarrirako arauak ezartzen dituenak, ezartzen ditu, besteak beste, nekazaritzako esparruetan simaurra aldi baterako pilatzeko baldintzak, bai eta horiek nekazaritza-lurretan aplikatzeko betekizunak ere. Errege Dekretu hori oinarrizko arau orokor bat da, eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea, uren kutsadura saihestea eta nekazaritza-lurzoruen ezaugarri biologikoak hobetzea du helburu. Horrela, nekazaritza-lurzoruek karbono-hustubide gisa duten gaitasuna mantendu eta handitu nahi da, eta, horretarako, nitrogeno-ekarpena laborearen beharretara egokitu behar da.

Bestetik, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak EAEko nekazaritza-ekoizpenaren printzipio orokorrak ezartzen ditu, baita abeltzaintza-ekoizpenerako berariazko baldintzak ere, bereziki abereen ongizate, osasun eta elikadurari, animalia-jatorriko hondakinen kudeaketari eta minda modu egokian biltegiratu eta kudeatzeari dagokienez. Lege hori garatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrari buruzko irailaren 27ko 203/2011 Dekretuak Erregistro Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen ditu; eta horrekin EAEko administrazio publikoei tresna bat eskaintzen zaie nekazaritza-sektorea garatzeko, planifikatzeko eta antolatzeko behar duten informazio guztia informazio etengabea, osoa eta gaurkotua eskura izan dezaten. Dekretuaren II. eranskinak erregistro horretan jaso behar diren funtsezko aldaketak ezartzen ditu.

Abeltzaintza-ustiategiei dagokienez, martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuak ezartzen eta arautzen du Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorra (REGA). Duela gutxi, Estatuak 1054/2022 Errege Dekretua argitaratu du, abenduaren 27koa, zeinaren bitartez ezartzen eta arautzen baitira Nekazaritza eta Abeltzaintza Ustiategien eta Nekazaritza Ekoizpenaren Informazio Sistema (SIEX), Nekazaritza Ustiategien Erregistro Autonomikoa eta Nekazaritza Ustiategiaren Koaderno Digitala. Nahitaez bete beharreko oinarrizko araua da, nekazaritza- eta basogintza-sektorea behar bezala kudeatzeko eta antolatzeko administrazioak garatutako sistema informatikoen multzoa arautzen duena. Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien erregistroak nahitaez konektatu behar dira SIEX informazio-sistemarekin, eta, ondorioz, hori ere jaso behar da dekretu honetan.

Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan (Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubidea eta betebeharra) xedatzen duenez, jarduera profesionala dela-eta zenbait pertsona juridikok eta pertsona fisikok nahitaez erabili beharko dituzte bitarteko elektronikoak administrazio publikoekin harremanetan jartzeko, administrazio-prozedura baten edozein izapidetarako. Ildo horretan, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretua argitaratu zen EAEn, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa.

Arau-aldaketa horien guztien ondorioz, beharrezkoa da arau berri bat onartzea, eta ez lehendik dagoena aldatzea.

Honako dekretu hau erregulazio onaren printzipioetara egokitzen da. Horrela, premiaren eta efizientziaren printzipioak kontuan hartuta, indarrean dagoen araudia harmonizatzeko eta egokitzeko interes orokorrak justifikatzen du araua. Proportzionaltasun-printzipioa betetzen da, lehen aipatutako premiari erantzuteko beharrezkoa den erregulazioa jasotzen baitu, aurrekoa indargabetzen duen testu berria prestatuz. Segurtasun juridikoaren printzipiora egokituta dagoela ere ondoriozta daiteke, aintzakotzat hartuta arauak printzipio hori indartzen duela, bat baitator Administrazioarekin elektronikoki harremanetan jartzeko betebeharra jasotzen duen araudiarekin. Gardentasun-printzipioa betetzen da, arauaren hartzaileei parte hartzeko aukera eman baitzaie aurretiko kontsultaren, entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidearen bidez. Azkenik, efikazia-printzipioa betetzen da, dekretu honek ez duelako administrazio-karga erantsirik edo beharrezkoa ez denik ezartzen. Gaur egun dagoen prozedura sinplifikatzen du.

Dekretu hau prestatzerakoan, kontsulta egin zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako foru-aldundiei, antolakunde profesionalei eta sektoreko elkarte eta entitateei.

Horrenbestez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena jaso, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko otsailaren 25ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

Dekretu honen xedea da EAEko abeltzaintza-ustiategiek bete behar dituzten baldintza teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzea, bai eta sektoreko araudi berezia, higieniko-sanitarioa, ingurumenekoa, hirigintzakoa edo Euskadin kokatutako abeltzaintza-ustiategiei aplikatu beharreko beste araudi batzuk betetzen direla gainbegiratzen esku hartzen duten administrazioen arteko koordinazioa izatea ere.

Dekretuaren I., III. eta V. kapituluetan jasotako xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan dauden abeltzaintza-ustiategi guztiei aplikatuko zaizkie.

Dekretu honen II. eta IV. kapituluetan jasotako xedapenak aplikatuko zaizkio I. eranskinean zehaztutako espezieen Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzaintza-ustiategien edo -instalazioen ezarpen berriari, bai eta dekretu hau indarrean jarri aurreko instalazioetan funtsezko aldaketaren bat egin duten abeltzaintza-ustiategiei ere.

Dekretu honen aplikazioaren ondorioetarako, zehaztapen hauek ezartzen dira:

Abeltzaintza-ustiategia: irabazi-asmoarekin edo irabazi-asmorik gabe, ekoizpen-abereak edukitzeko, hazteko, gobernatzeko edo jendaurrean ikusgai izateko erabilitako edozein instalazio edo eraikin multzo; abereak aire zabalean hazten direnean, edozein toki izan daiteke.

Ekoizpen-abereak: Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorra ezarri eta araupetzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan definitutako espezieak edo espezie multzoak. I. eranskinaren arabera sailkatzen dira espezieak eta espezie multzoak.

Azienda larri unitateak (AzLU): neurketa-unitate honek azienda-kategoriak alderatzeko aukera ematen du, animalia motaren eta animalia horren adinaren edo tamainaren arabera; ustiategi baten gehieneko edukiera ezartzeko ere balio du (II. eranskina).

Abeltzaintza-instalazioa: kokaleku espazial bakar batean multzo bat osatzen duten eraikin, abeltzaintza-esparru eta ekipoen sorta, non ekoizpen-animaliak hazteko, ekoizteko edo ugaltzeko jarduera garatzen den.

Lehendik dagoen instalazioa: ingurumen-baimen bateratua, ingurumen-baimen bakarra edo jarduera sailkaturako udal-lizentzia duen instalazio oro edo, halakorik ez izan arren, jarduera sailkaturako aurretiazko jakinarazpena aurkeztu duena dekretu hau indarrean jarri baino lehen.

Abeltzaintza-ustiategiaren titularra: ustiategiaren jabea den edozein den pertsona fisiko edo juridikoa, edo abereen ardura duen hazlea, baita aldi baterako ere, jabe edo hazle gisa.

Abeltzaintza-ustiategi estentsiboa: animaliak batez ere aire zabalean dituena, gutxieneko azpiegitura sanitarioak izan ala ez, esaterako, maneiu-itxiturak edo «kaiolak» edo animaliak immobilizatu ahal izateko antzeko instalazioak.

Abeltzaintza-ustiategi erdi-estentsiboa: animaliek lursail zati bat eskura dutena, bazkatzeko larreen aprobetxamendua barne, gutxienez ekoizpen-zikloaren faseren batean.

Abeltzaintza-ustiategi intentsiboa (estentsiboa ez dena): ustiatzen diren abereak ekoizpen-zikloaren gehienean ukuiluan dituena, simaurra edo minda etengabe metatuta, bai eta ustiategi estentsibo edo erdi-estentsiboaren definizioa betetzen ez duen oro.

Erle-egonlekua: erlategia jartzen den lekua, flora aprobetxatzeko edo negualdia bertan emateko.

Etxeko ustiategiak: III. eranskinean azaldutako gehieneko abere kopurua gainditzen ez duten ustiategiak.

Abeltzaintza-instalazioen gehieneko edukiera: instalazio batek funtzionamendu-baldintza normaletan kudea ditzakeen abereen gehieneko kopurua, azienda larri unitateetan (AzLU) adierazia, eta aplikatzekoa den araudi guztia eta administrazio-baimena betez.

Errolda: data jakin batean abeltzaintza-ustiategian dauden animalien kopurua.

Simaurra: piszikulturako arrainez bestelako abeletxeko abereen gorotz edo gernu oro, azpiak izan ala ez, minda eta simaur solidoa barne.

Simaur solidoa: gorozkiak eta gernua, azpietako hondarrekin nahasita edo nahastu gabe, grabitatez jariatzen ez direnak eta ponpatu ezin direnak.

Minda: gorozkiak eta gernua, azpi eta uretako hondakinekin nahasita edo nahastu gabe, grabitatez jariatu eta ponpatu ahal direnak, gorotz likidoa lortzeko.

Ingurumen-baimen bateratua: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak idatzitako ebazpena, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.A eranskinean jasotako jarduerak edo instalazioak osorik edo hein batean ustiatzeko baimena ematen duena, aplikatu beharrekoa den araudiaren xedapenak zein xedea betetzen dituela bermatzeko baldintza zehatzetan.

Ingurumen-baimen bakarra: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak idatzitako ebazpena, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.B eranskinean jasotako jarduerak edo instalazioak osorik edo hein batean ustiatzeko baimena ematen duena, lege honen xedapenak zein xedea eta aplikagarria den araudia betetzen dituela bermatzeko baldintza zehatzetan.

Jarduera sailkatuaren lizentzia: tokiko administrazioko organo eskudunak idatzitako ebazpena, baldintza batzuen arabera jarduera sailkatu bat egitea baimentzen duena, aplikagarria den araudiaren xedapenak eta helburua betetzen dituela bermatzeko.

Jarduera sailkatua aurretiaz jakinaraztea: dokumentu honen bidez interesdunek tokiko administrazioko organo eskudunari jakinarazten diote Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.D eranskinean jasotako jarduerak edo instalazioak gaituta daudela jarduera hasteko.

Erantzukizunpeko adierazpena: interesdunak sinatu behar duen dokumentu honen bidez, dagokion lurralde historikoko foru-organoari jakinarazten zaio etxeko ustiategiak aplikagarri zaion ingurumenaren eta sektorearen araudiko baldintzak betetzen dituela eta jarduerari ekiteko gaituta dagoela.

Dekretu honen ondorioetarako, abeltzaintza-ustiategien instalazioak, IV. eranskinean zehazten den moduan, honela sailkatuko dira:

  1. Ingurumen-baimen bateratuaren mende dauden instalazioak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.A eranskinaren arabera.

  2. Ingurumen-baimen bakarraren mende dauden instalazioak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.B eranskinaren arabera.

  3. Jarduera sailkatuaren lizentziaren mende dauden instalazioak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.C eranskinaren arabera.

  4. Jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinaraztearen mende dauden instalazioak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.D eranskinaren arabera.

  5. Etxeko ustiategietako instalazioak, jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpenetik salbuetsita daudenak eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen eranskinetan aurreikusita ez daudenak, dekretu honen azken xedapenetako bigarrenaren bidez egindako aldaketaren ondoren.

Aplikagarri zaien araudi guztia eta udalaren hirigintza-araubidea betetzeaz eta dekretu honetan ezarritako distantziak errespetatzeaz gain (horiek gutxienekoak izango baitira), abeltzaintza-ustiategi guztien titularrek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Indarrean dagoen araudi higieniko-sanitarioa, abereen osasun eta ongizateari buruzkoa eta antolamendu zooteknikoari buruzkoa bete beharko dituzte, eta, bereziki, animalia-espezie bakoitzerako berariazko araudian ezarritako arauak.

  2. Abeltzaintza-ustiategiko langileen prestakuntza bermatuko dute.

  3. Dagokionean, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan jasotako datuak aldatu direla jakinaraziko diote abeltzaintzako agintaritza eskudunari, bai eta ustiategien erroldei buruzko datuak ere, urtean behin gutxienez, ezarritako epeetan.

  4. Ustiategiaren erregistro-liburua egin beharko dute. Liburu horren eredua agintaritza eskudunak onetsiko du dagokion lurralde-eremuan, eta horren gutxieneko edukia sektorearen antolamenduari buruzko araudian jasoko da.

  5. Agintaritza eskudunen ikuskapen-lanak erraztuko dituzte.

  6. Hartu beharreko neurriak hartuko dituzte ustiapen-azpiproduktuak ezabatzeko edo suntsitzeko, indarrean dagoen araudiaren arabera.

  7. Instalazio iraunkorrek animalia guztiak hartzeko moduko edukiera izango dute, animalia horiek konfinatu behar izanez gero, ustiategirako erregistratutako gehieneko edukieraren arabera. Hala ere, kasuan kasuko arauetan ezarritako salbuespenak hartu beharko dira kontuan.

  1. Dekretu honen eraginpean dauden abeltzaintza-instalazioen arteko gutxieneko distantziak kasuan kasuko araudi aplikagarrian zehaztutakoak izango dira.

  2. Abeltzaintza-ustiategien instalazioetatik herriguneetako hiri-lurren mugarainoko, etxebizitzatarako lur urbanizagarrirainoko edo landaguneko lur urbanizaezinerainoko distantziak finkatzeko, ustiategiko animalia-espeziea hartuko da kontuan, eta, gutxienez, V. eranskinean jasotakoak izango dira. Distantzia horiek ez zaizkie aplikatuko jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpena egin behar duten instalazioei. Dekretuaren I. eranskinean deskribatutako animalia-espezie bat baino gehiago hartzen dituzten ustiategietan, espezierik murriztaileenaren arabera finkatuko dira distantziak.

  3. Abeltzaintza-instalazioek VI. eranskinean eremuko beste elementu batzuekiko ezarritako distantziak errespetatu beharko dituzte, sektoreko berariazko araudiak ezar ditzakeenak eragotzi gabe. Distantzia horiek ez zaizkie aplikatuko jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpena egin behar duten instalazioei.

  4. Plano horizontalean proiektatutakoak joko dira dekretu honetan ezarritako gutxieneko distantzia gisa. Lur-eremuaren profilaren gaineko distantziak planoko neurketak baino % 15 handiagoak badira edo oztopo naturalak edo lurraren gorabeherak badaude, lur-eremuaren profilaren gainean egindako neurketa baimendu ahal izango da. Instalazioetako azpiegitura sanitarioaren gune kalteberak (aziendaren ohiko ukuiluratze-eraikina, minda-hobiak eta simaurtegiak) erreferentzia-puntu modura hartuta neurtuko dira distantziak.

Abeltzaintza-instalazioek, aldi baterakoek zein behin betikoek, ustiategian dauden abereekiko mendekotasun- eta proportzio-harreman egokia izan beharko dute. Espezie bakoitzak eskatutako beharrizanak bete beharko dira erabilitako azalerari, giro-tenperaturari, aireztapenari, hezetasunari eta abarri dagokienez, indarrean dagoen araudiaren arabera eta abereen, elikagaien eta deiekzioen erabilera funtzionalari jarraikiz.

Arestian aipatutakoez gain, honako gutxieneko baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

  1. Eraikuntzek, instalazioek, erremintek eta ekipoek animalientzat eta langileentzat kaltegarriak ez diren materialez eginda egon beharko dute, eta une oro garbitu, desinfektatu, eta intsektuak eta arratoiak hiltzeko aukera eman beharko dute.

  2. Ukuiluak eta eranskinak eraikitzerakoan eta mantentzean kontuan izan beharko da ertz zorrotzik edo irtenik ez egotea, zauriak egin baitiezazkiekete abereei.

  3. Egonleku guztiak egongo dira urez hornituta, bai abereen egarria asetzeko, bai aldizka instalaziook garbitzeko.

  4. Eraikinak isolatu, aireztatu eta berotzean, airearen zirkulazioa, hauts maila, tenperatura eta aireko hezetasun erlatiboa eta gasaren kontzentrazioak abereentzat kaltegarriak ez diren neurrien barruan egotea bermatu beharko dute.

  5. Abereen osasuna eta ongizatea behartutako aireztatze-sistema baten mende badaude, larrialdi-sistema egoki bat aurreikusi beharko da, zeinak bermatu beharko baitu abereen osasuna eta ongizatea babestuko dituen aireberritze nahikoa, sistemak huts eginez gero.

  6. Ukuiluen zolata iragazgaitza izango da, eta gainazala irristagaitza; betekizun hori ez da beharrezkoa izango ardi- eta ahuntz-azienden kasuan. Zolatak, orobat, gutxieneko malda nahikoa izango du likidoak jariatzeko. Horiek biltze-hobi estanko batera bideratuko dira. Ezaugarri berberak izan beharko dituzte kanpoko pasabideek edo egonlekuek, ur-putzuen edo -jarioen eragina pairatu badezakete.

  1. Instalazio finko iraunkorrik ez duten ustiategi estentsiboetan, maneiu-itxitura eta antzeko instalazioa eduki beharko dira, abeltzaintzan eskumena duten agintariek zehazten dituzten nahitaezko osasun-programak aplikatzeko animaliak geldiarazi ahal izateko.

  2. Haragitarako behi- eta zaldi-azienden eta ardi- eta ahuntz-azienden ustiategi estentsibo guztiek erabilera partikularreko instalazio edota lursail hesituak izango dituzte, eta ustiategian erroldatutako animalia guztiak hartzeko adinako edukiera izango dute bahiketa sanitarioa behar den kasuetarako.

  3. Erlezaintza-ustiategien kasuan, erlategiak ez dira instalaziotzat hartuko. Erlezainaren instalazioek, hau da, erauzketa- eta ontziratze-lokalek, halakorik badute, jarduera-lizentzia edo aurretiazko jakinarazpena izapidetu beharko dute udalean, dagokionaren arabera, dekretu honen 19.3 artikuluan zehazten den bezala.

Abereen elikagaiak kontserbatzeko obra-siloek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. Abeltzaintza-instalazioen inguruetan kokatuko dira eta, beti, instalazioen azpiegitura sanitarioko puntu kalteberak dauden perimetroaren barruan.

  2. Siloek iragazgaitzak izan behar dute eta estankotasun optimoa eduki behar dute, euri-urak ez daitezen iritsi biltegiratutako produktura. Iragazgaiztasuna bermatzeko, material erresistenteak erabili beharko dira, gainera. Hormak ere iragazgaitzak izango dira metro bateko altueraraino.

  3. Lurzoruek gutxieneko malda bat izan beharko dute, siloratze-fluidoak ez daitezen geldi geratu, eta haiek azkar hustu ahal izateko biltegiratze-hodi espezifikoetara, edo, horrelakorik egon ezean, minda-hobietara.

  4. Likidoak eta efluenteak bildu egingo dira eta ustiategiko gainerako hondakin-urekin batera tratatuko dira.

Simaurrak biltegiratzeko gaitasuna nahikoa izan behar da, eta simaurrak eta bestelako animalia-deiekzioak kudeatzeko planean aurreikusitako kudeaketara egokitua.

  1. Simaur solidoa simaurtegi estali batean gordeko da, abereak dauden instalazioetatik bereizita. Simaurtegiaren zolata iragazgaitza izango da, eta likidoak jariatzeko behar den malda izango du. Likidook biltze-hobi estanko batera bideratuko dira. Ez urik ez beste likidorik iragazi ezin denean joko da iragazgaitz gisa.

  2. Simaurtegien iragazgaiztasuna naturala izan daiteke edo material artifizialak aplikatuta lortutakoa. Iragazgaiztasun naturala txosten tekniko baten bidez bermatu beharko da, lurzoru naturalaren iragazkortasun-koefizientea zehazteko; ez da txikiagoa izango beste iragazgaizte-teknika batzuk erabiliz lortutakoa baino.

  3. Deiekzio likidoak erabiltzen badira, modu naturalean edo artifizialean hesitutako hobi iragazgaitz bat beharko da horiek jaso eta gordetzeko, edo, bestela, antzeko sistemaren bat. Iragazketak gertatzeko eta lurrazaleko urak kutsatzeko arriskua saihestu egingo da, eta metatutako likidoak ez duela gainezka egingo bermatuko da.

  4. Ukuiluratutako aziendak sortutako produktu organikoak biltegiratzeko gutxieneko gaitasuna hau izango da: gutxienez aldi osoko hiru hilabeteko jarduera; horretarako, VII. eranskineko erreferentzia-zifrak erabiliko dira, simaurren kudeaketa-planean beste alternatiba baliagarriren bat justifikatzen denean salbu.

  1. Ustiategian sortutako simaurra eta bestelako abere-deiekzioak ustiategiaz kanpo izan dezaketen eragina ahalik eta murritzena izateko moduan biltegiratuko dira, harik eta amaierako kudeaketa egin arte.

  2. Simaurrak eta bestelako deiekzioak kudeatzeko planean planteatutako konponbide teknikoak behar bezala justifikatu beharko du ustiapenaren baldintza teknikoetara egokitzen dela (tipologia, erabilera, kokalekua, kudeaketa-planteamendua eta abar). Konponbide hori bat etorriko da abenduaren 27ko 1051/2022 Errege Dekretuarekin, nekazaritzako lurzoruetan nutrizio jasangarrirako arauak ezartzen dituenarekin.

  3. Eraldatzeko eta errebalorizatzeko tratamendu-sistema egiaztatuen parte diren simaurren pilaketak berariazko kudeaketa-sistematzat joko dira, eta ez aldi baterako pilaketatzat; beraz, 1051/2022 Errege Dekretuan ezarritako denbora- eta kopuru-mugak betetzetik salbuetsita daude (1051/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Laborantza Lurzoruen Nutrizio Jasangarrirako Arauak Ezartzen dituena). Hala ere, simaur-pilaketak VI. eranskinean adierazitako neurriak betetzen dituzten lekuetan bakarrik kokatuko dira.

  4. Era berean, simaur-biltegiak ezarri ahal izango dira ustiategietatik kanpo, baita zenbait ustiategik azpiegitura horiek partekatuta ere, ekonomia zirkularreko agertoki batean ezinbestekoak diren azpiproduktu horiek behar bezala kudeatzeko.

  1. Nekazaritzako edo basogintzako ustiategi baten titular ere badiren abeltzaintzako ustiategien titularrek, ekoizten duten simaurra beren lurrak ongarritzeko erabiltzeari emango diote lehentasuna, betiere nekazaritzako jardunbide egokiak eta Nekazaritza-lurzoruetan nutrizio jasangarrirako arauak ezartzen dituen abenduaren 27ko 1051/2022 Errege Dekretuak ezarritako betekizunak errespetatuz.

  2. Simaurra ongarri gisa erabiltzen duten abeltzaintza-ustiategiek bermatu beharko dute eskura dutela produktu horiek behar bezala kudeatu ahal izateko eta, nekazaritza-funtzioa ziurtatzeko, lurzoruen baldintza edafikoak, kimikoak eta biodibertsitatekoak mantentzea edo hobetzea bermatzeko besteko azalera, bai eta karbono-hustubidea ere, klima-aldaketaren aurrean erresilientzia handitzearekin batera. Azalera hori ustiategiak kudeatu ahal izango du. Edo kudeaketa ustiategitik kanpokoa izan liteke, baina akordioak eduki ahal izango ditu bertako abeltzaintza-azpiproduktuen kudeaketan esku hartzeko, edo ekonomia zirkularreko prozesuetan nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien arteko kudeaketa-sistema kolaboratibo baten arabera egin ahal izango da.

  3. Nekazaritza-lurretan simaurra aplikatzeko, Nekazaritza-lurzoruen nutrizio jasangarrirako arauak ezartzen dituen abenduaren 27ko 1051/2022 Errege Dekretuan jasotakoa bete beharko da. Horrez gain, kontuan hartuko dira lurzoruaren ezaugarriak eta baldintza klimatologikoak. Ildo horretatik, minda ezingo da plater, abaniko eta kanoi bidezko sistemen bitartez aplikatu Euskalmet Meteorologiako Euskal Agentzia SAk goi-tenperaturengatik ezarritako alarma-aldian, ezta alarma hori amaitu ondorengo 12 orduetan ere; ordu horietara ere luzatuko da debekua.

  4. Gainera, simaurrak eta mindak aplikatzeko, VIII. eranskineko gutxieneko distantziak errespetatu beharko dira, horrek ezertan galarazi gabe kasu bakoitzean aplikatzekoa den foru edo estatu mailako araudia.

  1. Beste modu batzuetara ere kudeatu ahal izango dira simaurra eta minda, betiere indarrean dagoen legeria errespetatuta.

  2. Simaurraren amaierako kudeaketa enpresa baimendun kudeatzaileen bitartez gauzatzen bada, agirien bidez justifikatu beharko da (hondakinak onartzea eta erretiratzeko konpromisoa).

  1. Euri-urak besteetatik bereizita hustu beharko dira; hau da, ez dute kontakturik izango hondakin-urekin, simaurrarekin eta mindarekin.

  2. Hondakin-urak modu egokian kudeatuko dira. Beharrezkoa bada, erabiliko den arazketa-sistema aurkeztuko da, haren mantentze-programa eta araztutako uren eta hondakinen helmuga zehaztuta. Eroanbideak itxiak eta iragazgaitzak izango dira.

  3. Ukuiluratze askean, eskortetako jariatze-urak simaur-hobira bideratzeko eta han biltzeko sistema bat ezarri beharko da; ur horiek kontuan hartuta diseinatu beharko da. Eskorta horiek zoru iragazgaitza izango dute akuiferoak oso kalteberak diren lekuetan. Ez urik ez beste likidorik iragazi ezin denean joko da iragazgaitz gisa.

Ustiategian hildako abereak ezabatzeko, alor horretan unean-unean indarrean dauden xedapenak bete beharko dira.

  1. Hondakin solido ez-organikoak biltegiratzeko era ezingo da izan kutsadura-iturri edo ingurumen-kalteen kausa.

  2. Hondakinok ezabatzeko, indarrean dauden arauei jarraituko zaie, eta ezingo dira aire zabalean erraustu.

  1. Jarduerari ekin aurretik, EAEko abeltzaintza-ustiategi guztiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoetako abeltzaintza-erregistroetan inskribatuta egon beharko dute, eta hori ezinbesteko baldintza izango da abeltzaintza-ustiategiarekin lotutako dokumentazio zooteknikoa edo sanitarioa emateko. Erregistro horiek elkarreragingarriak izango dira, autonomia-erkidegoak erabakitzen dituen informazioa trukatzeko sistemen bidez, honako hauekin: Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrari buruzko irailaren 27ko 203/2011 Dekretuak arautua), Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrarekin (Abeltzaintzarako ustiategien Erregistro Orokorra ezarri eta araupetzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuak arautua) eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Ustiategien eta Nekazaritza Ekoizpenaren Informazio Sistemarekin (SIEX), (Nekazaritza eta Abeltzaintza Ustiategien eta Nekazaritza Ekoizpenaren Informazio Sistema (SIEX), Nekazaritza Ustiategien Erregistro Autonomikoa eta Nekazaritza Ustiategiaren Koaderno Digitala ezarri eta arautzen dituen abenduaren 27ko 1054/2022 Errege Dekretuaren bidez arautua).

  2. Debekatuta dago kokaleku berean titular batek edo gehiagok abeltzaintza-ustiategi edo Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorreko kode bat baino gehiago izatea, bata nagusia eta bestea bigarren mailakoa; izan ere, ezingo litzateke ezarri biosegurtasuneko neurririk.

  3. Kokaleku bakoitza titular nagusiari atxikita egongo da, baita eremu geografiko bati ere; eremu hori, oro har, dagokion udal-mugartea izango da.

  4. Kokaleku berean I. eranskinean deskribatutako hainbat espezie badaude, abeltzaintza-ustiategien Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorreko kode bakar bat esleituko da jardueren eta biosegurtasun-baldintzen arabera.

  5. Agintaritza eskudunak erabakiko du, indarrean dagoen legeria sanitarioa eta ustiategien antolamenduari buruzko legeria aplikatuta, titular berak ustiategi bat baino gehiago izan ditzakeen edo izan behar dituen, kokapen batean edo gehiagotan, udal-mugarte edo tokiko albaitaritza-bulego berean. Alde horretatik, unitate epidemiologikoaren kontzeptua funtsezkoa izango da kokapen berria lehendik dagoen ustiategi baten barruan erregistratu behar den edo berri gisa alta eman behar zaion zehazteko.

  6. Abeltzaintza-ustiategietan egiten diren aldaketak, hau da, ekoizpenaren orientazioa handitzea edo aldatzea dakartenak, Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatu eta, hala badagokie, baimendu beharko dira, titularrak eskatuta nahiz erregistroaren ardura duen bulegoak ofizioz eskatuta.

  7. Dagokion lurralde historikoko foru-organoko Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan inskribatzeko eta datuak aldatzeko eskaerak 39/2015 Legearen arabera izapidetuko dira (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

  1. Etxeko ustiategiek, 3. artikuluan zehazten diren moduan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute foru-aldundietako abeltzaintza-zerbitzuetan, dekretu honen IX. eranskinari jarraituz.

  2. Foru-aldundietako abeltzaintza-zerbitzuek erregistratzen diren ustiategi berrien berri emango diete udalei.

  1. Ustiategi estentsiboetako instalazioen sailkapena, 4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, haien abeltzaintza-instalazioen edukieraren arabera egingo da, eta ez ustiategiaren erroldaren arabera, eta dekretu honen 20. artikuluan zehaztutako prozeduraren arabera izapidetuko dira.

  2. Erlezaintzako ustiategien kasuan, erlategien kokalekuak dagokion foru-organoaren baimena izan beharko du, eta erlezaintzako kokalekuetan, erlategien eta erlezaintza antolatzeko araudian zehaztutako lurraldeko beste elementu batzuen artean ezartzen diren gutxieneko distantziak bete beharko dira.

  3. Udalean erlezaintzako instalazioak izapidetzerakoan, orotariko lantegientzako irizpideei jarraituko zaie; instalatutako guztizko potentziari eta ekoizpenerako azalerari dagokienez. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.C eranskinean (jarduera sailkatuaren lizentzia) eta I.D eranskinean (jarduera sailkatuaren aldez aurreko jakinarazpena) zehazten dira horiek.

  1. Ingurumen baimen bateratua eta ingurumen baimen bakarraren mende dauden ustiategi-proiektuetan baimen horiek ematea Eusko Jaurlaritzan ingurumen arloko eskumena duen sailaren eskumena baita, sustatzaileak X. eranskinean jasotako dokumentazioa ingurumen baimenaren proiektu teknikoaren barruan sartuko du. Ingurumen-organoak dagokion foru-aldundian abeltzaintza-arloko eskumena duen zerbitzuari txosten sektorial bat eskatu beharko dio. Txosten hori nahitaezkoa eta loteslea izango da, abeltzaintza-sektoreen antolamendu-araudiaren arabera.

  2. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten ustiapen-proiektuetan, instalazioak kokatuta dauden udalari dagokio lizentzia ematea. Jarduera sailkaturako lizentziaren eskaera udalari aurkeztuko zaio, eta sustatzaileak jarduera sailkatuen espedientean sartuko du X. eranskinean jasotako dokumentazioa.

    Jendaurrean jartzeko epea hilabetekoa izango da, alegazioak aurkez daitezen. Jendaurrean jartzeko epearekin batera, udalak txosten tekniko hauek eskatuko dizkie kasuan kasuko organo eskudunei (eta horiek hamabost eguneko epean eman beharko dute erabakia, aurkeztutako eskaera aztertu ondoren):

    1. Osasun-txostena, nahitaezkoa eta loteslea, osasun publikoaren arloko agintaritza eskudunari.

    2. Txosten sektoriala, nahitaezkoa eta loteslea, abeltzaintzaren arloan eskumena duen foru-organoari. Organo horrek, espezieen sektoreko araudian oinarrituta, proiektu horiek bete beharreko baldintzak aztertu eta horien inguruko txostena egingo du.

    3. Ingurumen-txostena, babes- eta zuzenketa-neurriak ezartzeari buruzkoa, nahitaezkoa eta loteslea: 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriek txosten bat eskatu beharko diote dagokion foru-aldundian ingurumen-eskumenak dituen organoari; txosten horrek jarduera ingurunearekin bateragarri egiteko eska daitezkeen ingurumena babesteko eta zuzentzeko neurriak jasoko ditu. 10.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerriek dagokion foru-aldundiko organo eskudun horri eskatu ahal izango diote txostena.

      Era berean, udalak beharrezkoa den beste edozein txosten eskatu ahal izango die, jardueraren izaeraren arabera, beren eskumenen arabera iritzia eman behar duten organo guztiei, hamabost eguneko epean, aurkeztutako eskaera aztertuta txostena egin dezaten.

  3. Jarduera sailkatuen aurretiazko jakinarazpena behar duten proiektuetan, jakinarazpen hori udalean aurkeztuko da, instalazioak hasteko prest daudenean, eta, hala badagokio, nahitaezko hirigintza-lizentziak, baimenak eta jakinarazpenak izango dituzte eta abeltzaintza-antolamenduko dagozkion erregistroetako inskripzioa izan beharko dute. Aurkeztu beharreko dokumentazioa X. eranskinean zehaztutakoa izango da.

  1. Administrazio publikoek, ingurumenaren eta abeltzaintzaren arloan dituzten eskumenak baliatuz, eraginkortasun-, lankidetza- eta koordinazio-printzipioen arabera jardungo dute, eta ezarritako helburuak betetzeko informazioa emango diote elkarri.

  2. Ingurumenean eta pertsonen osasunean eragina duten jarduerak antolatzea, ikuskatzea eta horietan diziplina jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateei dagokie, beren eskumenen esparruan.

  3. Lurralde historikoetako foru-organoei dagokie ingurumen-organoari laguntzea ingurumen-baimen bateratua eta ingurumen-baimen bakarra behar duten dauden jarduera eta instalazioei dagokienez.

  4. Lurralde historikoetako foru-organoei dagokie udalei laguntzea jarduera sailkaturako lizentziaren eta jarduera sailkatuen aurretiazko jakinarazpenaren prozedura behar duten jarduera eta instalazioei dagokienez.

  5. Jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpena behar duten jardueren kasuan, udalari dagokio jarduera horiek egiaztatzea, zaintzea, ikuskatzea eta zehatzea. Udalek aurretiaz jakinarazi beharreko sailkatutako jardueren pean dauden jarduketa eta instalazioen erregistroa egingo dute, horiek udal-mugartean egiten badira. Helburu den jarduketak ez badu eskatzen garatuko den lokaletan obrak egitea, jakinarazpenaren eraginkortasuna instalazio horietan gauzatzea helburu den jarduketaren hirigintza-bateragarritasunaren mendekoa izango da.

  6. Jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpena behar ez duten etxeko ustiategien kasuan ere, udalari dagokio jarduera horiek egiaztatzea, zaintzea, ikuskatzea eta zehatzea.

  7. 4 AzLUtik beherako edukiera duten ustiategien kasuan, haien jarduera bizitegirako hiri-lurzoruan egin behar bada, foru-organo eskudunak hirigintzako justifikazioari buruz galdetu ahal izango dio dagokion udalari, abeltzaintzako erregistroetan inskribatu aurretik.

Dekretu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, xedapen hauetan ezarritako arau-hausteen eta zehapenen araubidea aplikatuko da: Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legea eta Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legea ezarritakoarekin, bai eta administrazio-zuzenbidearen barruan, ingurumenaren eta animalien higienearen arloko gainerako zehapen-xedapenetan ezarritakoa ere.

Ingurumen-baimen bateratua, ingurumen-baimen bakarra, jarduera sailkatuaren lizentzia edo jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpena izapidetze-fasean duten eta oraindik administrazio-bidean ebazpen irmorik ez duten ustiategiak, baldin eta dekretu hau argitaratu aurretik ekoizpen-prozesuan zuzenean inplikatutako instalazioak eraikitzen hasteko beharrezkoak ziren izapide guzti-guztiak bete badituzte, izapide horiek bete ziren unean indarrean zegoen araudiaren arabera ebatziko dira.

Indargabetuta geratzen da dekretu honetan xedatutakoaren aurka dagoen maila bereko nahiz beheragoko xedapen oro, eta, bereziki, abeltzaintza-ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen irailaren 22ko 515/2009 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.C eranskineko 17. eta 18. puntuak aldatzea (jarduera sailkatuaren lizentzia behar duten jarduerak eta instalazioak):

  1. 20 AzLU (azienda larri unitateak) baino gehiagoko abeltzaintzako ustiategiak eta etxeko eskortak, edo ustiategi baliokideak, irailaren 22ko 515/2009 Dekretuaren 3. artikuluko a) apartatuan agertzen diren proportzioen arabera, edo horren ordez aterako den araudiaren arabera; txakur-zaindegiak (hazkuntza eta hezkuntza), 25 txakur baino gehiago hartzeko lekua badute; denak ere, baldin eta lurzoru urbanizaezinean edo industriarako hiri-lurzoruan badaude.

«18. Etxeko abeltzaintza-jarduerak, alegia, 4 AzLU (azienda larri unitateak) baino gehiago dituzten instalazioak, eta txakur-zaindegiak, den-denak bizitegirako hiri-lurzoruan baldin badaude».

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.D eranskineko 10. puntua aldatzea (jarduera sailkatuaren lizentzia behar duten jarduerak eta instalazioak):

  1. Jarduera sailkatuen udal-lizentzia behar duten instalazioak eta jarduketak aurreikusten dituen eranskinean ez dauden abeltzaintza-ustiategiak, etxeko ustiategiak izan ezik.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Eranskinak egokitzeko araudi-gaikuntza.

Ahalmena ematen zaie Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren eta nekazaritzaren arloetan eskumena duten sailetako titularrei, baterako agindu bidez dekretu honetan xedatutakoa garatu dezaten. Halaber, bereziki dekretu honetako eranskinak aldatu ahal izango dira baterako agindu bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko otsailaren 25ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.