- 9/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaren eta Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundearen artean sinatutako hitzarmena, erakunde gaitutzat jarduteko transakzio elektronikoak egiten, pertsona interesdunen izenean eta haien kontura, Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioekin lotutako prozeduretan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu9/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaren eta Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundearen artean sinatutako hitzarmena, erakunde gaitutzat jarduteko transakzio elektronikoak egiten, pertsona interesdunen izenean eta haien kontura, Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioekin lotutako prozeduretan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 24
- Hurrenkera-zk.: 563
- Xedapen-zk.: 9
- Xedapen-data: 2025/01/22
- Argitaratze-data: 2025/02/05
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte gaiak; Lana eta enplegua; Instituzional
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako zabalkundea emateko, hau
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 22a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko abenduaren 2an.
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Miguel Torres Lorenzo, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lehendakari eta legezko ordezkari, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 5. artikuluaren arabera.
Marta Senz Eriz, Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeko Koordinatzaile Nagusia eta Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundearen legezko ordezkaria, haren izenean eta hura ordezkatuz.
Hitzarmena sinatzeko beste gaitasun juridiko badutela aitortu diote bi alderdiek elkarri; eta, horrenbestez, honako hau
AZALTZEN DUTE:
Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legeak zioen azalpenean bertan jasotzen du garrantzitsua dela euskal herritarrak Sistemaren erdigunean kokatzea eta ziurtatzea pertsona guztiak berdinak direla administrazio eskudunekiko jarduketa juridikoan dabiltzanean.
Hala, 9. artikuluan, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen, laguntzen, tresnen eta zerbitzuen titularren eta onuradunen eskubideak ezartzen ditu, honako hauek barne: informazio osoa, egiazkoa, jarraitua, ulergarria, irisgarria, nahikoa eta eraginkorra lortzeko eskubidea; gauzak ondo ulertzea eta ondo ulertaraztea, komunikazio guztietan hizkera argia, erraza eta ulerterraza erabiliz; arreta pertsonalizatu espezializatua, integratua, goiztiarra eta malgua jasotzeko eskubidea, bai eta iradokizunak eta erreklamazioak egiteko eskubidea ere.
Legearen 70. artikuluan ere pertsonen eskubideak jorratzen dira; zehazki, artikulu horrek ezartzen du harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko eskubidea duela jendeak, zerbitzu elektronikoen eskuragarritasuna ziurtatuta edukiko dutenez, eta bazterketa digitalik ez jasateko eskubidea. Gainera, bidea irekitzen du Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitateak gaitzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko, interesdunen ordezkari izanik.
Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 79. artikuluak xedatzen duenez, administrazio publikoek, oro har edo berariaz, baimendutako pertsona fisiko edo juridikoak gaitu ditzakete transakzio jakin batzuk bitarteko elektronikoen bidez egiteko, baimendutako pertsonen ordezkari. Artikulu horren 2. artikuluak dio, gainera, gaikuntza hori herritarrei arreta emateko eskumena duen administrazio-organoaren titularrak emandako ebazpenaren edo formalizatutako hitzarmenaren bidez taxutuko dela.
Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundearen estatutuek honako helburu hauek identifikatzen dituzte, besteak beste: inklusioa, pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako borroka, zaurgarri diren pertsonei laguntzea, pobreziak eta bazterkeriak eragindako taldeen adierazpena eta parte-hartzea bultzatzea.
Diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren prestazioekin lotutako prozeduren kudeaketa arintzeko aldera, mekanismo zeharo egokia da erakundeei gaitasuna ematea, interesdunen izenean eta haien kontura, transakzio elektroniko jakin batzuk egiteko, eta, aldi berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidearen eraginkortasuna ziurtatzeko (eskubide hori Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 70.1 artikuluan aitortzen da).
2024an, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza izenduna eman dio EAPN Euskadi - Pobreziaren eta Giza Bazterketaren Aurkako Europar Sarea elkarteari, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Sistema hobetzeko proiektu bat jakin bat garatzeko, hain zuzen, herritarrei prestazioen inguruan eman beharreko informazioari eta laguntzari buruz. Emandako dirulaguntza horren harira, proiektu pilotu bat abian jarriko da Euskadiko hirugarren sektoreko hiru erakunderekin batera, lurralde historiko bakoitzeko bana. Proiektu horren bidez, erakunde horiek gaikuntza lortuko dute interesa duten herritarren ordez jarduteko, Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioekin lotutako prozeduren izapidetze elektronikoan.
Proiektu pilotuan parte hartuko duten erakundeak EAPN sareko erakundeak dira denak, proiektu pilotua lantzeko interesa dute eta hitzarmen honen bosgarren klausulako baldintzak betetzen dituzte. Horiexek aukeratu ditu Lanbidek lankidetza-hitzarmena elkarrekin taxutzeko.
KLAUSULAK
Lehenengoa. Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundea gaitzeko konpromisoak eta betebeharrak ezartzea, interesdunen izenean eta haien kontura, transakzio elektroniko hauek egin ditzan:
Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren prestazioak aitortzeko eskaera, bai eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea edo entzunaldi-izapide batean alegazioak aurkeztea ere, eskaeraren izapideetan.
DSBEren zenbatekoa eguneratzeko prozeduretan interesdunaren ordez jardutea, baita DSBE, EPO edo BGDSa kontrolatzeko eta berrikusteko prozeduretan ere.
Zehazki, honako izapide hauek egiterik izango du, betiere, ondorengo, a) eta b) letretan aipatzen diren prozedurekin lotuta:
Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztea, bai eta eskabideko akatsak zuzentzea ere.
Lanbideri jakinaraztea baldin zerbait aldatu bada DSBE, EPO edo BGDS prestazioak jasotzeko eskubidea aldatzea, etetea edo azkentzea eragin dezakeena, edo DSBE prestazioaren zenbatekoa hiru hilean behin eguneratzeko garrantzitsuak diren baldintzak eta betebeharrak betetzeari eragiten diona.
Lanbideri jakinaraztea prestazioen ordainketan eragina izan dezakeen edozein gorabehera garrantzitsu.
Alegazioak egitea eta dokumentuak edo bestelako froga-elementuak aurkeztea.
DSBE, EPO edo BGDS itzultzeko hasitako prozedurei alegazioak egitea, eta prestazio horien zorren ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskaera bideratzea.
Zuzendaritza Nagusiaren mendeko organoek emandako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurkako errekurtsoak jartzea, non eta, lege-xedapenei edo erregelamendu-xedapenei jarraituz, haiek emandako ebazpenek eta administrazio-egintzek ez dieten amaiera ematen administrazio-bideari.
Eskaera bertan behera lagatzea eta DSBE, EPO edo BGDS jasotzeko eskubideari uko egitea.
Jakinarazpenak eta jakinarazpen-abisuak jasotzea.
Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeak ez du gaikuntzarik izango interesdunen izenean eta kontura jarduteko aurreko paragrafoan adierazitakoez bestelako inongo eskaera, izapide edo jarduketatan.
Bigarrena. Arau-oinarria.
Lehenengo klausulan aipatzen den gaikuntza honako hauetan xedatutakoaren arabera egingo da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5.7 artikulua; Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 70.3 artikulua; Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamenduaren 60.3 artikulua; eta Herritarrei Arreta Integrala eta Kanal Anitzekoa Emateko eta Zerbitzu Publikoak Bitarteko Elektronikoen bidez Eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 79.3 artikulua.
Hirugarrena. Ahal publikoak erabiltzeko erreserba.
Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundea gaituta egongo bada ere interesdunak ordezkatuz haien kontura transakzio elektronikoak egiteko, ezingo ditu ahalmen publikoak baliatu, ez eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edozein organori esleitutako eskumenak baliatu.
Laugarrena. Prozeduran interesa dutenen parte-hartzea.
Lehenengo klausulan aipatzen diren prozeduretan interesa duten pertsonek gaitutako erakundeari ordezkaritza ematen badiote, aurrerantzean administrazio-jarduketak erakundeak eginak izango dira.
Horretarako, ordezkaritza eskatzen duten pertsonen zerrenda jakinaraziko dio Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeak Prestazio eta Inklusioko Zuzendaritzari.
Nolanahi ere, interesdunek badute beren kabuz agertzerik dagokien prozeduran, edozein unetan, eta, halakoetan, aurrerantzean, jarduketak agertu den horrekin egingo dira, erakunde gaituak aldez aurretik egindako izapideei kalterik egin gabe.
Interesdunak prozeduran agertzeak ez du eraginik izango gaitutako erakundeari emandako ordezkaritzan; balekoa izango da halere, eta indarrean egongo da.
Bosgarrena. Kaudimen-betekizunak.
Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeak kaudimen-baldintza hauek betetzen ditu:
Betekizun orokorrak:
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen erroldan erregistratuta egotea. Ondo bete beharko dituzte Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldari buruzko martxoaren 7ko 33/2023 dekretuko betekizunak.
Interes orokorreko gizarte-jarduerak garatzea, bere estatutuetan ezarritakoaren arabera.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Ez egotea bere jarduerarekin lotutako delituengatik epai irmo bidez kondenatuta, ezta erakundearen ordezkaria ere.
Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:
Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik edo askotariko diskriminazioa eragiteagatik, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan edo Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan jasotakoaren arabera.
Zehapen osagarriren bat edukitzeagatik, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsiriko Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera, ebazpen irmo bidez.
Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legez ezarritako inongo kausatan ez egotea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak barne:
Ez edukitzeagatik berdintasun-planik indarrean, nahiz horretara behartuta egon Estatuko araudiaren arabera.
Ez edukitzeagatik neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edo indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
Erantzukizun zibileko aseguru bat sinatuta izatea, izapideren bat oker bat egin duten interesdunei sor dakizkiekeen kalteak estaltzeko, baldin akatsa gaitutako erakundeari egotz badakioke. Polizak indarrean jarraitu beharko du erakunde gaitutzat diharduen bitartean.
Erakundearen esperientziarekin eta kapazidadearekin lotutako betekizunak:
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailea izatea, gutxienez duela 3 urtetatik, edo, hala bada, Eusko Jaurlaritzako beste sail batekin edo foru- edo toki-administrazio publiko batekin gutxienez hiru urteko lankidetza egiaztatzea, zehazki, gizartean zaurgarri diren edo izan daitezkeenei gizarteratzen eta/edo laneratzen laguntzeko prozesuetan.
Gutxienez 3 urteko esperientzia izatea orientazio espezializatuan bereziki zaurgarri diren kolektiboekin: gutxiengo etnikoak, asilo-eskatzaileak, etxerik gabeko jendea, baztertuta daudenak, etab.
Era berean, erakundeak zerbitzua EAEko bi hizkuntza ofizialetan ematea ziurtatu beharko du.
Baliabide materialak eskura izateari lotutako betekizunak:
Erakundeek lokalen eta ekipamenduen azpiegitura egokia izan beharko dute, helbide edo kokapen jakin batean, jarduera hasten denetik bertatik, gizarte-erakundeak gaitzeko esperientzia pilotuan garatuko diren ekintzak bertan lantzeko. Honako baliabide hauek izan beharko dituzte gutxienez:
Lokal egokitua, irisgarritasuna sustatzeko arloko legeriaren araberakoa (20/1997 Legea eta garapen-arau teknikoak), honako baldintza hauek behintzat betetzeko moduan:
Oztoporik ez izatea lokalera sartzeko.
Oztoporik ez izatea zerbitzuak eskaintzen dituzten lekura iristeko.
Komun egokituak izatea, zerbitzuko hartzaile guztiek erabiltzeko modukoak.
Bulego bat izatea, gainerako ataletatik bereizia, banakako arreta eskaintzeko, eta proiekturako erabiltzeko. Bulegoak 6 metro koadroko azalera izan beharko du gutxienez, eta altzari eta ekipamendu egokiak (Interneterako konexioa duen ordenagailua, inprimagailua erabiltzeko modua, etab.).
Jarduerari ekiteko unean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemara konektatzeko banda zabaleko interneterako sarbide eraginkorra izango duen azpiegitura.
Gizarteratzearen eta laneratzearen arloko profesional kualifikatuekin lotutako betekizunak:
Jarduerak hasten direnerako, jendeari arreta emateko langile propioak izatea.
Denak ere dagokien hitzarmenaren arabera kontratatuta egon behar dute; dagokien titulazioa edukita: gizarte-hezkuntza, gizarte-lana, psikologia, pedagogia edo antzekoa.
Bai eta hiru urtetik gorako esperientzia eta curriculum egiaztatua gizarte- eta lan-laguntza eta -orientazioko eginkizunetan.
Ofimatikari eta Interneten erabilerari buruzko ezagutzak ere izan behar dituzte.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social entitateak, hitzarmen hau sinatzean, erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (hitzarmen honen I. eranskina), erantzukizun zibileko aseguruari eta dituen giza baliabideei, baliabide materialei eta segurtasun-baliabideei buruzko datuen egiazkotasunari buruzkoa, eta adierazteko denak ere eskuera jarriko dituela, hitzarmen hau gauzatzeko aldera.
Seigarrena. Betebeharrak.
Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeak honako betebehar hauek izango ditu:
Interesdunen eskabideak telematikoki aurkeztea eta lehen klausulan DSBE edo BGDSarekin lotuta aipatzen diren izapideak burutzea.
Horiek burutzeko, arreta handiz jardun behar dute erakundearen aldetik jardungo dutenek, eta legez ezarritako epeen barruan. Interesdunari egotz dakiokeen atzerapenik gertatzen bada izapideen egiaztapenean, horren berri emango zaio eta ekar ditzakeen ondorioen berri ere bai.
Interesdunen dokumentuak eskura edukitzea, eta haien izenean jarduteko ordezkaritza ematea, dokumentuok gordetzea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazio eta Inklusioko Zuzendaritzari eta erakunde horren ikuskaritzari helaraztea, baldin eta eskatu egin bazaizkio Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemari buruzko abenduaren 22ko 14/2022 Legeak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onartzen duen 173/2023 Dekretuak esleitzen dizkieten eskumenak baliatuz.
Halaber, dokumentazio hori Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzaren eskura jarriko da, edonoiz eska dezake-eta.
Interesdunei beren izenean egindako izapideen berri ematea eta jakinarazpenen edukia helaraztea, ahalik eta azkarren.
Erakundearen kontura jardungo duten pertsonen zerrenda bidaltzea, hurrengo klausulan xedatutakoaren arabera.
Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundea izango da erantzule, inongo intzidentziarik gertatzen bada oker parte hartu duelako izapideren batean, eta haren erruz izapideetan atzerapenen bat gertatu bada, edo izapideren bat bete gabe geratu bada, baldin eta:
Egiaztatuta badago interesdunak informazio zuzena eman duela, garaiz eta behar bezala, eta
Egiaztatuta badago, behar bezala aurkeztu izan balitz, interesdunaren mesedetan litzatekeela edo diru-sarrerak bermatzeko errentarekin lotutako kalte ekonomikoa saihestuko lukeela.
Zazpigarrena. Datu pertsonalen tratamendua eta konfidentzialtasuna.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, erakundeak honakoak bete beharko ditu: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuak babesteko erregelamendu orokorra), eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa. Ondorio horietarako, aipatu Erregelamenduaren 28. artikulua betez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kontura dabilen tratamendu-eragiletzat hartuko da erakunde gaitua. Horregatik, datuen tratamenduei ekin aurretik, datu-babesari lotutako konpromisoa sinatu beharko du, ezinbestekoa delako proiektuaren kudeaketa behar bezala aurrera eramateko (hitzarmen honen III. eranskinean dator konpromiso hori).
Erakundeak enkargua bete beharrez eskuratu duen informazio guztia konfidentziala denez, sekretu profesionala gorde beharraz babestuta dago, aplikatzekoa den araudiaren arabera; beraz, ezingo dio informazio hori hirugarrenei jakinarazi, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik eta berariaz baimena eman ezean.
Zortzigarrena. Gaitutako erakundearen kontura jardungo dutenak zein diren adieraztea.
Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazio eta Inklusioko Zuzendaritzari jakinaraziko dio erakundearen kontura zeintzuk jardungo diren: zerrenda bat prestatuko du, zerrenda hori eguneratuta edukiko du, eta jarduleei ere egindako aldaketa guztiak azalduko zaizkie.
Klausula honetan aipatzen diren komunikazioak II. eranskinean jasotako eredu normalizatuaren arabera burutuko dira.
Bederatzigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak.
Lehenengo klausulan aipatzen diren izapideak egiteko gaikuntza Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatzeko eskatuko du Lanbidek. Erregistro hori Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 80. artikuluan dator araututa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erraztasunak emango dizkio Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeari, lehen klausulan aipatzen diren transakzio elektronikoak egiteko dauden aplikazioetara sartzeko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dokumentazio teknikoa eta prestakuntza egokia emango dizkie Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeak izendatutako langileei, eta arreta-zerbitzu telefonikoa ere ezarriko du, gaikuntzari eta izapideei lotutako kontuekin laguntzeko.
Gainera, aipatutako erakundeari jakinarazpenak eta abisuak helaraziko dizkio, baldin eta lehenengo klausulan aipatutako izapideekin lotuta badaude abisuok eta horretarako eskaera egin badu, laugarren klausulan aurreikusitako baldintzetan.
Hamargarrena. Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeari emandako gaikuntza baliogabetzea.
Erakundearen gaikuntza baliogabetzeko arrazoi izango dira, eta, hortaz, hitzarmena azkentze arrazoi, honako hauek:
Bosgarren klausulan ezarritako kaudimen-betekizunak ez betetzea, edonoiz.
Seigarren eta zazpigarren klausuletan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
Baliogabetzea Lanbidek erabakiko du, eta kontraesaneko prozedura bat izapidetu beharko du horretarako, administrazio-prozedura erkidearen bide orokorren bidez arautuko dena, urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.
Baliogabetze-erabakian agertuko da baliogabetzeak ze ondorio izango dituen, baina inola ez dira hedatuko akordio hura eman aurretik erakunde gaitu gisa egindako izapideetara.
Hamaikagarrena. Jarraipen Batzordea.
Hitzarmen hau kudeatzeko, gainbegiratzeko eta kontrolatuta edukitzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honela osatuko da: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak izendatutako bi kide, Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundeak izendatutako kide bat eta Red Europea de Lucha contra la Pobreza y la Exclusión Social en Euskadi elkarteak izendatutako kide bat. Sare horretako kide da Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundea, eta koordinazio-eginkizunak beteko ditu batzordean.
Batzordeak ohiko bilkura bat izango du hilean. Horrez gainera aparteko kasuetan bildu liteke, alderdiren batek eskatzen duenean.
Jarraipen Batzordeari dagokio hitzarmen honek sortutako konpromisoak interpretatzeari eta betetzeari buruzko arazoak ebaztea, bai eta alde sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea ere.
Hamabigarrena. Kontratua suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau azkendu egingo da xede dituen jarduketak betetzen ez badira, suntsiarazteko arrazoiren bat dela medio; hala dio urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.1 artikuluak.
Honakoak dira hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoiak (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan ezarritakoaren arabera):
Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, eta luzatzeko erabakirik ez hartzea.
Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
Sinatzaileetakoren batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
Erabaki judizial batek hitzarmena deusez deklaratzea.
Beste arrazoiren bat, goian jaso eztakoa, hitzarmenean edo beste legeren batean jasota badago.
Hamahirugarrena. Araubide ekonomikoa.
Hitzarmen honek ez dakarkie betebehar ekonomikorik alde sinatzaileei.
Hamalaugarrena. Indarraldia.
Hitzarmenaren indarraldia hiru hilabetekoa izango da, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzaren ebazpenaren datatik zenbatzen hasita. Ebazpen horren bidez, Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social entitateari baimena ematen zaio hitzarmen honetan aurreikusitako transakzioak bitarteko elektronikoen bidez egiteko, interesdunen ordezkari gisa.
Nolanahi ere, hitzarmena indarrean egon dadin, aurreko paragrafoan aurreikusitako baimena dagokionari emanda izan beharko du herritarrak artatzeko eskumena duen administrazio-organoak.
Hitzarmen hau amaitu baino lehen luzatu ahal izango da, sinatzaileek aho batez hala erabakitzen badute, beste 3 hilabetez. Indarraldia luzapenik adostu gabe igarotzen bada, amaitutzat joko da.
Hamabosgarrena. Araubide juridikoa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, hala xedatzen baitu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluak.
Hamaseigarrena. Gatazkak ebaztea.
Alderdiek konpromisoa hartu dute hitzarmena betetzean sor daitezkeen gorabeherak elkar hartuta konpontzeko.
Hitzarmena garatzen eta betearazten dihardutela, alderdiek sestraren bat baldin badute eta hamargarren klausulan ezarritako jarraipen-batzordeak ezin badu gatazka hori konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legean (uztailaren 13ko 29/1998) xedatutakoarekin bat etorriz.
Eta ados daudela adierazteko, alderdiek elektronikoki sinatzen dute hitzarmen hau, eta azken sinatzailearen data hartuko da formalizazio-datatzat.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren izenean.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lehendakaria,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social elkartearen izenean.
Zabaltzen-Sartu Koop. Elk. de Iniciativa Social erakundearen koordinatzaile nagusia,
MARTA SENZ ERIZ.
(Ikus .PDF)