- 1/2025 LEGEA, martxoaren 20koa, Ehizaren martxoaren 17ko 2/2011 Legea aldatzekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu1/2025 LEGEA, martxoaren 20koa, Ehizaren martxoaren 17ko 2/2011 Legea aldatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 65
- Hurrenkera-zk.: 1473
- Xedapen-zk.: 1
- Xedapen-data: 2025/03/20
- Argitaratze-data: 2025/04/03
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela 1/2025 Legea, martxoaren 20koa, Ehizaren martxoaren 17ko 2/2011 Legea aldatzen duena.
Euskadiko ehiza arautzen duen egungo araua, martxoaren 17ko 2/2011 Legea, Ehizarena, orain 14 urte onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Arau hark, zioen azalpenean, helburu jartzen zuen tresna egokia izatea ehizaren gizarte-errotzea zaintzeko eta garatzeko eta ehiztariak natura-ingurunearen kudeaketa jasangarrian inplikatzeko.
Ordutik hona igaro den denboran, indarrean dagoen legea tresna egokia izan da foru-erakundeek politika propioak garatu ahal izan ditzaten, eta helburu hori ezinbestekoa da, beren lurraldeetako ehiza-aberastasunari dagokionez dagoen errealitate desberdina ikusita eta, halaber, arau-esparrua izan da ingurune naturala behar bezala kudeatzeko ezinbestekoa den arloa erregulatzeko.
Hala ere, denborak aurrera egin ahala, gizartearen, ekonomiaren eta ingurune naturalaren aldaketek jarduera honi beste bultzada bat ematea eskatzen dute. Izan ere, ehiza landa-ingurunean kohesio soziala lortzeko elementua izateaz gain, jarduera ekonomiko garrantzitsua eta ingurumena zaintzeko funtsezko elementua ere bada, bereziki oreka zinegetikoari dagokionez.
Beharrezkoa da ehiza-ekintza bultzatzea eta haren belaunaldien arteko erreleboa bermatzea. Gai horiek planifikazio eta estrategia koordinatuak behar dituzte, epe ertain eta luzera, ikuspegia helburu zehatzetan jarrita, hala nola herritarren sentsibilizazioa, ehiza-jardueraren normalizazioa, ehiza-produktuen balorizazioa edo belaunaldien arteko erreleboa erraztea eta laguntzea.
Hala eta guztiz ere, datu objektibo batzuek adierazten digute neurriak hartu behar direla, behar bezalako berme juridikoekin, premiazkoenak diren gai batzuei aurre egin ahal izateko.
Adibidez, 2011ko datuak, egungo legea onartu zen urtekoak, eskuragarri dauden azken datuekin, 2022koekin, alderatzen baditugu, ukaezina da neurriak hartu behar direla ahalik eta lasterren. Hala, 2011n 40.138 ehiza-baimen zeuden Euskadin eta 2022an, berriz, 31.383, hau da, ia % 22ko beherakada. Horien aurrean, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren datuen arabera, 2011n animaliekin izandako 6.250 gertakari kudeatu ziren, eta 2023an 16.006 izan ziren. Datu horiei animalia horiek nekazaritzan eragindako kalteei dagozkienak gehitu behar dizkiegu, urtetik urtera gero eta handiagoak baitira.
Horregatik guztiagatik, egoera aztertu eta balizko konponbideak jorratu ondoren, bai inplikatutako erakundeekin (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta abar), bai ehiztariekin beraiekin, martxoaren 17ko 2/2011 Legea, Ehizarena, aldatzeari ekiten zaio.
Horretarako, aldatzeko lege-proposamen honek, bere artikulu bakarrean, martxoaren 17ko Ehizaren 2/2011 Legeko 2. artikulua aldatzea proposatzen du, ehizaren definizioari erreferentzia egiten diona.
Horrela, salbuetsita egongo dira ehiza-baimena behar izatetik ehiza-ekintzan aktiboki parte hartzen ez duten pertsonak eta lagun egiten dietenak, besterik ez, legeak ezarritakoaren arabera ehizan ari direnei. Horretarako sortzen, definitzen eta arautzen da ehiztari-lagunaren figura.
Azkenik, aldaketa hori indarrean sartzera bideratutako azken xedapen bat ere jaso da.
Ehizatzea da gizakiak, arte, arma, animalia edo bestelako modu homologatuen bidez animaliak bilatzea, erakartzea, esestea edo jazartzea, azken buruan, animalia horiek hiltzeko edo harrapatzeko asmoz, edo besteren batek harrapa ditzan errazteko asmoz.
Ehizaki gisa jotzen diren animaliak soilik ehiza daitezke.
Ez da ehiza-ekintza gisa joko ehiztari-lagunek egiten dutena, hau da, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera jardueran aritzen direnei lagun egiten dietenena, besterik ez. Pertsona horiek ezin izango dute armarik eraman eta ezin izango dute modu aktiboan parte hartu ehiza-ekintzan, eta ez dute beharrezko izango ehiza-baimenik edukitzea. Nolanahi ere, ehiza-ekintzan aritzen direnek ehizaldian lagun egiten dietenen segurtasunaren erantzule izango dira, bai eta horien balizko ez-betetzeen ondorioen erantzule ere.
Ondorio horietarako ez dira ehiztari-laguntzat hartuko honako hauek: ehizakiak altxatzera joaten direnak, uxatzaileak edo haizatzaileak izenekoak, ez eta ehiza-ekintza ehiza-txakurren bidez egiten dutenak ere, txakurzain gisa ezagutuak.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 26a.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (1)
- Aldatzen du: 2/2011 LEGEA, martxoaren 17koa, Ehizarena.