- 7/2024 LEGEA, abenduaren 19koa, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu7/2024 LEGEA, abenduaren 19koa, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 8
- Hurrenkera-zk.: 172
- Xedapen-zk.: 7
- Xedapen-data: 2024/12/19
- Argitaratze-data: 2025/01/14
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia
Testu legala
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskadiko Kooperatiben onartzen duen abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzen duen abenduaren 19ko 7/2024 Legea.
2024ko urriaren 28an, penintsulak eta Balear Uharteek mende honetako GOIDIrik okerrenaren ondorioak jasan zituzten. Euriteen intentsitateak, metro koadroko 600 litrotik gora erori baitziren zenbait tokitan, uholde larriak eragin zituen udalerri eta errepide askotan, kalte pertsonal larriak sorraraziz, hildako eta desagertu asko izan baitzen, bai eta kalte material ugari ere, azpiegituretan zein ondasun publiko eta pribatuetan, eta horien ondorioz etenak egon ziren funtsezko zerbitzuetan, hala nola ur-horniduran, hornidura elektronikoan eta telefonian, bai eta mozketak errepide- eta trenbide-sarean ere.
Alderik kaltetuenak hauek izan dira: Valentziako probintzian, Utiel-Requena aldea, l'Horta Sud, La Ribera Alta eta Baixa eta Los Serranos eskualdea; Albaceten, Letur udalerria, non uholdea gertatu den; Cuencan, Mira udalerria; eta Andaluzian, Málaga, Almería, Granada, Sevilla, Huelva eta Cádiz probintzietako hainbat toki.
Larrialdia hain handia izan da, ezen autonomia-erkidegoek eta nazioarteko erakundeek hainbat eskaintza eta laguntza helarazi baitizkiote Valentziako Erkidegoari, elkartasuna erakutsiz; horrez gain, boluntario ugari joan da txoko guztietatik kaltetutako eremuetara, GOIDIaren ondorioak berehala arintzen saiatzeko.
Hala ere, egindako jarduketa guztiak gorabehera, GOIDIak eragindako hondamendi naturala oso handia denez gero, askoz neurri gehiago hartu beharko dira kaltetutako herrietan pairatzen ari diren bizi-baldintzen nahasmendu larriari aurre egin ahal izateko.
Neurri horiek tragedia horren biktimei laguntzera bideratu beharko dira, bai eta kaltetutako azpiegiturak, zerbitzuak eta ondasun publiko zein pribatuak berreraikitzera, berritzera eta konpontzera ere, kaltetutako aldeetan normaltasuna berrezarri ahal izateko, ahal den neurrian.
Ildo horretan, beste behin ere, ekonomia sozialak eta, zehazki, sektore kooperatiboak, bere balioak praktikan jartzeko helburuarekin, hala nola komunitate-sentimendua eta ingurune sozialarekiko eta, oro har, gizartearekiko konpromisoa, tresna bat behar dute, aukera emango diena, aldez aurretik demokratikoki hartutako erabakiaren ondorioz, kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako nahitaezko ekarpena (COFIP) bideratzeko horrelako hondamendiek eragindako kalteak arintzen lagunduko duen edozein jardueratara.
Komeni da kontuan hartzea sozietate kooperatiboaren ezaugarri nagusietako bat dela bi alderditan garatzen duela bere jarduera, eta horrek gainerako erakunde enpresarialetatik bereizten duela. Alde batetik, merkatuan jardun behar du, egitura enpresarialera nahitaez egokituta, baina, bestetik, hertsiki arlo enpresarialekoak ez diren helburuak lortzera bideratu behar da, batzuetan barrura begira, hala nola bazkideen hezkuntza-funtzioa eta kideen interes ekonomiko eta sozialen sustapena, eta kanpora begira beste batzuetan, hau da, jardungo duen ingurunean eta gizarte osoan laguntza sustatzen parte hartuz, besteak beste.
Berezitasun horren isla da sortzen den funts banaezina, kooperatibak bazkideei ezartzen dizkien zehapen ekonomikoetatik elikatzen dena, batzar orokorrak zehazten dituen edo estatutuek ezartzen dituzten soberakinen ehunekoaz gain (gutxienez % 10, salbuespen gisa % 5), eta kooperatibak inolaz ere erabili ezin duena, legez araututako helburuetara bideratzeko ez bada.
Hau da, behin proiektu kooperatiboaren bideragarritasuna babestuta (sozietateak emaitza positiboak dituenerako soilik ezartzen da derrigortasuna), printzipio kooperatiboak betetzea helburu duen funtsaren zuzkidura derrigorrezkoa dela ezartzen da.
Zoritxarrez, sektore kooperatiboak badaki zer den larrialdi-egoeretan horrela esku hartzea. Ez dago ahazterik COVID-19a zela eta onartutako arautegia, Ekonomiaren eta enpleguaren aldeko premiazko neurri osagarrien apirilaren 21eko 15/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez onetsitakoa, zeinak, 13. artikuluan, xedatzen zuen kooperatiben hezkuntzarako eta sustapenerako funtsaren erabilera malgutzea, aldi baterako eta salbuespen gisa, COVID-19aren ondorioak arintzeko; ondoren, 2021eko abenduaren 31ra arte luzatu zen funtsaren indarraldia, maiatzaren 4ko 8/2021 Errege Lege Dekretuaren bidez, non berriro arautu zen gaia, 12. artikuluan.
Alde batera utzita legeria autonomikoa aplikatzekoa zaien kooperatibei Estatuko neurri hori aplikatzearen egokigarritasunak sor ditzakeen zalantzak, legearen interesa gailenaraziz kasu zehatz eta salbuespenezko horretan, denon onerako eta, batez ere, lege-mailako tresna normatibo berehalakorik ez izatean justifikatuta, esaterako, hala egokituz gero, Eusko Jaurlaritzak lege-dekretu bat promulgatzea (Euskal Autonomia Estatutuan aurreikusita ez dagoen tresna normatiboa), kooperatibek aukera izan zuten gizartearekiko konpromisoa zabaltzeko eta ekarpena osasun-larrialdia arintzera bideratzeko.
Hala ere, ikusirik errealitateak erakusten digula horrelako larrialdi-egoerak areagotu daitezkeela eta beharrezkotzat joz, Estatu-mailan hartuko diren neurriez gain, euskal kooperatibei esparru juridiko propioa eta egonkorra ematen jarraitzea eta hori aplikagarritasunari buruz egin daitezkeen interpretazioetatik kanpo geratzea, zeren berehalako erantzuna behar den egoeretan ezin baita horrelako interpretaziorik onartu, beharrezkoa ikusten da Euskadiko Kooperatiben Legea aldatzea, kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako nahitaezko ekarpenaren (COFIP) erabilera aldi baterako eta ezohiko moduan malgutzeko.
Horregatik, beharrizanaren eta efikaziaren printzipioak arautze on bat gidatzen duten printzipio gisa hartuta eta legegintzako ekinbidea baliatuta, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzeko lege-proposamen hau aurkezten da.
Ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren arabera deklaratutako alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak indarrean dauden bitartean, bai eta Estatuak «babes zibileko larrialdi batean larriki kaltetutako eremu» bat deklaratu duen kasuetan, edo Autonomia Erkidegoak eremu batean hondamendiko larrialdi-egoera deklaratu duen kasuetan ere, babes zibilari eta larrialdiak kudeatzeari buruzko legeen arabera, kooperatibek kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako nahitaezko ekarpena (COFIP) erabili ahal izango dute, guztiz edo partzialki, honako helburu hauetarako:
Finantza-baliabide gisa, kooperatibak likidezia izan dezan, baldin larrialdi-egoerak zuzenean eragiten badio eta funtzionatzeko beharrezkoa badu. Ondorio horietarako, kooperatibak helburu horretara bideratutako ekarpena itzuli beharko du; horretarako, urte bakoitzean sortzen diren erabilera askeko emaitzen % 30, gutxienez, jarri beharko du salbuespenez aplikatzeko erabakia hartu zenean ekarpenak zuen zenbatekora iritsi arte, gehienez ere 10 urteko epean.
Adierazitako deklarazioen ondoriozko larrialdi-egoera geldiarazten edo murrizten eta/edo haren ondorioak arintzen lagunduko duen edozein jardueratarako, ekintza propioen bidez zein dohaintzak eginez haietan esku hartzen duten beste entitate publiko edo pribatu batzuei edo eragindako kooperatibei eurei.
Bi kasuetan, helburu horretara bideratutako nahitaezko ekarpenak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren homologazioa izan beharko du, ekarpenaren beharra eta xedea egiaztatzeko.
Artezkaritza-kontseiluak, egoera horietan, bere gain hartu ahal izango du, salbuespen gisa, kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako nahitaezko ekarpenaren (COFIP) aplikazioa, apartatu honetan adierazitako moduan, onartzeko eskumena, baldin eta, batzar orokorra baliabide telematikoen bidez egiteko bitarteko egokirik edo nahikorik ez izateagatik, ezinezkoa bada sozietate kooperatiboen batzar orokorra deitzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 7a.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.