- 195/2006 DEKRETUA, urriaren 10ekoa, adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko Dekretua bigarren aldiz aldatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu195/2006 DEKRETUA, urriaren 10ekoa, adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko Dekretua bigarren aldiz aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 206
- Hurrenkera-zk.: 5322
- Xedapen-zk.: 195
- Xedapen-data: 2006/10/10
- Argitaratze-data: 2006/10/27
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak
Deskribapenak
Testu legala
Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren bidez lortu nahi dena hauxe da: adintsuek dituzten benetako beharrekin bat etorriz, adintsuen etxeetako gizarte-zerbitzuen gutxieneko materialak eta funtzionalak egituratzea eta doitzea, erabiltzaileen eskubideak bermatzeko. Dekretuaren I-IV. eranskinetan, adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzu guztiek bete beharreko baldintza materialak eta funtzionalak ezartzen dira batetik, eta, bestetik, bakoitzaren sailkapenaren araberako baldintza bereziak. Baldintza horiek adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzu guztiek bete beharrekoak izango dira, hots, titulartasun publikoa dutenek eta titulartasun pribatua dutenek bete beharrekoak; baldintzak betetzea ezinbestekoa izango da baimena lortzeko. Gainera, V. eranskinean, titulartasun pribatua duten adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuak homologatzeko irizpideak ezarri dira, homologazioa ezinbestekoa da-eta Administrazio Publikoarekin itunak egiteko.
artikuluan ("Xedea") eta, bereziki, 2. puntuan ezartzen denez, hauxe hartuko da adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzutzat: izena, titulartasuna edo ezaugarriak edozein izanda ere, 60 urtetik gorako, edota gorabehera pertsonal eta sozialengatik horien pareko izan daitezkeen bost pertsonei edo gehiagori bizilekua, mantenua eta zainketa diru-truk ematen dizkien establezimendu oro.
Bestalde, 2. artikuluan ("Sailkapena"), adintsuentzako etxeetako hiru gizarte-zerbitzu mota bereizten dira: apartamentu babestuak, etxebizitza komunitarioak eta egoitzak, bakoitza bere ezaugarriekin.
Lehenei dagokienez, dekretuaren arrazoi-azalpenean adierazitakoari jarraiki, etxebizitza komunitarioez gain, beharrezko ikusten zen beste bizileku mota batzuk arautzea, esaterako apartamentu babestuak, aski frogatuta baitago ezin egokiagoak direla. Izan ere, apartamentuok oso aukera ona ematen dute egoitzen aldean.
Adierazitako 2. artikuluan, honela daude definituta apartamentu babestuak: "pertsona bakarreko eta/edo bikoteko etxebizitza autonomoen multzoak dira; taldeko zerbitzuak dituzte, aukeran erabiltzekoak, eta duten egoera psiko-fisiko eta soziala kontuan izanda baliabide gehiagorik behar ez duten pertsona nagusientzat dira".
Bete beharreko baldintza materialei eta funtzionalei dagokienez, dekretuaren I. eranskinean adierazitakoez gain (horiek komunak dira etxeetako gizarte-zerbitzuen hiru tipologietarako, eta titulartasun publikoa zein pribatua duten guztiek nahitaez bete beharrekoak baimena lortzeko ezinbesteko baldintza gisa), IV. eranskinean apartamentu babestuetarako berariazko baldintzak ezartzen dira.
Horri dagokionez, adierazi beharra dago martxoaren 10eko 41/1998 Dekretua onartu zenean titulartasun publikoa zuten apartamentu babestuak baino ez zeudela, eta hartzaileen eta apartamentuak eskuratzeko baremoen inguruko antzeko baldintzak zituztela. Hori dela-eta, IV. eranskina, laburra izanik ere, nahikoa zen baldintzak arautzeko.
Adierazitako dekretua indarrean jarri ondoren, berriz, ustezko apartamentu babestuak eraikitzeko ekimen pribatuak (eta ekimen publikoren bat ere bai) ugaldu egin dira. Ekimen horietan, salerosketa-kontratuak edo jabetza osorik edo partzialki eskuratzeko zuzenbideari jarraiki araututako beste formula batzuk daude. Horren ondorioz, apartamentu babestuen egungo araudia ez da nahikoa apartamentu horiek definitzen dituzten funtsezko zenbait alderdi babesteko (hala nola helburuak, funtzioak eta hartzaileen tipologia) eta erabilera eta babes egokiak bermatzeko, eta ezerk ez du eragozten apartamentuen eraikuntza eta funtzionamendua baimendu izanaren jatorrizko xedea hutsaltzeko aukera.
Bestalde, apartamentu babestuen bidez adintsuen taldearen etxebizitza-premiari erantzun nahi zaio, eta, horretarako, ostatua, mantenua, laguntza eta segurtasuna eskaini, komunitatean era autonomoan bizitzen jarrai dezaten. Gizarte-baliabide diren apartamentu babestuen funtsezko baldintzetako bat apartamentua erabiliko duen adintsuak, baliabidearen titulartasuna edozein izanik ere, etxebizitzarik ez izatea edo etxebizitzak gutxieneko bizigarritasun-baldintzak edota irisgarritasun-baldintzak ez betetzea da. Gainera, sarritan, elkarbizitzari edo bakardadeari lotutako arazoak edota etxebizitza eskuratzeko aukerarik ematen ez dieten baliabide ekonomiko urriak izaten dituzte adintsuek.
Azaldutako argudioak kontuan hartuta, eta martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuan aurreikusitako arau-esparrua osatzeko helburuarekin, beharrezkoa da dekretuan apartamentu babestuekin zerikusia duten edukien aldaketa onartzea, honako alderdi hauek (besteak beste) finkatzeko eta osatzeko: erabiltzaileen tipologia, prezioen erregimena, oinarrizko zerbitzuak eta zerbitzu osagarriak; gainera, erabilera-erregimena, baliabidea kudeatzen duen erakundeak babesa kudeatzen eta ematen jarraitzeko hartutako konpromisoa, eta babesaren erabilera praktikoa zehaztu beharko dira. Aldaketa hori praktikan gauzatzeko, beste modu batez idatzi behar dira 1. artikuluaren ("Xedea") hirugarren puntua (dekretuaren aplikazio-eremuaz salbuesteko beste kasu batzuk ezartzeko), 2. artikuluaren ("Sailkapena") a) idatz-zatia (erabiltzaileen ezaugarriak zehazteko), eta apartamentu babestuetarako berariazko baldintza materialak eta funtzionalak biltzen dituen IV. eranskinaren zati handi bat.
Azken batean, hauxe da aldaketaren xedea: eskaintza erabiltzaileen benetako premietara egokitzea eta adintsuentzako apartamentu babestuen eta beste formula batzuen (batzuk gizarte-zerbitzuekin zerikusirik ez dutenak) arteko desberdintasuna ezartzea.
Horri jarraiki, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, aholku-organo interesdunei entzun ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari jarraiki eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko urriaren 10ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren,
"3.– Dekretu honen aplikazio-eremutik beren-beregi kanpo geratuko dira autogestio-erregimenpeko familia bakarreko etxebizitzak eta familia-harrerako programak. Halaber, salbuetsita geratzen dira salerosketa-kontratu baten edo zuzenbideari jarraiki araututako jabetza osorik edo partzialki eskuratzeko beste edozein moduren bidez lortutako apartamentuak, eta erabiltzaileak apartamentuaren erabileraren eta zerbitzu-prestazioaren kontraprestazio gisa aldizkako ordainketa bat egiteko betebeharra kontuan hartu gabe formulatutako apartamentuak."
"a) Apartamentu babestuak: pertsona batentzako edo birentzako etxebizitza autonomoen multzoa da; taldeko zerbitzuak dituzte, aukeran erabiltzekoak; duten egoera psiko-fisiko eta soziala dela-eta, baliabide gehiagorik behar ez duten pertsona nagusientzat dira.
Apartamentu babestua adinekoen ostatu-premiei eta segurtasun-premiei erantzuteko gizarte-baliabidea da, eta ostatu egokirik ez duten, elkarbizitzari edo bakardadeari lotutako arazoak dituzten edo merkatuko etxebizitza bat eskuratzeko baliabiderik ez duten adinekoek izango dute lehentasuna."
"1.– Kokapena:
Dekretu honen I. eranskinaren 1. puntuan oro har etxeetako gizarte-zerbitzu guztietarako ezarritakoaz gain, apartamentu babestuek ez dute gaindituko hurrengo baldintzaren 2.2 idatz-zatian ezarritako gehieneko kopurua.
– Edukiera:
– Apartamentuak pertsona batentzat (ahal bada) edo birentzat izango dira.
– Autonomia eta pribatutasun pertsonala zainduko duen, gizarte-harremanak erraztuko dituen eta erakunde-irudirik izango ez duen benetako gizarte-ekipamendua izan behar dute apartamentu babestuek. Horretarako, apartamentuen guztizko kopurua multzo bakoitzeko 50ekoa izango da gehienez (multzo bakoitza eraikin batek edo hurbileko hainbatek osatu ahal izango dute).
– Apartamentu multzo bakoitzak erabilera pribatuko piezez osatutako egitura bat eta apartamentuen erabiltzaileentzat soilik izango diren erabilera kolektiboko eremu komunak izango ditu. Eremu horien gutxieneko azalera erabiltzaile bakoitzeko 3 m2-koa izango da. Horri dagokionez, eraikinaren elementu komunak (hala nola atondoa, korridoreak eta abar) biltzen dituzten azalerak ez dira zenbatuko.
– Erabiltzailearen tipologia:
– Apartamentu babestuen erabiltzaileak 60 urtetik gorako pertsonak izango dira, baliabide berezirik eskatzen ez duen egoera psiko-fisikoa eta soziala izango dute, eta eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak (elikadura, garbitasuna, higienea, janztea, ibiltzea, esfinterren kontrola eta abar) zein jarduera instrumentalak (etxeko lanak, paseatzea, erosketak, gestioak eta abar) era independentean (laguntzarekin edo gabe) beren kabuz egiteko gai izango dira.
– Pertsona batentzako apartamentuetan erabiltzaile bakarra biziko da; bi pertsonarentzako apartamentuetan, berriz, bi pertsona bizi ahal izango dira gehienez, eta horietako batek gutxienez, aurreko idatz-zatian aurreikusitako adin-baldintza bete beharko du.
– Nolanahi ere, Administrazioak ezarritako laguntza-programa edota elkarbizitza-programa batean parte hartzen dutenek lehentasuna izango dute titulartasun publikoa duten bi pertsonarentzako apartamentu bikoitzak erabiltzeko.
– Prezioen erregimena:
– Horri buruz dekretu honen I. eranskinean ezarritakoa garatuz, salerosketaren edo zuzenbideari jarraiki araututako jabetza osorik edo partzialki eskuratzeko beste modu baten araberako prezioa inoiz ez da prezio-tarifatzat hartuko.
– Dekretu honen I. eranskinean ezarritako prezio-tarifen erregimenari jarraiki, erabiltzaileak aldizkako ordainketa bat egin beharko du, adintsuentzako gizarte-zerbitzu jakin eta zehatz baten erabileraren eta prestazioaren kontraprestazio gisa. Beraz, tarifa horretan inoiz ezin izango da sartu (ez osorik eta ezta zati batean ere) apartamentuaren jabetza osorik edo zati batean eskualdatzearen ondoriozko kontraprestaziorik. Horrela, beraz, erabiltzaileak tarifa ordaintzeak ez du ezein kasutan ekarriko apartamentuaren jabetza osorik edo zati bat eskualdatzea.
– Zerbitzuen tipologia:
– Bi zerbitzu mota bereizten dira:
Oinarrizko zerbitzuak: nahitaez eman beharreko zerbitzuak dira. Honako hauek dira: ostatua, babesa eta ikuskapena, segurtasuna, eremu komunen mantentzea eta informazioa.
Zerbitzu osagarriak: erakunde kudeatzaileak aukerako laguntza- eta babes-programak (jaten ematea, osasun-laguntza, eremu pribatuak garbitzea, arropa garbitzea eta abar) eta erabilera anitzeko gune bat eskaini beharko ditu.
– Aurreko puntuaren A epigrafean aipatutako oinarrizko zerbitzuak hileko kuotan ezarrita geratuko dira, dagozkien tarifei jarraiki.
– Gainera, autonomia pertsonala bultzatuko da eta, horretarako, eguneroko bizitzako jarduerak eta arreta integrala kontuan hartuko dituzten balioespen pertsonal integralak eta aldizkakoak egingo dira. Apartamentuak kudeatuko dituen erakundeak, halaber, plan indibidual bat landu beharko du, gabeziei aurrea hartzeko eta dauden defizitak ezabatzeko edo arintzeko.
– Nolanahi ere, eta hasieran erabiltzaileak eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gai badira ere, zerbitzuen eskaintza gero eta handiagoak izango diren eskakizunetara egokitu beharko da. Horretarako, denborak aurrera egin ahala zerbitzu gehiago eta intentsitate handiagoarekin eman beharko dira pertsona horien bizitza normalizatua babesteko eta autonomia sustatzeko. Beraz, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko laguntza eskaintzeko aukera kontuan hartu beharko da. Laguntza hori puntuala edo jarraitua eta intentsitate txikikoa izango da, eta zuzenean edo beste zerbitzu batzuekin koordinatuta emango da. Horrez gain, erabiltzaileen harreman-alderdiak eta parte-hartze sozialari lotutakoak hobetzeko jarduerak sustatuko dira.
– Apartamentuen kudeaketa:
– Oro har, gizarte-zerbitzuak kudeatzeko erakunde bat beharko da. Erakunde horrek apartamentu babestuen zein aukeran erabiltzeko zerbitzuetarako eta erabilera anitzeko gunerako eraikinaren elementu komunen kudeaketa bermatuko du.
– Erakunde horrek gizarte-zerbitzuen erregistroan erregistratuta egon beharko du, eta aldez aurreko baimenaren eskaera aurkeztean egiaztatu beharko da hori.
– Erakundearen kudeaketa-proiektuan, zerbitzuei lotutako zer gastu finkatu eta ordainduko diren indibidualki jaso beharko da.
– Era berean, apartamentuak kudeatuko dituen erakundeak edo, halakorik ezean, apartamentuen jabeak tutoretza-zerbitzuen jarraitutasuna eta orientabide sozialeko kudeaketa-eredu bat bermatu beharko ditu.
– Kasu bakoitzean aukeratutako kudeaketa-formula edozein izanik ere, dekretu honetan ezarritako erabiltzaileen tipologiarako baliabidea mantenduko dela bermatu beharko da. Ildo horretan, apartamentuen kudeaketak honako printzipio honi jarraitu beharko dio: apartamentua erabiltzen amaitzean (amaieraren arrazoia edozein izanik ere), apartamentuaren erabilera erakunde kudeatzaileari itzuli beharko zaio, zerbitzua eskatzen duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten beste pertsona batzuei esleitzeko.
– Babesa:
– Erabiltzaileen erreferentzia izateko ardura bere gain hartuko duen pertsona fisiko bat –gizarte-zerbitzuetako profesionala– izango dute apartamentuek. Pertsona horien bertaratze-jarduerak eguneko 8 orduko iraupena izango du gutxienez, eta luzeagoa izango da erabiltzaileen premien arabera.
– Gainera, apartamentuek telelaguntza-zerbitzua eskainiko dute eguneko 24 orduetan.
– Hala badagokio, erreferentziazko pertsonak bitartekotza-funtzioak beteko ditu, apartamentuen erabiltzaile guztien arteko elkarbizitza egokia bermatzeko. Halaber, beharrezkoa den koordinazioa ezarriko du oinarrizko gizarte-zerbitzuekin.
– EAEn indarrean dauden Irisgarritasun Arau Teknikoei jarraiki, kanpotik zein barrutik sartzeko moduko gune fisikoak egongo dira.
– Apartamentuen azalera:
Pertsona batentzako apartamentua: gutxienez 25 metro koadroko eta gehienez 34 metro koadroko azalera izango du.
Bi pertsonarentzako apartamentua: gutxienez 35 metro koadroko eta gehienez 50 metro koadroko azalera izango du.
– Ekipamendua:
– Apartamentu bakoitzaren gutxieneko ekipamendua honako hau izango da: sukaldea, egongela/jangela, logela eta komuna. Azken hori ezinbestean leku bereiz batean kokatu beharko da.
– Gela guztietan material seguruak, kalitate onekoak, erraz mantentzeko modukoak, erosoak eta higienikoak erabiliko dira.
– Apartamentura altzari pertsonalak eramateko aukera onartu beharko da, ohiko etxebizitza baten itxura izan dezan.
– Interkomunikazio-sistema:
– Apartamentu bakoitzak interkomunikazio-sistema egokia izan beharko du larrialdi-egoeretarako, eta kontrol-postu bat egongo da eraikinean bertan.
– Premiazko esku-hartze bat beharrezkoa den kasuetan, eta erabiltzaileen pribatutasuna behar bezala errespetatuta, ezinbestekoa izango da erreferentziazko pertsonak berehalako sarbidea izatea, beharrezkoak eta baliagarriak izango diren egiaztapenak egiteko.
– Telefonia:
– Apartamentu guztiek kanpoarekin komunikatuta egongo den telefono bat izango dute.
– Apartamentu bakoitzak, gainera, kanpoarekin komunikatuta egongo den telefonoa jartzeko beharrezkoa den azpiegitura izango du.
– Apartamentuetarako sarbidea ematen duten guneek suteen aurkako honako instalazio hauek izango dituzte gutxienez:
Seinaleak.
Larrialdi-argiak.
Su-itzalgailu eramangarriak.
– Apartamentu guztiek euskarri-sistemak eta ez erortzeko sistemak izango dituzte."
– Titulartasuna edozein izanik ere, dekretu hau indarrean jartzean abian dauden eta salerosketa-kontratu baten edo zuzenbideari jarraiki araututako jabetza osorik edo partzialki eskuratzeko beste moduren baten bidez lortu ez diren apartamentuen kasuan, dekretu hau indarrean jarri eta 6 hilabeteko epea izango da arau honen IV. eranskinean jasotako baldintzak betetzeko.
– Salerosketa-kontratu baten edo zuzenbideari jarraiki araututako jabetza osorik edo partzialki eskuratzeko beste moduren baten bidez lortu diren apartamentu pribatuen kasuan (baimen-eskaerak administrazio eskudunari arau hau onartu ondoren aurkezten zaizkionean) eta modu berean eskuratzen diren apartamentu publikoen kasuan (arau hau onartu ondoren proiektatzen direnean), ez zaio irizpide horri jarraituko.
– Xedapen honen 1. puntuan xedatutakoari jarraiki salbuespen gisa adintsuentzako apartamentu babestutzat hartzen direnei dekretu honen IV. eranskinean ezarritako baldintzak aplikatuko zaizkie, 1., 4. eta 9. idatz-zatiak eta 2.2, 2.3, 5.2 eta 6.2 azpi idatz-zatiak izan ezik.
Dekretu hau indarrean jarri eta 6 hilabeteko epea izango da baldintza horiek betetzeko.
– Proposamenak aldeko ebazpena jasotzen badu, honela jokatuko da, kasuaren arabera:
– Salerosketa-kontratu baten edo zuzenbideari jarraiki araututako jabetza osorik edo partzialki eskuratzeko beste moduren baten bidez lortu diren apartamentu babestuek dekretu honen IV. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, 1., 4. eta 9. idatz-zatiak eta 2.2, 2.3, 5.2 eta 6.2 azpi idatz-zatiak izan ezik.
Aldeko ebazpena jakinarazi eta 6 hilabeteko epea izango da baldintza horiek betetzeko.
– Salerosketa-kontratu baten edo zuzenbideari jarraiki araututako jabetza osorik edo partzialki eskuratzeko beste moduren baten bidez lortu ez diren apartamentu babestuen kasuan, aldeko ebazpena jakinarazi eta 6 hilabeteko epea izango da arau honen IV. eranskinean jasotako baldintzak betetzeko.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2006ko urriaren 10ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.