Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko otsailaren 25ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena; honen bidez, hasiera ematen zaio Urkiolako Parke Naturaleko Natura-baliabideak Antolatzeko Plana lehenengoz aldatzeko prozedurari. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko otsailaren 25ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena; honen bidez, hasiera ematen zaio Urkiolako Parke Naturaleko Natura-baliabideak Antolatzeko Plana lehenengoz aldatzeko prozedurari.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 66
  • Hurrenkera-zk.: 2001
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/02/25
  • Argitaratze-data: 2010/04/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 2009ko irailaren 23an egin zuen osoko bilkuran, Zallobentako harrobiaren gaineko 8/2009 Legekoa ez den Proposamena onartu zuen. Proposamen horrekin, besteak beste, eskaera hauek egin zitzaizkion Eusko Jaurlaritzari: Zallobentako harrobiaren ustiapena handitzeko izapidea bertan behera uztea, parke naturalaren barruan meatzaritza-ustiapenak alde batera uztea eta harrobia osorik oneratu ahal izateko berreskurapen egitasmo bat lantzea.

Egun berean, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran, beste erabaki bat ere hartu zen: Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzeko Legebiltzarreko popularren taldeak egindako lege-proposamena aintzat hartzea, babestutako naturaguneen mugen barruan meatzaritzako ustiapenak alde batera uzteko.

Ondoren, 2009ko urtarrilaren 13an, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran premiazko eztabaidarako aurkeztutako legekoa ez den proposamena aurkeztu zuen Aralar Taldeak. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Urkiolako Parke Naturaleko Natura-baliabideak Antolatzeko Plana aldatzeko prozedurari berehala ekitea eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Aldaketa horretan sartuko da, sailak aurreikus ditzakeen beste puntu batzuen artean, NBAPko 5.2.7 atalean jasotako Zallobentako harrobiko ustiapenaren mugak Parke Naturalaren mugetatik kanpo geratzea.

Azkenik, 2010eko otsailaren 18an, aho batez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak moldatutako zuzenketa, Aralar, Euskal Nazionalistak eta Euskal Sozialistak taldeek adostua: zuzenketa horren edukia, Urkiolako NBAPa eta Zallobenta harrobiaren kasuan, honako hau da, hitzez hitz:

«1. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak berehala ekin behar dio Urkiolako Parke Naturaleko Natura-baliabideak Antolatzeko Plana aldatzeko prozedurari.

  1. Aldaketa horretan, sailak beharrezkotzat jotako atalez gain, beste hauek ere ezarriko dira: Parke Naturalaren mugen barruan Zallobentako harrobia ustiatzeko debekua, babesten diren ingurumen-balioekin bateraezinak diren erauzketa-jardueren debekua eta egun ustiatzen ez diren meatzaritza-guneak berreskuratzeko lanen definizioa».

    Eusko Legebiltzarraren aurreko aginduetan helburu berri bat finkatzen da, eta NBAPa idaztean aintzat hartu zirenen gainetik dago. Helburu hori dosierrean dagoen 2010eko otsailaren 17ko ingurumen-txosten batek bermatzen du. Egungo araudiaz ateratzen den ondorioa hau da: «murritzegia dela habitat naturalen eta espezieen habitaten gaineko kalte edo aldaketei aurrea hartzeko, eta egungo espezieengan eragina duten aldaketei eta Urkiola GKL izendatzea eragin dutenei aurre egiteko; hori dela eta, murritzegia da goian aipatutako Habitaten Zuzentarauko 6.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeko». Horrek guztiak egiaztatzen du aldatu egin direla NBAPa onartzea ekarri zuten egoera eta irizpideak. Hori dela eta, Euskal Herriko Natura Zaintzeari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legeko (aurrerantzean, EHNZL) 5.2 artikuluan xedatzen dena betez, agiri hori aldatu edo/eta eguneratu egin behar da, eta, zehazki, Babestutako Naturagune horretan erabileraguneak zedarritu.

    147/2002 Dekretuaren bidez onartu zen Urkiolako Parke Naturalaren NBAPan, une horretako baldintzengatik, Zallobentako harrobiaren mugak Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak (aurrerantzean, EKZP) zehaztea erabaki zen.

    Legeak agintzen duena ikusita, eta ustiapen horren egoeraren gaineko ezagutza aldatu egin dela, garaia da NBAPak EKZParen gain utzitako erabaki hori planak bereganatzea, eta planak zedarritzea Babestutako Naturaguneko erauzketaguneak, EHNZLko 4.2.c artikuluari jarraiki. Ondoren, arau bereko 27.b artikuluaren arabera, EKZPak finkatuko ditu ekonomia-jarduerak antolatzeko arauak, NBAPak xedatzen dituen printzipioen arabera.

    Eusko Legebiltzarraren agindua, parke naturalean meatzaritza-ustiapenak alde batera utzi eta harrobia osorik oneratzeko berreskurapen egitasmo bat lantzeko eskaerari dagokionez, bat dator Natura Ondarea eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legearen oinarri diren printzipioekin. Lege horrek, funtsean, zaintzaren arloko legeria egungo jendarteak dituen kezka eta eskakizunetara moldatzen du.

    Urkiolako Parke Naturaleko erauzketa-jardueren kasuan, 42/2007 Legearen oinarri izan ziren printzipioen muina honetan datza: naturaguneei edo/eta espezie basatiei eragin diezaieketen esku-hartzeetan zuhurtziaren printzipioa sartzea; eta natura-ondarea eta biodibertsitatea zaintzeko, era jasangarrian erabiltzeko, hobetzeko eta oneratzeko eskaerak arlokako politiketan sartzea.

    2004ko abenduaren 7ko Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak formalki onartu zuen, Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera, lurralde biogreografiko atlantikoko garrantzi komunitarioko lekuen zerrenda. Horien artean dago Urkiola izeneko ES2130009 Garrantzi Komunitarioko Lekua (aurrerantzean, GKL). Horrela, gune hori Natura 2000 Europako Ekologia Sarean sartzen da, eta Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritako xedapenak ezar dakizkioke. Zuzentarau hori habitat naturalak eta fauna nahiz flora zaintzearen ingurukoa da (Habitaten Zuzentaraua), eta txertatuta dago estatuko lege-esparruan, Natura-ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legean.

    Urkiola GKL izendatuta, Habitaten Zuzentarauaren 6. artikuluan ezarritakoa bete behar da. 2. atalean, hau xedatzen da: «Batzordeko kide diren estatuek neurri aproposak hartuko dituzte, bereziki zaindu beharreko guneetan, habitat naturalak eta espezieen habitatak kaltetzea eragozteko eta guneak izendatzeko arrazoi izan diren espezieetan aldaketak eragitea saihesteko, aldaketa horiek zuzentarauaren helburuetan ondorio nabariak izan baditzakete». Agindu hori jasota dago, halaber, Natura-ondarea eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. artikuluan.

    Hortaz, adierazitako azterketa teknikoan berretsitako eta Legebiltzarrean finkatutako helburuak lortu ahal izateko, Urkiolako NBAPa aldatzeko izapideei ekin behar zaie, Urkiolako Parke Naturalaren esparruan meatzaritzako ustiapenak eragozteko, lege-proposamenarekin bat. Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzeko lege-proposamena da.

    Euskal Herriko Natura zaintzeari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legeko 5.2 artikuluaren arabera, Natura-baliabideak Antolatzeko Plana aldatu edo/eta betetzeko, plana onesteko erabilitako prozedura bera erabiliko da. Hori dela eta, lege bereko 9. artikulua betez, aldaketa hori hasi behar da Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren Aginduaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

    Horrenbestez,