Euskadi.eus
  • 185/1985 DEKRETUA, ekainaren 11koa (Dekretu horren bidez, nekazaritzako industrien arloan Transferentzien Bitariko Batzordeak 1985eko martxoaren 25ean hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

185/1985 DEKRETUA, ekainaren 11koa (Dekretu horren bidez, nekazaritzako industrien arloan Transferentzien Bitariko Batzordeak 1985eko martxoaren 25ean hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 1985
  • Gaia: Nekazaritza eta Arrantza
  • Jardun-eremua: Nekazaritza eta Arrantza
Xedea:

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako Ministerioaren eskumenekoak diren nekazaritzako industrien eta elikagaien industrien arloko eginkizunak eta zerbitzuak EAEri eskualdatzea, honako salbuespen hauek aintzat hartuta: 

1. EAEk nekazaritzako elikagaien industrien garapena bultzatu ahal izango du bere lurraldearen barruan, lehentasunezko eremuak edo sektoreak izendatuz, eta eremu edo sektore horietan sartzen diren nekazaritzako elikagaien industriei beharrezko deritzen laguntzak emanez, betiere, dagozkion eskumenen esparruan, eta ekonomiaren erabateko antolamenduarekin eta jarduera ekonomikoaren erabateko plangintzarekin bat etorrita. 

Lehentasunezko eremuak edo sektoreak izendatzean, EAEk (dagozkion eskumenak erabiliz eta nekazaritzako industriak eraikitzeko lehentasunezko eremuen edo lehentasuneko industria-sektoreen bidez) Estatuko Administrazioak emandako onura guztiak edo baten bat sartu nahi badu, Estatuak (Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako Ministerioaren bidez) berretsi egin behar ditu aurrena eremu edo sektore horiek. Horrez gain, Ministerio horrek, EAEri entzun ondoren, onura horien zenbatekoa zehaztuko du. Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako Ministerioak jakinarazitako ebazpena izango da Eusko Jaurlaritzak behin betikotzat hartuko duena. 

2. Estatuko Administrazio Zentralari dagozkio, kasu bakoitzean ezarritako irizpide objektiboetan oinarrituta eta EAEren partaidetzarekin, honako ardura hauek: nekazaritzako elikagaien industriak salbuesteko adierazpena egitea eta berregituratzeko prozesuan dauden nekazaritzako elikagaien industriako sektoreak salbuespen-araubidean sartzea, eta, era berean, indarrean dagoen salbuespen-araubidea aldatzea edota araubide horretarako gutxieneko baldintzak ezartzea. 

Salbuespen-araubidearen eraginpean dauden nekazaritzako elikagaien industriak jartzeko edo aldatzeko espedienteak Eusko Jaurlaritzak izapidetu eta ebatziko ditu; eta, eginbehar horretan, behin-behineko edota behin betiko administrazio-baimena eskuratzeko irizpideak bete ote diren adieraztearren Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako Ministerioak egingo duen txostenari lotu beharko zaio. 

3. Indarrean dauden arau orokorrekin edota autonomia-erkidegoek parte hartuta ezartzen diren gainerako arauekin bat etorrita, EAEk bere erregistroan egindako inskripzio eta aldaketa guztien kopia bidaliko dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako Ministerioari. Era berean, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako Ministerioak gai honetaz eskatzen zaizkion eta eskura dituen datu guztiak jakinarazi beharko dizkio Autonomia Erkidegoari.