Euskadi.eus
  • 198/2000 DEKRETUA, urriaren 3koa, Itsasoko Kirol-arrantzaren Arautegia onartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

198/2000 DEKRETUA, urriaren 3koa, Itsasoko Kirol-arrantzaren Arautegia onartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 196
  • Hurrenkera-zk.: 4462
  • Xedapen-zk.: 198
  • Xedapen-data: 2000/10/03
  • Argitaratze-data: 2000/10/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Azken hamarkadan, itsasoko kirol-arrantzak gorakada nabarmena egin du Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean. Goraka joate horren kariaz, beharrezkoa da arrantza-mota hori lege-esparruan sartzea, aurrerantzean arau garbiak izan ditzan.

Eusko Legebiltzarrak Itsasoko Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1988 Legea onartu zuen. Lege horretan esparruaren zedarriak, helburuak eta gidalerroak finkatu ziren, itsasoko kirol-arrantzaren garapenak eta jarduerak kohesio materiala izan dezaten lege-sistemaren barruan.

Azaroaren 10eko 304/1998 Dekretuaren bidez Itsasoko Kirol Arrantzaren Arautegia onartu zen. Hortaz, Itsasoko Kirol Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen printzipioak garatuz, jarduera hori erregulatzen duten arauak ezarri ziren.

Hala eta guztiz ere, Dekretua indarrean jarri zenetik hona beharrizan berriak sortuz joan dira, eta beraz, komenigarritzat jotzen da zenbait aldaketa egitea, Dekretua arrantzaren gaur egungo beharretara egokitzearren.

Itsasoko kirol-arrantzari buruzko arauak egokitu behar direnez, eta herritarrek nahasmendurik izan ez dezaten, uste izan da hobe dela aurreko Dekretuaren (304/1998, azaroaren 10ekoa) indarrean jarraitzen duten artikuluak eta proposatzen diren aldaketak bategin eta honako Dekretu hau ateratzea, aplikatzerakoan askoz argiagoa izango delakoan. Hori horrela, Dekretu honen bitartez lege-xedapenak kirol-arrantzaren gaur egungo beharrizanetara egokitu eta, gainera, arrantzaren bi atalen interesak –lanbide eta kirol gisakoenak– uztartu nahi dira.

Itsasoko Kirol Arrantzaren Arautegia hiru kapitulutan banatzen da. I. kapituluan arau orokorrak jartzen dira, eta kirol-arrantza zer den zedarriztatzen da. Horren arabera, aisialdi, kirol edo zaletasun hutsagatik, irabazi-asmorik gabe, egiten den arrantza-mota da. Definizio hori legean ere jasotzen zen, eta arrantza profesionalaren kasuan bezala ingurune berean egiten da, baina azken horren helburua oso bestelakoa da: baliabideak lortu eta etekin ekonomikoa ateratzea.

Aisialdiko jarduera hutsa denez, arrantzan egiteko modua eta baimendutako aparailuak arautu beharra sortu da, eta hala egin da II. kapituluan. Ildo horretatik, kirola egiteko berebiziko aparailuak zehaztu behar dira; izan ere, oso espezializatuak direnak baztertu beharra dago, arrantza profesionalean erabiltzen direnekiko lehian sar ez daitezen. Azken horien artean honako hauek daude: mailasareak, tretza, otarreak eta gainerako sare finkoak eta trabes sareak.

6/1998 Legearen 55, 56-4 eta 58 artikuluetako arau-hauste eta zehapenak III. kapituluan garatzen dira, zigortzeko moduko jokabideak eta dagozkien zehapenak hobeki emateko jakitera.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Batzorde Juridiko Aholku-emailearekin adostu eta gero, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, Lehendakaritzan onarturik, eta Jaurlaritza Kontseiluak 2000ko urriaren 3ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Itsasoko kirol-arrantzaren arauak jartzea da dekretu honen xedea. Kirol-arrantza da aisialdi, kirol edo zaletasun hutsagatik egiten dena, inolako irabazi-asmorik gabe, eta ez da zilegi, beraz, harrapaturikoa salgai jartzea, ezta beste edonolako merkataritza-eragiketarik egitea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko itsas uretan egiten den kirol-arrantzari aplikatu behar zaio dekretu hau.

  1. – Itsasoko kirol-arrantzan aritzeko, baimen egokia eduki behar da, hau da, arrantza-motaren araberako baimena. Arrantza-arloko eskumena duen zuzendaritzak emango du baimena.

  2. – Baimena pertsonala da, eta ezin zaio inori utzi. Bestetik, baimena baliozkoa izan dadin, Nortasun Agiri Nazionala eraman behar da, edo titularraren nortasuna frogatzen duen beste edozein agiri.

  1. – Baimenak bi motatakoak izan daitezke: itsasoko urazaleko kirol-arrantzako baimena eta itsasoko urpeko kirol-arrantzako baimena.

    1. Lehorretik edo Matrikula Erregistroko Zazpigarren Zerrendako ontzi batetik kirol-arrantzan egiteko ahalmena ematen du urazaleko baimenak. Zerrenda horretako ontzien erabilera bakarra irabazi-asmorik gabeko kirola edo arrantza ez-profesionala egitea da.

    2. Igeri eginez edo urpean birika hutsekin arrantzan ibiltzeko ahalmena ematen du urpeko baimenak.

  2. – 1a) idatz-zatian adierazitakoa gorabehera, Matrikula Erregistroko Seigarren Zerrendako ontzi batetik arrantzan aritzeko ahalmena emango da, baldin eta ontzia besteren batek erabiltzen badu kirol edo aisialdi moduan.

  1. – Itsasoko urazaleko kirol-arrantzako baimenen indarraldia bost urtekoa izango da, bai lehorretik, bai ontzi batetik jarduteko. Indarraldia amaitu baino lehen berritu behar dira.

  2. – Itsasoko urpeko kirol-arrantzako baimenen indarraldia urtebetekoa izango da gehienez. Aseguruaren indarraldia urtebetekoa baino laburragoa bada, baimena ere laburragoa izango da.

  1. – Arrantza-arloko eskumena duten beste autonomia-erkidego batzuek edo Administrazio Zentralak itsasoko kirol-arrantzarako ematen dituzten baimenek ere balioa izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko uretan, itsasoko kirol-arrantzan jarduteko, baldin eta EAEko baimenek balio badute beste Administrazio horien eskumeneko uretan. Bestela izanez gero, dekretu honetan xedatutakoaren arabera emandako baimena eduki behar izango du.

  2. – Itsasoko urpeko kirol-arrantzako baimenen kasuan, hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoan urpeko kirol-arrantzan egin ahal izateko, beharrezkoa da arrantza-arloko zuzendaritza eskudunak baimena berrestea.

  3. – Aurreko bi lerroaldeetan xedatutakoaren kaltetan jo gabe, arautegi honetan ezarritakoaren arabera jardun behar dute baimendutako pertsona guztiek.

  1. – Itsasoko urazaleko kirol-arrantzako baimen baten titularra izan ahal izateko, gutxienez hamasei urte eduki behar dute. Adin horretatik beherakoek arrantzan egin ahal izango dute, baldin eta baimena duen pertsona batekin badaude.

  2. – Ontzi batetik urazaleko kirol-arrantzan egin ahal izateko, beharrezkoa da, gainera, ontzi hori Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ontzien Erregistroko Bigarren Liburuan inskribatzea. Liburu horretan ontziaren izena, matrikula eta folioa, ontziaren ezaugarriak eta ontziaren titularra jaso behar dira, I eranskinean xedatutakoaren arabera.

  3. – Urpeko kirol-arrantzan egin ahal izateko, beharrezkoa da 16 urte beterik edukitzea, eta kirol horretarako gaitasuna frogatzen duen kirol-ziurtagiri medikua edukitzea. Horrez gain, istripuetarako eta erantzukizun zibileko berariazko asegurua eduki behar da, titularrak baimenaren indarraldian zehar kalterik eraginez gero kalte horiek estaltzeko. Aseguruak gutxinez hogeita bost milioi pezetako estaldura izan beharko du.

  1. – Itsasoko urazaleko kirol-arrantzarako, lehorretik egiten bada, amu-aparailu edo amu-lerroak erabil daitezke; aparailuoi eusteko eskua edo kainabera (jaurtikiz, kortxoz edo hondora bidaliz) erabil daiteke.

  2. – Gehienez ere 6 amu erabil daitezke baimen bakoitzeko.

  1. – Itsasoko urazaleko kirol-arrantzarako, ontzitik egiten bada, gehienez 6 amu erabil daitezke baimen eta aparailu bakoitzeko. Koraina edo aborina izeneko aparailua erabiltzen bada, gehienez bi lerro bota daitezke baimen bakoitzeko.

    Ontzi bakoitzeko arrantza-baimenen kopurua ez da inolaz ere handiagoa izango ontziaren despatxo-agirian agertzen den eskifaiaren kopurua baino.

  2. – Amu-aparailu edo lerroek ontziari loturik egon behar dute; bestela, eskuaz edo kainaberaz eutsi behar zaie.

  3. – Horrez gain, ondoko modu hauetan bakarrik egin daiteke arrantzan: jaurtiketaren bidez, kortxoaz, kazan eta aingura botata edo ontzia geldi dagoela.

Itsaspeko kirol-arrantza igeri eginez edo birika hutsez urpean murgilduz egingo da.

Itsaspeko kirol-arrantzan, urpekari guztiek beren kokalekua markatu behar dute aise ikusteko moduko buia gorri edo laranja-koloreko batez.

  1. – Itsasoko urazaleko kirol-arrantzako baimen baten titularrak gehienez 5 kg harrapatu ahal izango ditu baimen eta egun bakoitzeko, edo, kopuru hori gaindituz gero, ale bat baimen eta egun bakoitzeko. Pisu horretatik gorako harrapaketa onar liteke, baldin eta azken harrapakinari egoztekoa izan baledi. Itsaspeko kirol-arrantzan, gehienez 5 kg harrapa daitezke.

  2. – Ontzi batetik arrantzatuz gero, gehienez 5 kg harrapa daitezke baimen eta egun bakoitzeko; ontzian hiru edo gehiago badira baimen baten titularrak, gehienez 25 kg harrapa daitezke ontzi eta egun bakoitzeko.

  3. – Aurrekoa gorabehera, pelagiko handien arrantzan —tunidoak, ezpatarrainak, edo antzerako espezieak— eta legatzaren arrantzan gehienez 5 ale harrapa daitezke baimen eta egun bakoitzeko. Ontzian lau edo gehiago badira baimendunak gehienez 20 ale (atun hegaluzea, atun moja eta legatza) harrapa daitezke ontzi eta egun bakoitzeko. Gainerako espezieei dagokienez, ale bat baimen eta egun bakoitzeko, gehienez lau ale direla ontzi eta egun bakoitzeko.

  4. – Ontziek ezin izango dute arrantzatu, garraiatu edo deskargatu aurreko bi lerroaldeetan adierazitako gehieneko harrapaketetatik gorako kopururik, nahiz eta egun bat baino gehiago eman jarraian nabigatzen.

Itsasoko kirol-arrantzan nahitaez errespetatu behar dira Bizkaiko Golkoko ipar-mendebaldeko kalarako ezarri diren gutxieneko neurriak, eta neurri horietatik beherako arrain guztiak itsasora itzuli behar dira.

  1. – Urazaleko kirol-arrantzan, dela lehorretik, dela ontzitik, gutxienez 100 metroko tartea utzi behar da beste edozein arrantza-tresna edo aparailu profesionaletatik, eta beste horrenbestekoa bainurako edo beste edozein ur-kiroletarako eremuetatik. Hala tresna profesionalek, nola bainurako edo ur-kiroletarako eremu horiek behar bezala seinalaturik eta mugaturik egon behar dute.

  2. – Ingurasareez arrantzatzen den tokitik 300 metroko tartea utzi behar da gutxienez, edo 500 metrokoa tunidoak kainaberaz, edozein motatan eginda ere, arrantzatzen diren tokietatik.

  3. – Bainurako edo beste edozein ur-kiroletarako esparruetatik 250 metrora bitartean ezin da itsaspeko arrantzan egin (gune horiek behar bezala mugaturik egon behar dute). Legezko arrantza profesionala egiten den aldeetan jardunez gero, aurreko bi lerroaldeetan ezarritako gutxieneko distantziak errespetatu behar dira.

  1. – Arrantza-ontzi profesionalak eta kirolekoak toki berean eta aldi berean elkarrekin suertatuz gero, profesionalek izango dute lehentasun osoa, beti ere legezko arrantza-lanetan badabiltza.

  2. – Arrantza profesionaleko aparailuak behar bezala seinalaturik dauden tokietan ezin izango dute kirol-ontziek arrantzan egin.

Urazaleko zein urpeko itsasoko kirol-arrantza eguzkia sortu eta sartu bitartean egingo da.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko uretan edozein kirol-lehiaketa egiteko, beharrezkoa da arrantza arloan eskuduna den zuzendaritzak baimena ematea. Antolatzaileek eskatu behar dute baimena, dema egiteko aurreikusi den eguna baino hilabete lehenago gutxienez. Eskaria egitean, lehiaketaren zertzelada guztiak azalduko ditu: mota, tokia, eguna, ordua eta aurreikusitako lehiakide-kopurua.

  2. – Kirol-arrantzako lehiaketetan, legez baimenduta badaude, ez dira errespetatu behar lehen ezarritako gehieneko harrapaketak, ukituriko arrantza-baliabideak babesteko muga bat jartzea beharrezkotzat jo ezik. Hala eta guztiz ere, 13. artikuluan ezarritako gehieneko kopurutik gorako harrapaketak, behin kontabilizatuz gero, inguruko edo eskualdeko zentro sozialei edo ongintzakoei emango zaizkie.

  3. – Kirol-demak behar bezala eta indarreko legeriaren arabera egiten ote diren egiaztatu ahal izango du Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuak.

  1. – Debekaturiko tresnak: Dekretu honetan baimentzen ez diren tresna guztiak debekaturik daude.

  2. – Baimenduriko tresnak.

    1. Kirol-arrantzarako baimenduriko tresnak amu-lerroak edo amu-aparailuak, esku-arpoiak eta arpoi mekanikoak dira. Koraina edo aborina eta arrainak edo beita artifizialak amu-aparailutzat jotzen dira.

    2. Aurreko lerroaldean ezarritakoa ezarrita ere, zilegi da salabardoak —gehienez 6—, aitzurrak, arrasteluak eta antzerako esku-tresnak erabiltzea, arrantza lagungarrietan eta beita gisara jarriko diren krustazeoak edo moluskuak harrapatzeko, Dekretu honen II. eranskinean zehazturiko kopuruan eta moduan.

  3. – Urazaleko kirol-arrantzarako zilegi ez diren zonak:

    1. Legezko arrantza profesionala egiten den zonetan, ezarritako gutxieneko distantzia errespetatzen ez bada.

    2. Portuetan, ontziak sartu edo irteteko maniobrak egiten diren bitartean; eta nabigazio-kanaletan, ontziak igarotzen diren bitartean.

    3. Behar bezala seinalaturik dauden eta bainua edo beste edozein ur-kirol egiten den zonetan.

    4. Geben-esparruetan, erreserba biologikoetan, biotopoetan, babes bereziko aldeetan eta harralde artifizialetan, arau erregulatzaileek hala ezartzen dutenean.

      1. – Itsaspeko kirol-arrantza debekaturik dago a), c) eta d) idatz-zatietan adierazitako aldeetan, portuetan, dartsenetan, ohiko ainguratokietan, nabigazio-kanaletan eta ontzien igarobideetan.

      2. – Debekaturiko metodoak:

        1. Harrapatu beharreko espezieak erakarri eta pilatzeko, kirol-arrantzan dihardutenek ezin dute argi edo apeurik erabili, beita edo mazia ez bada.

        2. Propultsio-indarra lortzeko, nahastura detonatzaile edo lehergarriak erabiltzea.

        3. Lehergaiak, gai toxikoak, pozoitsuak, geldiarazgarriak, lo-eragingarriak edo korrosiboak erabili edo edukitzea.

  1. – Kirol-ontzien kapitain edo patroiek edo, kasuan kasu, baimenen titularrek, haien kasa edo aintzatetsitako kirol-elkarteen bidez, lehorreratutakoaren aitorpena aurkeztu edo igorri behar dute Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzura, baldin eta babes-neurri berezien menpeko espezierik harrapa badezate, eta, horretarako, eredu ofiziala erabiliko dute. Babes-neurri berezien menpeko espezieak III. eranskineko zerrendakoak dira.

  2. – Arrantza-arloan eskuduna den zuzendaritzak Itsas Arrantzako Idazkaritza Nagusira igorriko ditu faxez edo posta elektroniko bidez aitorpenean jasotako datuak.

Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera, arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

  1. – Lege horren 55.1 artikuluan xedatutakoaren arabera eta kirol-arrantzari dagokionez, ondoko hauek hartuko dira arau-hauste arintzat:

    Baimenik gabe edo debekatutako hondo eta aldeetan arrantzatzea, arau-hauste larria ez denean; ezarritako ordutegia edo gutxieneko distantziak ez gordetzea; urpeko arrantzan balizarik ez erabiltzea; debekaturiko apeu edo argiak erabiltzea; baimendutakoak baino kopuru handiagoak edo debekatutako espezieak harrapatu, eduki edo garraiatzea; harrapatutako espezieak saltzea edo beraiekin salerosketak egitea; eta administrazio-baimenik izan gabe kirol-demak egitea.

  2. – 55.2 artikuluak ezartzen duenez, ondoko hauek hartuko dira arau-hauste larritzat:

    Erreserba biologikoetan, biotopoetan, babes bereziko aldeetan edo harralde artifizialetan aritzea kirol-arrantzan, horretarako baimenik izan gabe; baimenduta ez dauden arrantza-tresna, aparailu, lanabes edo ekipoak izatea edo erabiltzea ontzian; patroiak uko egitea gelditzeari, maniobratzeari, edota arrantza-ikuskariak ontzira sartzeko modua erraztera zuzendutako beste ekintza batzuk egiteari; patroiak uko egitea ontzia portura ekartzeari, jagotzako agintari edo agenteek hala agintzen dutenean arauz kontra arrantzatzeagatik; urpeko arrantzan jardutea bainurako aldeetan, beren beregi debekatutako aldeetan, edota ur-kirol edo kirol-demarik egiten den bitartean; edota urtebeteko epearen barruan arau-hauste arin batean berrerortzea.

  3. – 55.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, ondoko hauek hartuko dira arau-hauste oso larritzat:

    Arrantzan tresna elektrikoak erabiltzea, edo lehergaiak, gai toxikoak, pozoitsuak, geldiarazgarriak, lo-eragingarriak edo korrosiboak erabili edo edukitzea, eta bi urteko epearen barruan arau-hauste larri batean berrerortzea.

  1. – Martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 58. artikuluan ezarritakoaren arabera, arau-hauste arinak ohartarazpenarekin edo 25.000 PTAra bitarteko isunarekin zehatuko dira; arau-hauste larriak 25.001 PTAtik 100.000 PTAra bitarteko isunarekin zehatuko dira; eta arau-hauste oso larriak 100.001 PTAtik 1.000.000 PTAra bitarteko isunarekin zehatuko dira.

  2. – Kirol-arrantzaren arloko arau-hauste larriei, dagokien isunaz gain, ondoko zehapen hauek ezar dakizkieke: tresna, aparailu edo lanabesak bahitzea, eta lorturiko produktu edo ondasunak dekomisatzea.

  3. – Kirol-arrantzaren arloko arau-hauste oso larriei, dagokien isunaz gain, martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 56.1 artikuluaren c), d) eta g) idatz-zatietan jasotako zehapen berezietariko bat edo gehiago ezar dakieke. Hona hemen zehapenok: tresna, aparailu edo lanabesak bahitzea; produktu edo ondasunak dekomisatzea; baimena aldi baterako edo behin betiko kentzea.

  4. – Harrapatutako espezieak saldu edo haiekin transakziorik eginez gero, harrapatutakoaren balioa besteko gehikuntza izango du zehapenak. Horri dagokionez, baimen bakoitzeko, 80.000 PTAtik gora egiten duten espezieak harrapatzea parekatuko da salmenta edo transakzioarekin, baimendutako harrapaketa-muga gainditzen denean.

  5. – Martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 56.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, 70.1 artikuluan aurreikusitako epeen barruan berreroriz gero honela zehatuko da: arau-hauste arintzat jotako egintzak errepikatuz, arau-hauste larria izango da; arau-hauste larria errepikatuz, arau-hauste oso larria izango da; eta arau-hauste oso larria errepikatuz, gehieneko zehapena ezarriko da, eta horrekin batera, neurri osagarriak, kasuan kasuko egintzaren larritasuna kontuan harturik.

  6. – Zehapenak graduatu eta banakatzeko, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 14. artikuluan (3. lerroaldetik 9.era) eta 15. artikuluan xedatutakoa.

Eusko Jaurlaritzak izendaturiko erreserba biologiko, geben-esparru, harralde edo babes bereziko aldeetan berariazko arauak ezarri ahal izango dira urtero arrantzan egiteko, edozein motatan, baliabideak nola dauden ikusi eta gero.

  1. – Ahalmena ematen zaio Nekazaritza eta Arrantza sailburuari dekretu honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko.

  2. – Dekretu honen II. eranskinaren bigarren puntuan zehazten diren espezieak harrapatzeko aldia eta baldintzak urtero-urtero aldatu ahal izango dira, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu bidez, itsas baliabideen egoerari buruz egiten diren azterlan eta analisi zientifikoetatik ateratzen diren ondorioen arabera.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko urriaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTINEZ DE LAHIDALGA.

Izena.

Matrikula eta folioa.

Ontziaren ezaugarriak:

Luzera...................................... metro........................

Motor-mota. Xasis-zk.:

Nabigagarritasun-ziurtagiria: Bai......... Ez.................

Despatxorako behar den titulazioa:

Baimendutako pertsona-kopurua:

Amarra-portua:

Ontziaren titularra:

Izena:

Abizenak:

Helbidea:

Posta kodea, herria eta lurraldea edo probintzia:

Ontziak ba al dauka nabigazio-baimena?

Ontziaren despatxo-aldia:

Data eta ontziaren titularraren sinadura.

Oharra: Esandako datuak Ontzien Erregistroko Bigarren Liburuan jasotzeak ez du esan nahi egiazkoak direnik, ez badira aurkezten jabetza-tituluaren kopia baimendua, Merkataritza Erregistroko ziurtagiria eta nabigazio-baimena.

  1. – Kirol-arrantzako baimena dutenek debekaturik daukate hurrengo espezie hauetako alerik harrapatzea:

    Moluskuak

    Berberetxoak (Cerastoderma edule)

    Txirla garatxoduna (Venus verrucosa)

    Murex arrunta (Trunculariopsis trunculus)

    Krustazeoak

    Abakandoa / Misera (Hommarus gammarus)

    Buia (Cancer pagurus)

    Izkiratzarra (Plesiopenacus edwardsianus)

    Txangurroa (Maia squinado)

    Zigala (Nephrops norvegicus)

    Lohitako karramarrotxoa (Thalassinidea)

    Otarraina (Palinurus vulgaris)

    Otarrainxka (Penaeus sp.)

    Txamarra / Nekora (Necora puber)

    Santio txikia (Scyllarus arctus)

    Ekinodermatuak

    Itsas trikua (Paracentrotus lividus)

    Triku morea (Spabrechinus granularis)

  2. – Saiakera moduan eta itsaskien ugaritasuna zaindu eta gordetzearren, hurrengo espezieotako 50 ale eguneko harrapatzeko baimentzen da: txirla lingirdatsua (Venerupis pullastra), txirla handia (Tapes decussatus) eta txirla (Chamelea gallina), urriaren 1 eta abenduaren 31 bitartean. Sasoi hori urtero irekiko da, besterik esan ezean, hau da, espezieen egoerari buruz egiten diren azterlan eta ikerlanetan kopuruak nabarmen urritu ez direla ikusten bada. Edonola ere, arrantzako haizualdiak, gutxieneko neurriak eta baimendutako zonak errespetatu behar dira, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko uztailaren 2ko Aginduan eta ondoko aldaketetan jartzen den bezala.

  3. – Kirol-arrantzako baimena dutenek hurrengo harrapaketa hauek egin ditzakete egunean: 40 zizare (poliketoak), 40 karramarro beltz (Pachygrapsus marmoratus), 200 gramo izkira (Palaemon sp. eta crangon), 5 kg txibia (Loligo vulgaris) eta antzekoak eta olagarro edo hamarratz bat.

  4. – Aurreko puntuetan jaso ez diren itsaskiei dagokienez, kirol-arrantzaleek espezie bakar bateko edo askotariko 500 gr bildu ahal izango dute egunean, baimen bakoitzeko.

  5. – 2, 3 eta 4 puntuetan aipatzen diren gutxieneko neurriak eta gebenaldiak hauexek dira:

    IZENA: GEBENALDIA NEURRIA

    Moluskuak

    Txirla lingirdatsua (Venerupis pullastra) Martxoaren 1etik urriaren 1era* 40 mm.

    Txirla handia (Tapes decussatus) Martxoaren 1etik urriaren 1era* 40 mm.

    Txirla (Chamelea gallina) Martxoaren 1etik urriaren 1era* 30 mm.

    Muskuilua (Mutilus edulis) Urtarrilaren 1etik uztailaren 1era 50 mm.

    Datila (Solen sp. eta Ensis sp.) Maiatzaren 1etik urriaren 1era 80 mm.

    Ostratzarra (Crassostrea sp) Maiatzaren 1etik urriaren 1era 60 mm.

    Ostra arrunta (Ostrea edulis) Maiatzaren 1etik urriaren 1era 60 mm.

    Karrakela edo magurioa (Littorina litorea) Gebenaldirik ez 15 mm.

    Lapa (Patella sp.) Gebenaldirik ez 20 mm.

    Txokoa edo txibia (Sepia officinalis) Gebenaldirik ez 80 mm.

    Txoko dotorea (Sepia elegans eta orbgn.) Gebenaldirik ez 40 mm.

    Txipiroia (Loligo vulgaris) Gebenaldirik ez 60 mm.

    Olagarro edo hamarratz arrunta (Octopus vulgaris) Gebenaldirik ez 750 gr

    Olagarro edo hamarratz zuria (Eledone cirrosa) Gebenaldirik ez 750 gr

    • (Espezie hauetarako orokorrean jarritako gebenaldia eranskin honen 2 lerroaldean ezartzen denaren arabera alda daiteke).

      Poliketoak

      Zizarea edo harra (Nereis diversicolor) Gebenaldirik ez 50 mm.

      Lohi-harra (Arenicola marina) Gebenaldirik ez 100 mm.

      Lohitako zizare tubikola (Diopatra neapolitana) Gebenaldirik ez 100 mm.

      Kare-hodiko zizarea (Serpula vermicularis) Gebenaldirik ez 50 mm.

      Krustazeoak

      Karramarro beltza Gebenaldirik ez 40 mm.

      (Pachygraosus marmoratus)

      Karramarro berdea (Carcinus maenas) Maiatzak 1 - urriak 1 40 mm.

      Txangarra (Eriphia verrucosa) Maiatzak 1 - urriak 1 40 mm.

      Izkira (Palaemon sp. eta Crangon crangon) Gebenaldirik ez 30 mm.

      Lanperna (Pollicipes cornucopia) Maiatzak 1 - urriak 1 40 mm.

Atunhegalaburra (Thunnus Thynnus); Atun hegaluzea (Thunnus alalunga); Atun moja (Thunnus obesus); Ezpatarraina (Xiphias gladius); Marlina (Makaira spp.); Akulak eta Orratzak (Tetrapturus spp.); Belarraina (Istiophorus albicans) eta Legatza (Merlucius merlucius).

Deitura:

Ale-kopurua

Pisua guztira (kg-tan)

AITORTZAILEAREN DATUAK

Izen-abizenak:

NAN:

Baimen-zk.:

Baimena eman duen Kirol-elkartea:

Lehiaketa baimendu duen ebazpenaren data:

ONTZIAREN XEHETASUNAK:

Titularra:

Izena eta matrikula:

Erregistro-liburuko inskripzio-zk.:

ARRANTZA-ALDEA (gurutze batez markatu)

Kantaurian.

Atlantikoan

Mediterraneoan

Data eta aitortzailearen sinadura

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.