- 79/2001 DEKRETUA, maiatzaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Elikaduraren Higiene eta Segurtasun Kontseilua sortzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu79/2001 DEKRETUA, maiatzaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Elikaduraren Higiene eta Segurtasun Kontseilua sortzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 93
- Hurrenkera-zk.: 2596
- Xedapen-zk.: 79
- Xedapen-data: 2001/05/02
- Argitaratze-data: 2001/05/17
Gaikako eremua
- Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 18.1 artikuluaren arabera, barneko sanitatearen arloari dagokionez, Estatutuaren oinarrizko legeria betearazi eta lege bidez garatzeko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio. Arlo generiko horri dagokionez, irailaren 7ko 2209/1979 Errege Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzten ditu honako funtzio hauek: janariak, edariak eta gizakien elikadurarekin zerikusi zuzen edo zeharkakoa duten produktuak saldu, maneiatu, biltegiratu eta ekoiztearen gaineko sanitate-kontrolak egiteko direnak, beti ere jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badira.
Kontsumitzailearen Estatutuari buruzko azaroaren 18ko 10/1981 Legean ezartzen denez, erabiltzailearen eta kontsumitzailearen eskubideak dira euren segurtasuna eta osasuna zaintzea.
Sanitateari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legean ezartzen denez, sistema sanitarioaren jarduerak eta baliabideak, batez ere, osasuna sustatzeko eta gaixotasunei aurrea hartzeko erabili beharko dira. Eta lege horretako 24., 25. eta 26. artikuluen arabera, osasunarentzako kalte edo arriskurik izanez gero, eskudun organoek jarduera administratibo egokiak burutzeaz gain aurrezaintza neurri egokiak har ditzakete.
Elikaduraren inguruko azken aldiko krisiek, gizartean eragin handiarekin, Europako Batasuneko zenbait herrialde hartu dituzte. Enzefalopatia espongiforme transmitigarriek gizakien osasunarentzako dakartzaten ondorioek eta bai hondakin arriskutsuekin egindako produktuak jatearren jazotako intoxikazioek ere ezinegona sortu dute kontsumitzaileengan, herritarrek sanitate-segurtasunaz duten interesa areagotu egin dute, eta, bestalde, agerian utzi dute: garrantzi handiko egoeretan kudeaketa-bide berriak ezarri beharra eta orobat elikadura-arriskuei aurre hartzeko bide berriak.
Elikadurari dagokionez azken aldian sortu diren alertak direla-eta, osasun arloko agintaritzek, indarreango legeetan aurreikusitako neurriak hartzea baztertu gabe, administrazioek eta eragile ekonomiko eta sozialek parte hartzeko eta koordinatzeko bide finkoak instituzionalizatzea aurreikusi behar da, hain justu ere, jazotzen diren egoerak berehalakoan hobeto ezagutzeko eta haiei erantzun egokiak emateko.
Eta hortaz, beharrezkotzat jotzen da Osasun Sailari aholkuak emango dizkion organo bat sortzea, elikagaien sanitatearen segurtasunaz eta higieneaz arduratu dena, eta, bestalde, gizarteko eragileak, komunitate zientifikoa, ekimen pribatuak eta Erkidegoko eta tokiko administrazioak koordinatuko dituena, beti ere, elikagaiak kontsumitzearekin zerikusia duten osasun arriskuei aurre hartzearren eta sanitate arloko agintaritzek Euskal Autonomia Erkidegoan elikagaien inguruko alertak kudeatzea erraztearren.
Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen 18. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2001eko maiatzaren 2ko bileran, eztabaidatu ostean, honako hau
– Euskal Autonomia Erkidegoko Elikaduraren Higiene eta Segurtasun Kontseilua sortzea, elikagaien sanitatearen higiene eta segurtasunaren arloan aholkuak eman eta koordinazio lanak egingo dituena.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Elikaduraren Higiene eta Segurtasun Kontseilua Osasun Sailari atxikitakoa izango da, sail horren egitura hierarkikoan sartua egon barik.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elikaduraren Higiene eta Segurtasun Kontseiluaren helburuak hauexek dira: eraginpeko sektoreek, euren antolakundeen bitartez, parte hartzea elikagaiak kontsumitzearen inguruko osasun arriskuei aurre hartzen, elikagaien inguruan agertzen diren alertetan sanitate administrazioa kudeatzen laguntzea, eta interesatuei eta kontsumitzaileei informazioa bideratzea.
Lehenengo artikuluan zehazten denez, elikagaien sanitatearen segurtasun eta higiene arloan ondoko eginkizunak dagozkio Kontseiluari:
– Osasun sailburuaren aholku- eta kontsulta-organoa izatea.
– Bere eskumenen barruan proposamenak eta txostenak egitea.
– Arloan garrantzi berezia duten arauei buruzko aurreproiektuez arduratzea.
– Ekimen pribatuaren eta ekimen publikoaren arteko koordinazioa sustatzea.
– Osasun arloko agintaritzak elikagaien inguruko alertetan egin behar duen kudeaketan laguntzea, irizpideak ipiniaz.
– Kontseiluan dituen ordezkarien bitartez informazioa sustatzea.
– Elikagaien arloko arriskuak hobeto ezagutzeko, ikerketa-ildoak eta estudioak egitea proposatzea; eta elikadura ohitura osasungarrien bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen osasuna hobetzeko ekimenak sustatzea.
Elikaduraren Segurtasun eta Higiene Kontseiluak Osoko Bilkuraren, lan-batzordeen eta Elikaduren arloko Alertetarako Batzordearen bitartez jardungo du.
– Elikaduraren Segurtasun eta Higiene Kontseiluaren Osoko Bilkura, lehendakariak, lehendakariordeak eta bokalek osatuko dute.
– Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Osasun Plangintza eta Antolamenduko sailburuordea, hurrenez hurren, Elikaduraren Segurtasun eta Higiene Kontseiluko lehendakaria eta lehendakariordea izango dira.
– Elikaduraren Segurtasun eta Higiene Kontseiluko bokalak honako hauek izango dira:
Osasun Publikoko zuzendaria.
Lau bokal, zuzendari maila dutenak, eta ondoko sailburu hauek proposatutakoak direnak: Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Garraio eta Herrilan sailburuak, eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien ordezkari diren hiru bokal.
Bilbao, Vitoria-Gasteiz eta Donostia-San Sebastiángo Udaletako osasun arloko zinegotzigoen ordezkari diren hiru bokal.
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako gainontzeko udalerrien ordezkari diren hiru bokal, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) izendatutakoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ostalarien Federazioaren ordezkari bat.
Elikagaien banaketa egiten duen sektorearen –Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoenaren– ordezkaritza handieneko erakundeen ordezkari bi.
Elikagaien banaketa egiten duen sektorearen –Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoenaren– gainontzeko erakundeen ordezkari bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza erakunde handienen hiru ordezkari.
Kontsumitzaileen erakundeen (EAEn kokatutakoen) hiru ordezkari.
Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzako funtzionario bat, elikagaien higiene arloan ardurak dituena eta idazkari eginkizunak egingo dituena.
– Goiko zerrenda horretan izenarekin identifikatutako entitateek eta erakundeek Kontseiluko lehendakariari jakinarazi beharko dizkiote izendatu dituzten titularrak eta ordezkoak. Gainontzeko erakundeen eta entitateen ordezkari diren Kontseiluko kideak, Osasun sailburuak izendatuko ditu, haiek proposaturik.
– Osasun sailburuak egindako izendapenak lau urterako izango dira, nahiz eta epe hori luza daitekeen. Hala ere, Kontseiluan izango dituzten ordezkariak, euren artean adostuta izendatu behar dituzten erakunde eta entitateei dagokienez, izendapenak urte baterako egin daitezke, hala, erakunde eta entitate guztien ordezkariak txandakatzea ahalbidetuz.
– Elikaduraren Segurtasun eta Higiene Kontseiluko kide izateak ez dakar ezertiko ordainsaririk jasotzeko eskubiderik, baina horrek ez du eragotziko: indarreango arautegiarekin bat datozen indemnizazioak eta dietak jasotzea.
– Osasun sailburuaren agindu batez —Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko denaz— emango dira aditzera Kontseiluko kideen izenak.
– Lehendakariaren gonbitea dela medio eta hitz egiteko eskubidez baina botoa ematekoa barik, elikaduraren segurtasun eta higienearen arloan itzal aitortua dutenak izan daitezke Kontseiluan.
– Elikagaien inguruko Alertetarako Batzordeak honako helburu hauek izango ditu: herritarren osasunean eragina izan dezaten elikagaien inguruko krisiak kudeatzeko laguntza eman eta lankidetzan jardutea Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin, eta, bestalde, osasun arloko agintaritza indarreango legeriak esleitzen dizkion eskumenez balia dadin, koordinazio-bideak gauzatzea.
– Osasun Publikoko zuzendaria izango da Elikagaien inguruko Alertetarako Batzordeko burua, eta beherago zehaztutako erakunde eta entitateen aldetik Kontseiluaren Osoko Bilkuran ordezkari direnek osatuko dute:
Nekazaritza eta Arrantza Saila, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saila.
Bilbao, Vitoria-Gasteiz eta Donostia-San Sebastiángo Udalerrien ordezkariak.
Udalbatzen ordezkarietariko bat.
Kontsumitzaileen Erakundeen ordezkarietariko bat.
Eraginpeko elikagai-sektorearen ordezkari bat.
Kontseiluaren Osoko Bilkurak bidezko deritzon bezainbeste lan-batzorde era ditzake. Sortzeko erabakiaren bitartez, zehaztu beharko dira osaerak eta zein lan-eremurako eratzen diren.
Eratzeko arrazoi izan zen funtzioa bete ondoren, desegin egingo dira lan-batzordeak.
– Elikaduraren Segurtasun eta Higiene Kontseiluaren Osoko Bilkura, gutxienez, sei hilabetetik egingo da, lehendakariak hartarako deialdia egin ondoren.
Deialdia hamabost egun natural lehenago egin beharko da, premiazko kasuetan bost egun lehenago egin daiteke. Deialdiari aurreko batzarraren akta eta aztergaiak batu beharko zaizkio. Kideek gutxienez 48 ordu lehenago egindako eskabideak kontuan izanda atondu beharko dira aztergaiak.
– Lehendakariak hartarako egindako deialdiarekin, lehendakariaren ekimenez edo kideetariko herenak arrazoiak azalduz egindako eskabidez, ezohiko batzarrak egin daitezke, deialdia egiten denetik harako hilabeteko epearen barruan beti ere.
Ezohiko batzarretako aztergaiak helarazi beharko zaizkie Kontseiluko kideei, batzarra baino gutxienez zazpi egun natural lehenago.
– Elikaduraren Segurtasun eta Higiene Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartu beharko ditu kontsulta-organo honen funtzionamendu-arauak.
– Dekretu honek Elikagaien inguruko Alertetarako Batzordeari esleitzen dizkion berariazko eginkizunak kontuan izanik, Osasun Publikoko zuzendariak egingo ditu batzorde hori batzartzeko deialdiak, Euskal Autonomia Erkidegoko sanitate-egoeraren arabera beharrezko den maiztasunez egin ere.
– Dagoen premiaren arabera eta hartutako erabakiak eragingarriak izan daitezen, deialdian finkatutako epearen barruan egin beharko da batzarra, zeina laburra izan daitekeen, baina ez hiru ordu baino laburragoa. Hartarako, Elikagaien inguruko Alertetarako Batzordeko kideei helarazi beharko zaie deialdia, berri emate hori berehalakoan eta egiaz burutzea bermatzen duen edozein bitarteko erabiliaz, hain zuzen ere.
– Edozelan ere, Elikagaien inguruko Alertetarako Batzordea eratu arren, indarreango araudiak betetzearren, osasun arloko agintaritzak derrigorrezko diren osasun-neurriak har ditzake.
Dekretu honetan eta, halakorik bada, barne funtzionamendu-arauetan aurreikusi gabekoari dagokionez, kide anitzeko organoei buruzko arauen bitartez eraenduko da Elikaduraren Segurtasun eta Higiene Kontseilu hau. (Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. Tituluaren II. Kapituluan ezarritakoak dira kide anitzeko organoei buruzko aipatu arauak).
Dekretu hau betearazteko eta garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko eskumena esleitzen zaio Osasun sailburuari.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2001eko maiatzaren 2an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Osasun sailburua,
GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: 195/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 579/2009 DEKRETUA, azaroaren 3koa, Osasun eta Kontsumo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 80/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.