- 289/2003 DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseilua sortzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu289/2003 DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseilua sortzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 239
- Hurrenkera-zk.: 6619
- Xedapen-zk.: 289
- Xedapen-data: 2003/11/25
- Argitaratze-data: 2003/12/05
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura eta eginkizunak ezarri ditu, eta bere 13. artikuluan Gizarte Gaietako Sailburuordetzari dagozkionak finkatu; horien artean daude, besteak beste, "parte hartze sozial eta demokratikorako mekanismoak bultzatzea" eta "gizarte zerbitzuetan eta gizarte ongizatean diharduten erakunde publiko eta pribatuen ekintzak planifikatzea, sustatzea, koordinatzea eta ebaluatzea".
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, ijitoen populazioak gainerako herritarrekiko jasaten duen desberdintasun-egoera ikusita, aholkularitza-organo berri bat sortzea sustatu du, ondoko helburuekin: partaidetza eta elkarrizketa bideratzea, ijitoen populazioaren asmoak eta eskaerak jasotzea, eta ijitoen populazioaren erabateko sustapena bultzatzeko proposamenak biltzea; hori guztia, partaidetza soziala, kontsulta, informazioa eta aholkularitza ahalbidetzeko, Administrazioaren jarduketen plangintzari dagokienez, jarduketa horien jarraipenari bide emateko.
Gizarte-eragileen, ijitoen eta ijitoen aldeko elkarte eta antolamenduen, erakundeen eta herri-administrazioen arteko gogoeta eta koordinaziorako gunea izan nahi du Kontseiluak, lan eraginkorragoa lortzeko ijitoen populazioaren erabateko sustapenean eta ijito-kulturaren defentsan eta sustapenean konprometituriko alderdi guztien artean.
Kontseiluko partaidetza zuzendu behar duen printzipio nagusietako bat gizartearen bizikidetza harmonikoa lortzea da, tresnak, jarrerak eta alternatibak garatzea ahalbidetzen duten neurriak proposatuz, kultura desberdinetako pertsonak izateak eta kulturen arteko bizikidetzak gizartea aberasteko moduan, gizarte askotarikoa eta aktiboa osatzeko. Ijito herriaren nortasuna eta haren kulturaren balioa, orobat guztion gizarte honi egin dizkion ekarpenak, aitortuz, eta ahalegin guztiak modu koordinatuan uztartuz soilik egin ahal izango dugu aurrera gizalegezko herritartasun kontzeptuari herritartasun arduratsu esanahia ematea lortu arte, hau da, eskubideak eta betebeharrak dituzten herritarrek osaturikoa, edozein kultura dutela ere.
Organo hau operatibo izateko sortu da, eraginkortasun-irizpidea betez, eta lehentasuna emango zaio hasieratik batzordeen lanari. Batzorde Iraunkorraren eginkizun nagusia batzordeen lana bultzatzea izango da. Osoko Bilkurak, organo paritario eta formala denez, batzordeen lana bilduko du. Bere erabakiek euskal herri-administrazio eta gizarte-eragileen, ijitoen eta ijitoen aldeko elkarte eta antolamenduen konpromisoa ahalbidetuko dute, ijito populazioaren erabateko sustapenera zuzendutako neurriak ezartzeko eta harmonian elkarrekin bizitzeko.
Kontseilu izenak, Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseilu denez, organo berri honen helburu eta xedeak biltzen ditu:
Ijitoen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea, gainerako herritarren parean jarri arte, aukera-berdintasunaren printzipioari eraginkortasuna emanez gizarte-babeserako sistemetara heltzeko garaian eta gainerako alderdi sozialetan.
Haien partaidetza erraztea herri- eta gizarte-bizitzan.
Ijito herriak guztion gizarteari egin dizkion ekarpenak ezagutaraztea.
Gizarte- eta kultura-taldeen arteko elkarbizitza hobetu dadin laguntzea.
Ijitoen elkartze-mugimendua sendotzea.
Ijito gutxiengoarekiko bereizkeria eta arrazakeria eragoztea.
Bete-betean sinisten dugu Ijito Herriarekiko politikak ijito herritarren iritzia kontuan hartu behar duela, eta hori ere abiapuntutzat dugu. Azkenik, pertsona guztiek eskubide eta betebehar berberak dituztela ere aitortzen dugu, eta aitorpen hori ezinbestekoa da herritartasun arduratsura iritsi ahal izateko.
Berdintasunaren aldeko borrokan, Kontseiluan lan egiten dutenek euren planteamendu eta lan-taldeetan ijito populazioaren sektore desberdinen baldintza, egoera eta premia ezberdinak sistematikoki kontuan hartzea bultzatuko da, emakumeen partaidetza sustatu, eta lurralde bakoitzaren berezitasunak kontuan har daitezen begiratu.
Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko azaroaren 25ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseilua sortu da, eta gizarte gaien alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari atxiki zaio, nahiz eta ez den haren egitura hierarkikoan integratuko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseilua aholkularitza-organo plurala da, ondoko xedea duena: ijito populazioarekiko erabateko politika aktiboa garatzen laguntzea, ijito herritarren erabateko sustapenean oinarrituta. Kontseiluan, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuz kanpoko erakundeek eta ijitoen eta ijitoen aldeko elkarteek hartuko dute parte, euskal herri-administrazioekin batera.
Ondokoak dagozkio Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluari:
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioei aholku ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko ijito populazioaren erabateko sustapenerako neurriei buruz, beste administrazio horien eskumenen bidezko erabilerari zor zaion errespetua bermatuz.
Iritzi eta informazioen komunikazioa eta trukea sustatzea ijito populazioaren eta gizartearen artean.
Ijito herriarekin lanean edo/eta desberdintasunak gainditzen diharduten gizarte-antolamenduen eskariak eta proposamenak bideratzea, ijito herritarren eta gainerako gizartearen arteko bizikidetza eta kohesioa errazte aldera, elkarbizitzaren mesedetan.
Ijito herriari buruzkoan euskal herri-administrazioetan gauzatzen diren arau, programa eta jarduerei buruzko informazioa biltzea, eta horien jarraipenean eta garapenean lankide izatea, informazio hori beste autonomia-erkidegoetako eta nazioarteko erkidegoko arau eta jarduerekin osatuz; betiere, beste administrazio horien eskumenen bidezko erabilerari zor zaion errespetua bermatuz.
Proposamenak eta gomendioak egitea herri-administrazioei ijito populazioaren erabateko sustapena lortze aldera; eta, era berean, proposamenak eta gomendioak egitea ijito populazioari eta haren antolamenduei, harremanak eta koordinazioa errazteko eragileekin eta herri-administrazioekin.
Azterketak edo ekimenak ahalbidetzea ijito herritarren erabateko sustapenarekin loturiko proiektu eta programen gainean, eta sentsibilizazio-ekimenak bultzatzea ijito herriarekiko elkarbizitzari buruz.
Giza Eskubideen defentsan lan egiten duten antzeko kontseiluekin eta erakundeekin koordinatzea eta, hala badagokio, lankidetzan aritzea.
Ijito herritarren erabateko sustapenaren arloan nazioz gaindiko erakundeetatik datozen gomendioak behar bezala betetzeko neurriak proposatzea.
Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako Euskal Planak esleitzen dizkion eta haren aplikaziotik dagozkion gainerako funtzio guztiak, baita euskal erakunde edo administrazioek agintzen dizkiotenak ere, ijito herriaren erabateko sustapena errazteko.
– Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseiluak Osoko Bilkuran eta batzordeen bidez, lan-batzordeak edo iraunkorrak direla, funtzionatuko du.
Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren Osoko Bilkura, organo paritario eta formal gisa, 32 kidek osatuko dute: kontseiluburuak, 30 kontseilukidek eta idazkariak (azken horrek hitza bai, baina botorik ez du izango).
Kontseiluaren Osoko Bilkuraren osaeran honako hau sustatuko da, ahal den neurrian behintzat: bai herri-administrazioak ordezkatzen dituzten kideak, bai ijitoen zein ijitoen aldeko elkarteak ordezkatzen dituztenak, gizonezkoak eta emakumezkoak izatea, hein edo proportzio berean.
– Lan-batzordeak Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako Planak zehazten dituenak izango dira, eta ondoko esku hartze eremuak izango dituzte kontuan: gizarte baliabideak, etxebizitza eta osasuna, gizarteratzea eta laneratzea, arreta juridikoa eta giza eskubideak, hezkuntza, partaidetza, kultura eta sentsibilizazioa.
– Batzorde iraunkorra ordezkaritzakoa izango da eta bere eginkizun nagusia lan-batzordeen lana bultzatzea izango da.
– Idazkaritza Teknikoak Gizarte Ongizateko Zuzendaritzaren giza- eta gauza-baliabideak izango ditu euskarri, haren gidaritzapean jardungo du, ondoko eginkizun nagusiarekin: Kontseiluko Osoko Bilkuraren eta batzordeen administrazio-zereginak eta lanak erraztea.
– Gizarte gaietako kontuetan eskumena duen saileko buruari egokituko zaio Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren buru izatea.
– Ondokoak dagozkio Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren buruari:
Kontseiluaren ordezkaritza izatea, haren bozeramaile-lanak betez.
Ohiko eta ohiz kanpoko bilkuren deialdia egitea, baita gai-zerrenda finkatzea ere, kontseilukideek gutxienez 48 ordu lehenago aurkezturiko eskariak kontuan hartuta, 30/1992 Legearen 24.1.a artikuluak ezarri bezala.
Bilkuretako buru izan eta bilkurak amaitutzat ematea, baita eztabaidetan moderatzaile-lanak egitea ere.
Bozketa erabakitzea berdinketarik badago.
Kontseiluaren erabakien aktak eta egiaztagiriak bisatzea.
Dekretu honetako xedapenen betetzea ziurtatzea.
Kontseiluaren erabakiak egokitzat jotzen diren organizazio eta erakundeetara eramatea.
Kide anitzeko organo bateko buru karguari datxezkion gainerako funtzio guztiak betetzea.
– Gizarte-erakundeen ordezkarien arteko bat hautatuko dute Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren buruorde.
– Araudiz zehazten diren kontseiluburu-eginkizunak izango ditu eskuordetuta.
– Kontseiluburutza hutsik geratzen bada, edo kontseiluburua kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste edozein arrazoi bada, buruordeak ordezkatuko du, eta halakorik ez bada, kontseilukideen artean zaharrenak.
– Ondokoak dira Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseiluko Osoko Bilkurako kide:
Hamabost lagun, sailburuorde, zuzendari edo antzeko kargua dutela, Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-, foru- eta toki-administrazioetako ordezkaritzan, honela banatuta:
Zortzi, Eusko Jaurlaritzako ondoko sailak ordezkatzeko:
– Bi, Gizarte Gaiak eta Etxebizitza alorretan eskumena duen Saila ordezkatzeko, hurrenez hurren.
– Bat, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila ordezkatzeko.
– Bat, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila ordezkatzeko.
– Bat, Osasun Saila ordezkatzeko.
– Bat, Kultura Saila ordezkatzeko.
– Bat, Herrizaingo Saila ordezkatzeko.
– Bat, Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde) ordezkatzeko.
Hiru, Lurralde Historikoetako hiru Foru Aldundiak ordezkatzeko.
Lau, Euskal Autonomia Erkidegoko Udalak ordezkatzeko.
Hamabost, Kontseiluaren Osoko Bilkuran ordezkari gisa parte hartzea eskatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan alor honetan lan egiten duten gizarte-partaidetzarako elkarteak ordezkatzeko; ordezkarien %80 ijitoen elkarteetakoak izango dira, eta %20, ijitoen aldeko elkarteetakoak.
Jorratzen den gaian aditu diren pertsonek ere izango dute Kontseilura joatea, informazioa edo aholkularitza emateko soilik.
Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren kide batek ere izango du bileretara joatea. Kontseilu horrek berak izendatuko du, eta hitza izango du, baina ez botorik.
– Kontseilukideen izendapena idazki bidez jakinaraziko zaio Idazkaritza Teknikoari, eta honela egingo da:
Jaurlaritzako sailak ordezkatzen dituzten kontseilukideak dagozkien sailburuek izendatuko dituzte.
Foru aldundiak ordezkatzen dituzten batzordekideak dagozkien erakundeetako funtzionamendu-arauen arabera izendatuko dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalak ordezkatzen dituzten kontseilukideak Euskal Autonomia Erkidegoan gehiengoa duen udalen euskal elkarteak izendatuko ditu.
Honela izendatuko dituzte ijitoen eta ijitoen aldeko elkarte eta erakundeak ordezkatzen dituzten kontseilukideak:
– Lehenik, Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzea eskatu duten elkarteek aho batez izendatu behar dituzte beraien ordezkariak. Aho batez egin beharreko izendapen hori, dena den, Dekretu honetako 15.3 artikuluak ezarri duen epea amaitu baino lehen egin beharko da.
– Egun hori iristean, adierazitako kontseilukide horiek aho batez izendatuko ez balituzte, Gizarte Ongizateko zuzendariak izendatuko lituzke, elkarte bakoitzaren ibilbidearen arabera. Izendapen horrek, nolanahi ere, kontuan hartu beharko ditu Kontseiluan Parte Hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan alta emanda dauden EAEko gainerako elkarteengandik jaso ditzakeen abalak.
– Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluko Osoko Bilkurako kideei ondokoa dagokie:
Gutxienez 48 orduko aurrerapenaz jasotzea bilkuren gai-zerrenda biltzen duen deialdia eta bertan agertzen diren gaiei buruzko informazioa.
Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
Botoa emateko bere eskubidea bete eta boto partikularra ematea, baita bere botoaren zentzua eta justifikatzen duten arrazoiak adieraztea ere.
Batzorde Iraunkorreko kideak izendatzea.
Galde-eskeak aurkeztea.
Beharrezko informazioa lortzea esleitutako eginkizunak betetzeko.
Kontseilukide-karguari datxezkion gainerako eginkizun guztiak.
– Kontseilukideen karguaren iraupena hiru urtekoa izango da, izendapenaren arduradun den pertsonak, organizazioak edo erakundeak berariaz ezeztatu ezean, eta euren agintaldia amaitzean berriz aukeratu ahal izango dituzte, edo agintaldia amaitu aurretik kargutik kendu, izendapen-prozedura bera dela medio. Ezeztatzerako zein izendapen berrirako adostasunik ez dagoen kasuan, Dekretu honetako 7.2.d artikuluan aurrez ikusitako prozeduraren arabera izendaturiko batzordekideak karguan berariaz ezeztatzea kasu bakarrean izango da baliozkoa: izendapenaren unean Parte Hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan bildutako elkarteen bi herenak babesten badu ezeztatze hori, eta egintza berean abal-kopuru nahikoa aurkezten bada ordezkapenari ekiteko. Gizarte Gaietako sailburuordeak kontseilukide berria izendatuko du, Kontseiluan parte hartzea eskatu eta Parte Hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan altan jarraitzen duten elkarteen abalen gehiengo absolutua biltzen duen kontseilukidea, hain zuzen ere.
– Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzaren teknikariek osatzen dute Idazkaritza Teknikoa. Idazkaritza horrek beteko ditu Kontseiluaren osoko bilkurako idazkariaren berezko eginkizunak.
– Ondoko eginkizunak izango ditu Idazkaritza Teknikoak:
Kontseilukideen izendapenak jasotzea, haien abalak eta ezeztatzeak, jakinarazpenak, datu-eskariak, zuzenketak edo jakin beharreko beste edozein idazki-mota.
Osoko Bilkurako kideen eta euren ordezkarien izendapena bermatzea.
Batzordeen eraketa bermatzea.
Elkarteek Kontseiluko Osoko Bilkuran ordezkari gisa parte hartzeko egin eskaerak jaso eta erregistratzeko prozedura antolatzea.
Batzordeen funtzionamendu-araudia eta honen aldaketak proposatzea Kontseiluaren Osoko Bilkurari.
Prozesua bizkortzea, gai-zerrenda prestatuz parte hartzaile guztien ekarpenekin, Kontseiluaren proposamenak kudeatuz gauzatu daitezen, eta batzordeek eta Kontseiluak bere lanerako eskatu edo/eta behar dezaten material eta dokumentuak ekarriz.
Batzordeetan eta Osoko Bilkuran garatzen diren agiriak lantzea.
Idazkaritza Teknikoaren eginkizunari datxezkion gainerako funtzio guztiak.
– Ondoko eginkizunak izango ditu idazkariak:
Bilkuretara bertaratzea, hitza duela baina botorik gabe.
Bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.
Kontsulten, irizpenen eta harturiko erabakien egiaztagiriak ematea.
Kontseiluko Osoko Bilkuraren batzarretarako deialdia egitea kontseiluburutzaren aginduz, baita bertako kideentzako zitazioak ere.
Kontseiluko Osoko Bilkurako idazkari-karguari datxekion beste edozein.
Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Osoko Bilkuran parte hartzen duten erakunde eta organizazioak ordezkatuz jardungo duten pertsonekin batera, horiek ez daudenean horien eginkizunak beteko dituzten ordezkoak izendatuko dituzte.
Kontseiluko Osoko Bilkura urtean bitan bilduko da, gutxienez, eta kontseiluburuak egingo ditu ohiko bilkura horietarako deia. Kontseiluburuak, halaber, ezohiko bilkurak deitu ahal izango ditu, bidezko irizten dionean, edo Kontseiluko Osoko Bilkurako kideen herenak hala eskatzen duenean.
– Kontseiluko Osoko Bilkurako kide diren Jaurlaritzako sail, erakunde, eta legez eraturiko organizazio eta elkarteak izango dira lan-batzordeetako kide, baita ijito populazioarekin lotura dutenak ere, nahiz eta entitatearen xede bakarra hori ez izan. Osoko Bilkurak, Idazkaritza Teknikoak hala proposatuta, ordezkaritza-modu egokiena arautu ahal izango du, batzorde bakoitzean aztertu beharreko gai eta kontuen ezagutza- eta kualifikazio-irizpidearen arabera.
– Hamalau lagunek osatuko dute gehienez lan-batzorde bakoitza.
– Lan-batzorde bakoitzak koordinatzaile bat izendatuko du, eta horren eginkizun nagusia lan-batzordea Batzorde Iraunkorrean ordezkatzea izango da.
– Erakunde, organizazio edo elkarteak lan-batzorde bateko edo gehiagoko kide izan litezke, betiere batzordearen xedea haien jarduerarekin lotuta badago.
– Batzorde Iraunkorrak Kontseiluko Osoko Bilkuraren bilera guztietan nahitaez emango du lan-batzorde guztien osaera eguneratuaren berri, baita azken bilkuraz geroztik bakoitzak eginiko lan eta proposamenen berri ere.
– Kontseiluko Osoko Bilkurak, Idazkaritza Teknikoak hala proposatuta, lan-batzordeen funtzionamendu-araudia onetsiko du.
– Kontseiluko Osoko Bilkurak, Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako Euskal Planak edo bere funtzionamendu-araudiak esleitzen dizkioten guztiak izango dira lan-batzordeen eginkizun.
Edozein kasutan, eta onetsi beharreko arauen ondoriozko atribuzioen kalterik gabe, lan-batzordeak arduratuko dira, bakoitza bere esparruan, Kontseiluko Osoko Bilkurako lanak prestatzeaz, egokitzat jotzen dituzten proposamenak aurkeztuz.
Batzorde Iraunkorra hamalau pertsonek osatuko dute, gehienez ere, eta horien artean izango dira ezartzen diren lan-batzordeetako koordinatzaileak. Batzorde Iraunkorraren osaera parekidea izango da, hau da, kontseilukide diren administrazioek eta gizarte-erakundeek ordezkari kopuru bera izango dute.
Batzorde Iraunkorra ordezkaritzakoa izango da, eta horrenbestez, Osoko Bilkuraren Funtzionamendu Araudian erregulatuko da haren funtzionamendu-erregimena. Ondoko eginkizunak ditu, besteak beste:
Lan-batzordeen lana bultzatzea.
Osoko Bilkurari lan-batzordeen eginkizunak proposatzea.
Osoko Bilkurari lan-batzorde berriak sortzeko proposatzea.
Kontseiluko Osoko Bilkurari lan-batzordeen lan eta proposamenen berri ematea.
Kontseiluko Osoko Bilkurak esleitzen dizkion eginkizun guztiak.
– Ijitoen eta ijitoen aldeko elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesua antolatzeko, Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburua eramango dute Gizarte Ongizateko Zuzendaritzan.
– Liburu hori informatikoki egituratuko dute, eta elkarteak zer lurralde historikotan diharduen edo/eta bere eraginaren eremua jasoko dira, baita ijitoen elkartea edo ijitoen aldeko elkartea den ere.
– Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan sartzeko epea Gizarte Ongizateko zuzendariak ezarriko du, Kontseiluaren Osoko Bilkurarako elkarte-ordezkariak izendatzeko prozesu bakoitzean. Ezohiko arrazoiak izan ezean, hiru urtean behin zabalduko da prozesu hori.
Ondoko eskakizunak bete behar dituzte elkarteek Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan sartzeko:
Legez eratuta, eta, hala badagokie, erregistro egokian izena emana izatea, duten nortasun juridikoaren arabera.
Prozedura zigortzailerik edo diru-laguntzak itzultzeko prozedurarik irekita ez izatea.
Dekretu honetako 18.1 eta 18.2 artikuluetan eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.
– Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan sartzeko eskabideek sortutako informazioak datuak babesteari buruzko legedia errespetatuko du.
– Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak EHAAn berariazko argitalpena eginez jakinaraziko du Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan sartzeko eskabideak aurkezteko epea.
– Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak ezarritako epean aurkeztu beharko dute elkarteek Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan sartzeko eskabidea, Eranskinean ezarritako ereduaren arabera aurkeztu ere.
– Eskaera-epe horren barruan adostasun-agiria ere aurkeztu beharko dute, zeinaren bidez elkarteek aho batez izendatu baitute Osoko Bilkuran ordezkatuko dituzten kontseilukideak, edo guztien adostasuna lortzen ez bada, Dekretu honetako 7.2 d artikuluaren bigarren paragrafoak aipaturiko abalak.
– Ordezkariak izendatzeko prozesuaren egintza guztietan parte hartu ahal izateko, elkarteek Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan izena emanda behar dute.
– Elkarteak, Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan izena emanda badute, alta emanda egongo dira Liburu horretan, eta ordezkariak izendatzeko hurrengo prozesuetan parte hartzea izango dute. Etorkizuneko izendatze-prozesuetatik at geratzeko, elkarteek beren-berengi eskatu beharko dute baja ematea Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan.
Lehena.– Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren lehenengo Osoko Bilkura xedapen hau indarrean sartzen denetik sei hilabete baino lehen eratu beharko da lehenengoz.
Idazkaritza Teknikoaren eginkizun nagusia, Kontseiluko lehenengo Osoko Bilkura eratzen den arte, lehenengo Osoko Bilkura horretara bertaratu beharreko batzordekide guztien izendapena bermatzea izango da.
Lehena.– Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren araubide juridikoa azaroaren 26ko 30/1992 Legeko —Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa— II. tituluko II. kapituluan bildutako arauei eta Dekretu honetan xedatutakoari egokituko zaio, eta Kontseiluak berak ezarriko ditu bere antolamendu-berezitasunak.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko azaroaren 25ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseilua sortzen duena.
Erakundearen izena: __________________________________________________________
I.F.Z. ________________________________________________________________________
Noiz eratu zen _______________________________________________________________
Helbide soziala:
Helbidea ____________________________________________________________________
Herria: ___________________________________________________________________
Posta kodea ________________________________________________________________
Telefonoa ___________________________________Fax______________________________
Posta elektronikoa _______________________________Web orria______________________
Legezko ordezkaria:
Izen-deiturak ___________________________________________________________
Erakundean duen kargua ________________________________________________________
Kontseiluaren osoko bilkurarako ordezkariak:
Izen-deiturak ___________________________________________________________
Erakundean duen kargua ________________________________________________________
Erakundearen izaera juridikoa: _______________________________________________
Elkartea ___________________________________________________________________
Elkarteen federazioa ___________________________________________________
Fundazioa ___________________________________________________________________
Erlijio-erakundea __________________________________________________________
Bestelakoa ___________________________________________________________________
Erregistro honetan inskribaturik ______________________zk.a:______________________________
Ijitoen elkartea ______________________ Ijitoen aldeko elkartea________________________
Jarduteko lurralde-eremua (zehaztu):
Tokikoa ______________________________________________________________________
Lurralde historikoa _____________________________________________________________
Euskal Autonomia Erkidegoa ____________________________________________________
Estatua ______________________________________________________________________
Erakundeak egiten dituen jardueren azalpen laburra: ______________________
____________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________
Erakundearen giza-baliabideak:
Bazkideak ____________________________________________________________________
Zuzendaritza zereginetan ________________________________________________________
Beste zeregin batzuetan ________________________________________________________
Ordaindutako langileak __________________________________________________________
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: 42/2011 DEKRETUA, martxoaren 22koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 75/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 538/2009 DEKRETUA, urriaren 6koa, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.