Euskadi.eus
  • 11/2004 DEKRETUA, urtarrilaren 20koa, Euskadiko Garraio Behatokia sortzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

11/2004 DEKRETUA, urtarrilaren 20koa, Euskadiko Garraio Behatokia sortzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Garraio eta Herri Lan Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 28
  • Hurrenkera-zk.: 792
  • Xedapen-zk.: 11
  • Xedapen-data: 2004/01/20
  • Argitaratze-data: 2004/02/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko Garraio Behatokia "Garraio Iraunkorraren Plan Zuzentzailea – Garraioaren politika bateratua Euskadin 2002-2012" delako Planaren estrategia eta helburuetatik sortutakoa da. Plana, Eusko Jaurlaritzak onartu zuen 2002ko azaroaren 19an eta 2003ko martxoaren 20an Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran eztabaidatutako ebazpenak gehitu zitzaizkion.

Aipatu Planaren asmoa, Europar Batasuneko Garraioaren Liburu Zuriari jarraiki, ondoren zehazten diren helburuak lortuz, garraioaren iraunkortasunari ekitea da. Laburbilduta, helburuak garapen ekonomikoa garraio-eskaeraren gehikuntzatik bereiztea, guztion irisgarritasuna eta garraioaren erabilpen iraunkorra, eta garraiatzeko moduen erabileran oreka berri baten sustapena dira.

Helburu horiek lortzeko, estrategia eta jokabide batzuk ezarri dira Euskal Autonomia Erkidegoan garraioaren alorrean burutzeko. Jokabide horien artean Euskadiko Garraio Behatokiaren sorrera dago, erkidego barneko zein erkidegoz gaindiko eremuetan garraioaren eboluzioa ikusteko prospekzioak eta diagnosia egiteko organo gisa.

Organo hau Garraio eta Herri Lan Saileko tresna bat da eta garrantzi handiko aholkularitza-lana egingo du, bere zereginak izanik Euskadiko Garraio Sistemaren egoera eta eboluzioa ezagutzea eta interpretatzea, Euskadiko Garraio Iraunkorraren Plan Zuzentzailearen garapenean eta jarraipenean parte hartzeko. Horretarako, Garraio eta Herri Lan Sailari laguntza eta aholkuak emango dizkio, Erreferentziako dokumentuez hornituz eta prospekzio-, ikerkuntza-, garapen- eta berrikuntza-erremintak erabiliz bere jardueraren oinarrizko tresna moduan.

Euskadiko Garraio Behatokia ondorengo organoekin lankidetzan arituko da: Garraio eta Herri Lan Saileko eta Eusko Jaurlaritzako gainerako sailetako bestelako organoekin; garraio-sisteman sartuta dauden gainontzeko administrazioekin; garraiatzeko modu desberdinetako operadoreekin eta konprometituta dauden elkarte eta entitate publiko zein pribatuekin; ikerkuntza, garapena eta berrikuntza izango dira bere jardueraren ezaugarririk nagusienak eta bere sorrerako helburua lortzeko informazio- eta komunikazio-teknologiatan oinarrituko da.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Garraio eta Herri Lan sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko urtarrilaren 20an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe,

Dekretu honen xedea Euskadiko Garraio Behatokia sortzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Iraunkorraren Plan Zuzentzaileak xedatutakoaren eremuan, garraioaren eboluzioaren diagnosi eta prospekzio-simulazioaren organo arduradun gisa.

Euskadiko Garraio Behatokia Euskal Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saileko Garraio Zuzendaritzara atxikita sortzen da, Dekretu honetan zehazten diren eginkizunak garatzeko.

Euskadiko Garraio Behatokiari ondorengo eginkizunak dagozkio:

  1. Garraio kontuetan eskumena duen sailari eta hari atxikitako organoei laguntza eta aholkularitza ematea galdetzen zaizkion gaietan, kasuan kasuko txostenak eginez eta horretarako beharrezko diren azterlanak eta ikerketak burutuz.

  2. Garraio sistemaren informazioa osatzea bere modu desberdinetan, eta merkantzia- eta bidaiari-azpisistemen lurralde-aldaeretan: Europarekiko lotura; hiriarteko barne komunikazioak eta hiri- eta metropoli-mugikortasuna, bakoitzak hartzen duelarik garraio-azpiegiturei buruzko informazioa, zerbitzuen eskaintza eta garraio-eskea, guztia erabiltzaileentzat irisgarritasun erraza izango duten datu-base bat eta egoki egituratutako adierazle-sistema baten bidez.

  3. Garraio sistemaren adierazle desberdinen eboluzioaren azterlana, ikerketa eta analisia egitea, aurreko puntuan aipaturiko modu desberdinetan eta merkantzia- eta bidaiari-azpisistemen lurralde-aldaeretan, aldaera bakoitzarentzat ondorengoa sartuz: garraio-azpiegituren eboluzioa eta kudeaketa, eta garraio-zerbitzuen eskaintza, ezaugarriak eta eskaera, bost urtetik behin "Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio-Eskaeraren Irudi Globala" izeneko dokumentua eginez.

  4. "Garraioaren Panoramika Euskadin" izeneko txostena urtero burutzea, egoeraren diagnosia eta Euskadiko Garraio Iraunkorraren Plan Zuzentzailean zehaztutako helburu, estrategia eta jardunbideak betetzearen balioespena eginez. Txosten horrek bere barne hartuko ditu:

    • "Garraioaren erradiografia-memoria" kargaren ibilbideari, kostu aplikagarriei, ibilbide- eta modu-aukerei buruzko informazioarekin, hala nola garraioaren analisia eta prebentziozko proposamenak egiteko informazioarekin.

    • "Garraioaren kanpoko kostuaren analisia", garraioak sortutako kanpoko edo zeharkako kostuak balioesteko, bereziki ezbehar-kopuruari eta karbono monoxidoa eta karbono-dioxidoa atmosferara isurtzeari buruzkoak. Simulazio hau beste aukera batzuen erabilpenaren emaitza simulatuarekin alderatuko da.

  5. Prospekzio-azterlan sozio-ekonomikoak zein lurraren erabilpenari buruzkoak egitea, modelizazio-teknikak aplikatuz eta simulazioa eginez, hala nola egokitzat jotzen diren azterlan soziologikoak burutzea.

  6. Hiri, metropoli eta lurralde-arteko eremuetan sortzen diren mugikortasun- eta irisgarritasun-arazoak konpontzeko mota guztietako joera eta konponbideak identifikatzea, Behatokiaren parte-hartzea egokitzat jotzen den ezagutza- eta eztabaida-foroetan egonez eta parte hartuz.

  7. Hiri, metropoli, lurralde-arte eta hiriarteko eremuetan aplikatzeko moduko gomendioak, konponbideak eta ohitura onak proposatzea, hala nola kanpo harremanetako garraioa eta bere kudeaketari, garraio-zerbitzuen eskaintzari eta mugikortasun-eskaeraren kudeaketari buruzko proposamena egitea.

  8. Garraioaren arloan eskumena duen saileko dagokion organoaren bidez, gobernuko zein gobernuz kanpoko erakundeetan eta haien jarduera elkartuetan (kongresu, mintegi, eztabaida-foro, aldizkako bilera etab.) parte-hartzea, bere agerpena indartuz eta agertze hori bermatzeko egokitzat jotzen diren ekimenak prestatuz.

  9. Arauz ezartzen den beste edozein eginkizun.

Dekretu honetan zehazten diren eginkizunak betetzeko, batik bat informazioa osatzeari buruzkoak, Euskadiko Garraio Behatokiak gai honetan eskumen duten administrazioekin hala nola euren jarduera dela-eta Euskadiko Garraio Behatokiari agindutako xedea eta zereginak lortzen lagundu diezaioketen entitate publiko zein pribatuekin egokitzat jotzen dituen hitzarmen edo lankidetza tresnak bultzatuko ditu.

Euskadiko Garraioaren Behatokiak garatu beharreko jarduerak horretarako esleitutako giza-baliabide eta bitarteko materialekin burutuko dira, dagozkion arauek ezarritakoaren arabera.

Garraio eta Herri Lan Sailak urtero esleituko ditu, bere aurrekontuetan, Euskadiko Garraio Behatokiari dagozkion aurrekontu-sailak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.