Euskadi.eus
  • 71/2004 Dekretua, apirilaren 27koa, Ertzaintzako langileei aplika dakiekeen kondekorazio- eta sari-erregimenari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

71/2004 Dekretua, apirilaren 27koa, Ertzaintzako langileei aplika dakiekeen kondekorazio- eta sari-erregimenari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 86
  • Hurrenkera-zk.: 2396
  • Xedapen-zk.: 71
  • Xedapen-data: 2004/04/27
  • Argitaratze-data: 2004/05/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoaren Araudiak polizia-funtzionarioak zerbitzu-egintzan minusbaliatu geratu edo hiltzekotan sortuko liratekeen ondorioak arautu zituen; araudi hori, hasieran, Segurtasun Batzordeak 1982ko ekainaren 15ean hartutako erabakiaren bidez onartu zen, eta, gerora, abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuak indargabetu zuen, horren bitartez onetsi baitzen Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia.

Geroago, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak zerbitzu-egintzaren definizioa ezarri zuen 79. eta 80. artikuluetan, eta, aldi berean, Jaurlaritzari eskatu zion, zerbitzu-egintzaren aitorpena eginez gero, horrek izango lituzkeen ondorioak zehazteko. Horixe da, hain zuzen ere, neurri batean behintzat, dekretu honetan garatu nahi den arloa, premiak eta beharrak bultzatuta (aldeko ebazpen askoren eraginkortasuna geroratu behar izan baita, izendapenaren ondorioak zehaztu gabe zeudelako), bere aplikazio-eremu subjektiboa Ertzaintzako langileen arlora mugatu behar izan du eta. Gerorako utzi da, beraz, erregimen bateratua ezartzea, eta espero dugu, luze baino lehen, Udaltzaingoetako funtzionarioak ere horren barruan egotea.

Bestalde, ordainsari- eta haborokin-erregimentzat jo litekeen esparruaren barruan, otsailaren 25eko 44/1986 Dekretuak ertzain-lanagatiko eskerrona aitortzeko Domina sortu zuen, ertzainek herritarren eskubideak eta askatasunak babesten eta herritarren ordena eta segurtasuna bermatzen egindako aparteko zerbitzuak saritzeko asmoz. Prozeduraren ikuspuntutik, araua Herrizaingo sailburuaren 1986ko otsailaren 27ko Aginduaren bidez garatu zen. Gero, azaroaren 18ko 263/1986 Dekretuaren bidez, domina-erregimenaren aplikazio-eremu subjektiboa Ertzaintzako funtzionarioak ez ziren langileen arlora hedatu zen.

Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 79. artikuluak ezarritako zerbitzu-egintzaren definizio zehatza izanda, beharrezkotzat jotzen da aipatutako 44/1986 Dekretuak ezarritako kondekorazio eta sarien erregimena kontzeptuen aldetik eguneratu eta mugatzea, legezko araudi horrekin elkartu eta bateratzeko asmoz. Halaber, Legearen 80.2 artikuluan bildutako agindua bete beharko da. Beraz, arauak erakundeek Ertzaintzako funtzionarioek gauzatutako aparteko zerbitzuei ematen dizkieten erantzun mekanismoak ezarri nahi ditu modu bateragarri eta ulergarrian, zerbitzu-egintzaren deklarazioari atxikitako ondorio ekonomikoak eta administratiboak zein lanbide-jarduera osoan polizi egitekoa burutu izanaren aintzatespena arautuz. Horrek guztiak, beraz, polizia-lanarengatiko domina sortu eta arautu zuten arauak indargabetu beharra dakar.

Ondorioz, Ertzaintza Kontseiluak txostena eman eta Aholku Batzorde Juridikoaren hitzak entzundakoan, Herrizaingo sailburuak halaxe proposatuta, Jaurlaritzako Kontseiluak 2004ko apirilaren 27an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe:

  1. ¿ Ertzaintzako funtzionarioei dagokienez, zerbitzu-egintzaren deklarazioak (Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen III. tituluaren V. kapituluan jasotakoak) dakartzan ondorioak arautzea, eta funtzionario horiek beren lanbide-jardueran polizi egitekoa burutu izana aintzatesteko modua zehaztea, horiexek dira arau honen xedeak.

  2. ¿ Ertzaintzako funtzionarioek hurrengo kondekorazioak eta sariak jaso ahal izango dituzte:

    1. Polizia-lanarengatiko domina.

    2. Polizia-zerbitzuarengatiko diploma.

    3. Zorion-hitzak.

    4. Ertzaintzarekiko ohorezko harremana.

  1. ¿ Polizia-lanarengatiko domina sortu da, Ertzaintzako funtzionarioek pertsonak eta ondasunak babestu, haien eskubideak eta askatasunak bermatu eta herritarren segurtasuna zaintzeko lanean gauzatutako aparteko zerbitzuak saritzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eskumenen esparruan eta antolamendu juridiko orokorrean ezarritakoaren arabera.

  2. ¿ Polizia-lanarengatiko domina hurrengo kasuetan emango da:

    1. Hilondoko aitorpen modura, berariaz funtzionario jakin horri zuzenduta, baldin eta funtzionarioa, zerbitzuan edo bere funtzioak betetzen ari zela, istripuz edo beste modu bortitz batean hil bada. Horrela izatekotan, zerbitzu-egintzatzat joko da, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 79. artikuluaren bigarren idatz-zatian zehaztutakoaren arabera.

    2. Berariaz funtzionario jakin horri zuzenduta, zerbitzu-egintzatzat jotzea merezi duen polizia-jarduera gauzatuz gero, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 79. artikuluaren lehenengo idatz-zatian zehaztutakoaren arabera.

  3. ¿ Zerbitzu-egintzaren deklarazioa egitearekin batera, polizia-lanarengatiko domina emango da, deklarazio horren ezinbesteko ondorio gisa.

  1. ¿ Aurreko artikuluaren bigarren paragrafoko b) idatz-zatian aipatutako kasuetan, polizia-lanarengatik domina emateak berekin ekarriko du hildako funtzionarioari zegokion bi urteko ordainsari oso jasotzeko eskubidea. Eskubide horren onuradunak izango dira ondoren adierazten diren pertsonak, aipatutako ordena preklusiboari jarraiki, behin baino ez dutela kopurua jasoko:

    1. Ezkontide biziraulea, edo hala denean, bikotekide biziraulea, Eusko Legebiltzarraren izatezko bikoteak arautzeari buruzko maiatzaren 7ko 2/2003 Legean ezarri bezala.

    2. Legezko jaraunsleak.

  2. ¿ Aurreko paragrafoan aipatutako ordainsariak funtzionarioak bere lanpostuan, hiltzeko orduan, edozein moduren bidez jasotzen zituen ordainsari oinarrizkoak eta osagarriak, finkoak eta aldizkakoak izango dira.

  1. ¿ Polizia-lanarengatik domina emateak, 2. artikuluaren bigarren paragrafoko b) idatz-zatian aipatutako kasuetan, aldizkako sari ekonomikoa jasotzeko eskubidea sortuko dio polizia-jardueratik zuzenean ondorioztatutako ezintasunagatiko nahitaezko erretiroa hartzeagatik zerbitzu-erlazioa uzten duen funtzionarioari. Sari ekonomiko hori eta sartuta dagoen gizarte-aurreikuspeneko sistemaren arabera funtzionarioari dagokion ohiko edo aparteko pentsioa batuz, aipatutako polizia-jarduera gertatu zen unean funtzionarioak zeukan lanpostuaren ordainsarien ehuneko laurogeia lortu behar du, hala denean.

  2. ¿ Aurreko paragrafoan aipatutako ordainsariak funtzionarioak bere lanpostuan, nahitaezko erretiroa ekarri duen polizia-jardueraren unean, edozein moduren bidez jasotzen zituen ordainsari oinarrizkoak eta osagarriak, finkoak eta aldizkakoak izango dira.

  3. ¿ Aurreko lehenengo paragrafoan aipatutako sari ekonomikoa hilero ordainduko da, eta legez ezarritako adina betetzeagatik nahitaezko erretiroa hartu behar den egunera arte iraungo du.

  4. ¿ Sari ekonomikoa jasotzea ez da bateragarria izango lan-errentak jasotzearekin, lan-errentak artikulu honen lehenengo paragrafoan ezarritako mugatik gorakoak direnean.

  5. ¿ Artikulu honek aipatutako sari ekonomikoak aurretik aipatutako ordainsari finko eta aldizkakoei aplikatu beharreko urteko gehikuntza bera izango du, eta hori kobratu ahal izateko, interesatuek horiek jasotzeko eskubidea aintzatetsi duten egoerek jarraitzen dutela behar bezala egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, urtearen lehenengo hilean. Dena den, Administrazioak artikulu honetan ezarritako erregimena aplikatzeko behar diren neurriak ebatzi ahal izango ditu bere kabuz, baldin lehen aipatutako egoerak nolabait aldatu direla jakiten badu.

  6. ¿ Artikulu honen aurreko paragrafoan ezarritakoaren kalterik gabe, pentsioak, soldata pasiboak eta lan-errentak eta aintzatetsitako sari ekonomikoa batzetik ondorioztatutako kopurua ezin izango da inoiz gizarte-aurreikuspeneko erregimen publikoan ezarritako gehieneko pentsiotik gorakoa izan.

Zerbitzu-egintzatik ondorioztatutako ezintasuna dela-eta nahitaezko erretiroa hartzeagatik zerbitzu-erlazioa uzten duten Ertzaintzako funtzionarioek harreman berezia mantenduko dute Ertzaintzarekin, haiek hala eskatuz gero. Horrela bada, azkenekoz jardun zuten Unitateari atxikiko zaizkio ohorezko mailan, eta, ondorioz, unitate horrek parte hartuko duen erakundeen ekitaldi eta ospakizunetara joan ahal izango dira. Herrizaingo sailburuak emango du ohorezko kide izaera hori, bere Aginduen bidez.

  1. ¿ Polizia-zerbitzuarengatiko diplomaren helburua honako hau da: lanbide-jarduera osoan polizi egitekoa burutu izana aintzatestea Ertzaintzako funtzionarioei.

  2. ¿ Polizia-zerbitzuarengatiko diplomak bi maila ditu:

    1. Ezaugarri gorridun diploma: Ertzaintzaren zerbitzura hogeita hamar urte eman dituztenentzat.

    2. Ezaugarri zuridun diploma: Ertzaintzaren zerbitzura hogei urte eman dituztenentzat.

  3. ¿ Polizia-zerbitzuarengatik diploma jasotzeko beste merezimendu izateko, nahitaezkoa izango da zigor edo zehapenik ez izatea espediente pertsonalean. Horrenbestez, ez zaie diplomarik emango diziplinazko hutsegiteagatik zigorra izan duten funtzionarioei, ezarritako zigorra kentzen ez zaien bitartean. Halaber, ez zaie diplomarik emango zehapen-prozeduraren batean sartuta daudenei, prozedura horiek ebazten ez diren bitartean.

  4. ¿ Polizia-zerbitzuarengatik diploma emateko ondoreetarako, maila edozein dela ere, bete-beteko zerbitzutzat hartuko da, baldin eta ertzaina honako administrazio-egoeretakoren batean egon bada: jarduneko zerbitzuan, eta bigarren jardueran lantoki eta zerbitzu berezietan; azken egoera hori, poliziaren funtzio publikoarekin lotura duten jarduerak burutu baditu.

  1. ¿ Ertzainek zorionak jaso ditzakete, txalotzeko moduko ekintzengatik esker ona adierazi behar zaizkienean, baldin eta dominak emateko betekizunak betetzen ez badira.

  2. ¿ Zorionak banakoei zein taldeei eman ahal zaizkie.

  1. ¿ Segurtasun sailburuordeak erabakiko du nori eman Polizia-zerbitzuarengatiko diploma eta zorion-hitzak. Kasuan kasuko ebazpena Ertzaintzaren Aldizkarian agertuko da

  2. ¿ Segurtasun Sailburuordetzaren mende dagoen Giza Baliabideen Zuzendaritzak egingo ditu diploma eta zorion-hitzak emateko espedienteen izapideak. Espedientean honako osagai hauek agertu behar dira:

    1. Funtzionarioak, funtzionarioek edo taldeak helburu horretarako betetzen dituzten ezaugarriak.

    2. Proposamen-txostena.

  1. ¿ Dominak, diplomak eta zorion-hitzak emateko ekintza dagokion egiaztagiriaren bidez dokumentatuko da, eta hori guztia funtzionarioaren espediente pertsonalean idatziko da.

  2. ¿ Dominak (2. artikuluko bigarren paragrafoko b)idatz-zatian aurreikusitako kasuan emandakoak), diplomak eta zorion-hitzak merezimendutzat hartuko dira lanpostuak hornitzeko deialdietan eta barne-sustapeneko deialdietan, gai horri buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

    ALDI BATERAKO XEDAPENA

    Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Araudia indargabetu ondoren gertatutako polizia-jarduerak edo heriotzak direla eta, dekretu hau indarrean sartu aurretik egindako zerbitzu-egintzei buruzko deklarazioek dekretu honetan ezarritako ondorioak izango dituzte.

Indargabeturik gelditzen dira ondorengoak: ertzain-lanagatiko eskerrona adieraziz emandako domina bera, horren baldintzak eta eskubideak sortu dituen otsailaren 25eko 44/1986 Dekretua eta ertzain-lanagatiko eskerrona adieraziz emandako domina bera, horren baldintzak eta eskubideak sortu dituen otsailaren 25eko 44/1986 Dekretua garatzen duen 1986ko otsailaren 27ko Agindua.