Euskadi.eus
  • 15/2006 DEKRETUA, urtarrilaren 31koa, Hiri-Jabegoaren Bazkunde Ofizialetako langileriaren eta ondasunen erregimenari eta destinoari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

15/2006 DEKRETUA, urtarrilaren 31koa, Hiri-Jabegoaren Bazkunde Ofizialetako langileriaren eta ondasunen erregimenari eta destinoari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 36
  • Hurrenkera-zk.: 891
  • Xedapen-zk.: 15
  • Xedapen-data: 2006/01/31
  • Argitaratze-data: 2006/02/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ogasun; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Autonomia Estatutuaren 10.21 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoak Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialen arloan duen eskumena ezartzen du. Hori garatuta, apirilaren 19ko 793/1985 Errege Dekretuaren eta ekainaren 11ko 203/1985 Dekretuaren bidez, ondasunak eta zerbitzuak Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren. Ondoren, Autonomia Erkidegoko Administrazioak, abenduaren 15eko 396/1987 Dekretuaren bidez, korporazio horien Gobernu Batzordeetako kideak aukeratzeko hauteskundeak arautu zituen, eta abenduaren 27ko 312/1988 Dekretuaren bidez, berriz, EAEko Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialen Araudia onartu zuen.

Hala ere, Estatuko 1990erako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 4/1990 Legearen hamargarren azken xedapenak bertan behera utzi zituen Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialak eta haien Kontseilu Gorena zuzenbide publikoko korporazio gisa. Konstituzio Auzitegiak, 1994ko ekainaren 16ko Epaian, agindu hori konstituzio-kontrakotzat eta, horren ondorioz, baliogabetzat hartu zuen, Konstituzioaren 134.2 artikulua urratzen baitzuen; izan ere, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legea ez zen esparru egokia horrelako xedapen bat sartzeko. Ondoren, abuztuaren 5eko 8/1994 Errege Lege Dekretuak legezko euskarri egokia eman zion baliogabetutako azken xedapenarekin funtsean bat zetorren edukiari, eta baliozkotzat eta indarrekotzat hartu zituen ganberak bertan behera uzteko erabakia justifikatu zuten sakoneko arrazoiak; izan ere, "ganberak zuzenbide publikoko korporazioak izateko arrazoia, ordezkatzen dituzten interesen edukia eta Konstituzioan jasotako elkartzeko askatasuna kontuan hartuta, ez dago justifikatuta".

Estatuak ganberak zuzenbide publikoko korporazio gisa bertan behera utzi ondoren, Konstituzioaren 149.1.18. artikuluan aurreikusitako eskumenaren babesean Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialak likidazio-prozesu batean sartu ziren, eta prozesu hori ez zen garai berean amaitu ganberen tutoretza bere gain hartu zuten administrazio guztietan (kasu batzuetan geldotu egin zen, eta beste batzuetan amaitu). Bitartean, abuztuaren 5eko 8/1994 Errege Lege Dekretuaren inguruan, Konstituzio Auzitegiaren aurrean jarritako bi errekurtso ebatzi gabe zeuden oraindik. Azkenean, errekurtso horiek dekretuaren konstituzionaltasunaren aldeko ebazpena jaso zuten, urtarrilaren 17ko 11/2002 Epaiaren bidez.

Hala ere, abuztuaren 5eko 8/1994 Errege Lege Dekretua indarrean hasi zenetik arau horren kontra jarritako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak ebatzi arte, zerga-, administrazio- eta gizarte-neurriei buruzko abenduaren 31ko 66/1997 Legearen hogeita hamargarren xedapen gehigarriak likidazio-prozesua eteteko eta Jabetzaren Ganbera izenarekin edo antzekoekin ondasun higiezinen sektorea ordezkatuko zuten eta elkartze-oinarria eta borondatezko afiliazioa izango zuten erakundeak eratzeko aukera eman zien interes ekonomikoak ordezkatzen zituzten zuzenbide publikoko korporazioen arloan eskumena zuten Autonomia Erkidegoei. Praktikan, ordea, aukera hori Autonomia Erkidego bakar batek baliatu du.

Horrela, Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialak bertan behera utzi zituen arauaren konstituzionaltasunaren ziurtasun juridikoa berretsi ondoren, beharrezkoa eta bidezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tutoretzapean dauden Hiri Jabetzaren Ganberen egungo egoera iragankorrari amaiera ematea.

Ildo horretan, hiri-finken jabeen interesen alde egitea helburu nagusi duen erakunde batek bere xedea den sektore ekonomikoaren eta sozialaren bultzadarekin sortu behar du, hau da, elkartzeko askatasunaren bitartez, eta ez Herri Administrazioaren tutoretzaren eta babesaren bidez, hiri-jabetza pribatuaren (jabeen elkarteak, jabeak, errentatzaileak, errentariak eta abar) inguruko interesak, une jakin batean, elkarrengandik oso urrun egon baitaitezke. Hori dela-eta, komeni da iraungitako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialak likidatzea eta horretarako jarraibideak ezartzea. Nolanahi ere, arau hau ganberetako egungo kideek edo bazkideek hiri-finken jabeen interesak zaintzeko elkarte pribatu bat eratzeko duten eskubidea aparte utzi gabe egiten da, indarrean dagoen araudiari jarraiki.

Azaldutakoari jarraiki, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko urtarrilaren 31n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea honako hau da: abuztuaren 5eko 8/1994 Errege Lege Dekretuaren artikulu bakarra aplikatzearen ondorioz zuzenbide publikoko korporazio gisa bertan behera utzitako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialen ondarea likidatzeko eta langileak Autonomia Erkidegoko Administrazioan txertatzeko beharrezkoak diren jardunak finkatzea.

  1. – Ganberetako egungo langileen artean 2002ko azaroaren 5ean langile finkoak zirenak (ganberetako idazkariak izan ezik) lan-kontratuko langile finko gisa txertatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan, ganberetako langile horien lanbide-kategoriak eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzupeko lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboan daudenak parekatzearen ondoriozko lanbide-kategoriarekin.

  2. – Txertatutako langileak "iraungitzeko" lanpostuetan atxikita geratuko dira, Administrazio Orokorraren sailetan eta erakunde autonomoetan. Lanpostu horiek, nolanahi ere, parekatu diren lanbide-kategorietara egokituko dira, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ezartzen dituen irizpideei jarraiki, betiere aldez aurretik langileen ordezkariekin hitz egin eta negoziatu ondoren. Lan-baldintzak Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzupeko lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboan ezarritakoak izango dira, eta langileek adierazitako hitzarmen kolektiboari jarraiki dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

  3. – Lehen idatz-zatian aipatutako langileek, Funtzio Publikoaren zuzendariaren ebazpen bidez dagokien kategoria eta lanpostua finkatu ondoren, txertatzeko aukerari uko egin ahal izango diote, adierazitako ebazpena jakinarazi eta hilabete bateko epean. Kasu horretan, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko soldatako kalte-ordaina jasoko dute, eta urtebetetik beherako aldiak hilabetetan hainbanatuko dira (hamabi hileroko izango dira gehienez). Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan lanean hasteko data adierazitako epea amaitu eta hurrengo eguna izango da.

  1. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren bitartez, dekretu honen 1. artikuluan aipatutako Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialen ondarea osatzen duten ondasun, eskubide eta obligazio guztien inbentarioa egingo du. Horretarako, Aurrekontu Zuzendaritzaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren zerbitzuek beharrezkoa den laguntza teknikoa emango dute.

  2. – Inbentario horrek ganbera bakoitzaren ondasun, eskubide eta obligazio guztien deskribapena bilduko du, indarrean dauden kontabilitate-arauei eta oro har onartutako kontabilitate-printzipioei jarraiki ezarritako balioa edo zenbatekoa adierazita. Horretarako, ganberen kontabilitate-txostenez eta kontu-ikuskapenen emaitzez baliatu ahal izango da. Inbentarioa Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuek egin ahal izango dute zuzenean; bestela, ganberen ondare-masaren kontura hirugarren batzuk kontratatuta egin ahal izango da.

Inbentarioa egin ondoren, zuzenean edo zeharka nahitaezko kuotaren kontura edo legezko obligazioen ondoriozko beste jardun batzuen kontura sortutako ondasunak eta eskubideak, eta aurrekoez bestelako diru-sarrerekin sortutakoak zein diren zehaztuko da, honako irizpide hauei jarraiki:

  1. Hiri Jabetzaren Ganberen antolamendurako eta funtzionamendurako behin betiko araudia onartu zuen eta nahitaezko kuota ezarri zuen 1927ko maiatzaren 6ko Errege Lege Dekretua indarrean hasi aurretik eskuratutakoak edo sortutakoak nahitaezko kuotaren kontura edo legezko obligazioen ondoriozko beste jardun batzuen kontura sortu gabekotzat hartuko dira.

  2. Data horren ondoren eskuratutakoak, adierazitako Errege Lege Dekretua indarrean hasi aurretik zeuden errendimenduekin edo horien berrinbertsio garbiaren bidez lortu direla era frogagarrian jasota badago, nondik norako bera dutela ulertuko da, hau da, nahitaezko kuotaren kontura edo legezko obligazioen ondoriozko beste jardun batzuen kontura sortu ez direla.

  3. Inbentarioaren arabera ganbera bakoitzak 1927ko maiatzaren 6ko Errege Lege Dekretua indarrean hasi zen egunetik abenduaren 28ko 37/1988 Legearen bidez ganberetan nahitaez txertatzeko beharra bertan behera geratu zen egunera (hots, 1989ko urtarrilaren 1era) bitartean sortutako eta eskuratutako ondasunak eta eskubideak, aurreko idatz-zatian adierazitakoari jarraiki lortu direnak kendu ondoren, nahitaezko kuotaren kontura edo legezko obligazioen ondoriozko beste jardun batzuen kontura sortutakotzat hartuko dira.

  4. Inbentarioaren arabera ganberek 1989ko urtarrilaren 1aren ondoren lortutako edo sortutako ondasunei eta eskubideei dagokienez, lortzeko erabili diren fondoen jatorria hartuko da kontuan.

  5. Ganbarei doan transmititutako ondasunak edo eskubideak, haien besterentzearen zenbatekoa berriz inbertituta eskuratutakoak, eta batzuen zein besteen emaitzak nahitaezko kuotaren kontura edo legezko beste obligazio batzuen kontura sortu gabeko diru-sarreratzat hartuko dira.

  1. – Hiri Jabetzaren Ganberek ondasunak edo eskubideak doan eskuratzearen ondoriozko kargek nahitaezko kuotaren eta gainerako lege-obligazioen kontura sortu gabeko ondarearen zatia murriztuko dute.

  2. – Gainerako obligazio edo karga bakoitza ganberen ondarea bereizita dagoen bi zatietako zeini egotzi behar zaion zehazteko, honako arau hauei jarraituko zaie:

    1. 1927ko maiatzaren 12aren aurretik edo 1988ko abenduaren 31ren ondoren sortutakoek, inbentarioa ixten denean irauten badute, kuotaren eta gainerako legezko xedapenen kontura sortu gabeko zatia murriztuko dute.

    2. Aurreko paragrafoan adierazitako daten artean sortutakoek, oraindik iraungita ez badaude, ondarearen bi zatiak murriztuko dituzte. Bi zatien artean zer proportziotan banatu beharko diren zehazteko, abenduaren 2ko 2308/1994 Errege Dekretuaren 2.b) artikuluan jasotako ehunekoak hartuko dira kontuan.

  1. – Aurreko artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki ondasunen, eskubideen, obligazioen eta kargen inbentarioa amaitu ondoren, onartu egingo da Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren agindu bidez. Agindu horretan, inbentarioaren erregistroa, titulazioa edo sarrera egitea xedatuko da, betiere eraginpean hartzen duten zor eta obligazio guztiak zati bakoitzaren ondasunen kontura kitatu ondoren. Ganberaren batean inbentarioak erakundearen aktiboa baino galera edo zor handiagoen ondorioz zati batean edo bietan balantzea negatiboa izan dela agerian uzten badu, gainerako ganberen ondasunen kontura kitatuko dira galera edo zor horiek.

  2. – Inbentarioa eta ondare-mugaketa onartzen dituen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta titulu nahikoa izango da dagozkion ondasunen erregistroa, titulazioa edo sarrera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alde egiteko. Jabetza Erregistroan egin beharreko erregistroak Hipoteka Araudiaren 303. artikuluan ezarritakora egokituko dira.

Nahitaezko kuotaren eta gainerako legezko obligazioen kontura sortu gabeko ganberen ondarearen zatia erabiltzeko laga ahal izango da, Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legean eta dekretu honetan xedatutakoaren arabera, betiere honako baldintzei eta prozedurari jarraiki:

  1. Erabiltzeko lagapena legez eratuta dauden eta helburu nagusi gisa hiri-etxebizitzen jabeen eta erabiltzaileen defentsa, sustapena eta informazioa duten irabazi-asmorik gabeko elkarteen alde soilik egin ahal izango da.

  2. Erabiltzeko lagatzeko eskaera aurreko artikuluan adierazitako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik urtebeteko epean egin beharko da, eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzara bidaliko da. Eskaerarekin batera, elkartearen eraketa, elkartearen helburuak, eta dauzkan giza baliabideak, baliabide materialak eta baliabide ekonomikoak egiaztatuko dituen dokumentazioa, eta lagatzeko eskatzen diren ondasunak eta horiei eman nahi zaien erabilera jasoko dituen memoria bidali beharko dira.

  3. Elkarte interesdunek erabiltzeko lagatzeko moduko ondasunen zerrenda eta horiek identifikatzeko datuak kontsultatu ahal izango dituzte Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzan.

  4. Adierazitako urtebeteko epea igaro ondoren, artikulu honetan aurreikusitako erabiltzeko lagatzeko eskaera egiteko aukera galdu egingo da, eta ondasunak Autonomia Erkidegoko Ondarearen ondasunetarako ezarritako erregimen orokorrari lotuta geratuko dira.

  5. Uztailaren 27ko Euskadiko Ondareari buruzko 14/1983 Legearekin bat, eskumena duen organoak erabiltzeko lagatzeko erabakiko du, eta honen iraupena, elkarteak bere gain hartutako eskubideak eta betebeharrak, eta administrazio emaileak beharrezkotzat edo interesekotzat hartzen dituen alderdi guztiak finkatuko ditu. Nolanahi ere, erabiltzeko lagapenak ez du titulartasuna elkartearen alde eskualdatzea ekarriko eta ez du haren aldeko eskubiderik sortuko (finkatutako baldintzetan erabiltzeko eskubidea izan ezik). Lagapena bukatuko da eta jabetza administraziora itzuliko da uztailaren 27ko Euskadiko Ondareari buruzko 14/1983 Legean aurreikusitako baldintzetan eta, batez ere, dagokion txostenaren ondoren, administrazioak elkarteak lagatzeko azaldutako eta justifikatutako helburua, edo eskaeran adierazitako erabilera bete ez duela irizten dionean.

  1. – Inbentarioa ixteko dataren ondoren eta ondasunen erregistroa, titulazioa edo sarrera egin aurretik sortzen diren ondare-obligazioak dekretu honetan ezarritako arauei jarraiki egotzi eta kitatuko dira.

  2. – Ondasunen erregistroa, titulazioa edo sarrera Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean egin aurretik kitatu ezin diren obligazioak badaude, edo obligazio horiek kitatzea komeni ez bada, administrazio horrek bere gain hartuko du obligazioen ordainketa eta, obligazioa nahitaezko kuotaren kontura sortu gabeko ondarearen zatiari badagokio, bidezkoak diren konpentsazioak ezarriko ditu.

  3. – Autonomia Erkidegoko Administrazioak inbentarioa onartu aurretik irmoki aitortu diren soldata-zorrak ordaindu ahal izango ditu, dekretu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatzeko aukera aparte utzi gabe.

  4. – Era berean, ondasunen erregistroa, titulazioa edo sarrera egiten den egunean oraindik kobratzeko geratzen diren eskubideak badaude, horien titulartasuna Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku geratuko da, eta administrazio horrek dagokion ondare zatiari egotziko dizkio.

  1. – Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialen gobernu-organoak deseginda geratuko dira dekretu hau indarrean hasi denetik aurrera.

  2. – Likidazio-prozesua egiten den bitartean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak hartuko ditu bere gain ordura arte gobernu-organoei esleitutako funtzio guztiak. Horretarako, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez, ganbera bakoitzerako ordezkari bat izendatuko da, eta adierazitako funtzioak bere gain hartuko ditu.

  3. – Arestian adierazitakoa aparte utzi gabe, gobernu-organoetako kideek Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunei lagunduko diete, adierazitako funtzioen eskualdaketa behar bezala egin dadin.

  1. – Dekretu hau indarrean hasten denetik aurrera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialek bertan behera utziko dituzte betetzen zituzten funtzioak eta zerbitzuak.

  2. – Indarrean dagoen araudiak eskatzen duenean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak hiri-etxebizitzen jabeek eta errentariek dituzten eskubideen eta betebeharren arloko informazio-zerbitzuak, eta errentamendu-kontratuen oniritzia eta erregistroa hartuko ditu bere gain. Zerbitzuak kontsulta egiten duen pertsona maizterra edo jabea den kontuan hartu gabe emango dira.

  3. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bitartekotzako eta adiskidetzeko funtzioak hartuko ditu bere gain ondasun higiezinen jabeen artean, eta horien eta maizterren artean sortzen diren arazoetan, betiere legez ezartzen diren baldintzetan, alde interesdunekin adostasuna lortu ondoren eta indarrean dagoen araudiari jarraiki.

  4. – Era berean, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa betetzen den bitartean, Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere gain hartuko ditu hiri-errentamenduen fidantzen erregistroa, gordailatzea eta bilketaren kudeaketa, betiere legez ezartzen diren baldintzetan eta finantzen arloko araudiari jarraiki.

  1. – EAEko Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialen jarduera bertan behera uztearen ondorioz, langileen lan-kontratuak iraungi egingo dira, eta langileek ez dute eskubiderik izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan txertatzeko, betiere lan-administrazioko agintari eskudunak finkatzen dituen baldintzetan, indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan txertatzeko eskubidea duten, baina aukera horri uko egiten dioten ganberetako langileen lan-kontratuak iraungita geratuko dira kontratuaren likidazioa egin ondoren kalte-ordaina ganberen ondare-masaren kontura ordaintzea erabakitzen denean.

Indarrean dagoen araudian EAEko Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialei buruz egiten diren aipamenak Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organoei buruzkoak direla ulertuko da aurrerantzean.

  1. – Dekretu honen 2. artikuluan adierazitako langileak artikulu horretan bertan ezarritakoari jarraiki esleitzen zaizkien lanpostuetan hasten ez diren bitartean, EAEko Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialen lokaletan beteko dituzte Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere eskumenen eremuan finkatzen dituen zerbitzuak eta funtzioak. Bereziki, dekretu honen 3. artikuluan aurreikusitako inbentarioa egiten eta ganberetako egungo kideei eta bazkideei likidazio-prozesuari buruzko informazioa eta arreta ematen lagunduko dute.

  2. – Halaber, hirugarren xedapen gehigarriaren 4. idatz-zatian xedatutakoa betetzen den bitartean, hiri-errentamenduen fidantzak EAEko Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialen lokaletan gordailatzen jarraituko da.

Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatzen denari kontrajartzen zaizkion edo xedatzen denaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko arau guztiak eta, bereziki, honako hauek:

  1. 396/1987 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Ganberen Gobernu Batzordeetako kideak aukeratzeko hauteskundeei buruzkoa.

  2. 312/1988 Dekretua, abenduaren 27koa, EAEko Hiri Jabetzaren Ganbera Ofizialen Araudia onartzen duena.