- 1/2009 LEGEA, urriaren 8koa, presako aurrekontu-neurriei buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu1/2009 LEGEA, urriaren 8koa, presako aurrekontu-neurriei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 195
- Hurrenkera-zk.: 5473
- Xedapen-zk.: 1
- Xedapen-data: 2009/10/08
- Argitaratze-data: 2009/10/09
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ogasun; Herrizaingoa; Sailak
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak urriaren 8ko 1/2009 Legea, presako aurrekontu-neurriei buruzkoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
Munduko ekonomia bigarren mundu gerraz gero izan den krisirik handienean dago sartuta. Ia herrialde garatu guztiak ari dira BPGan aldaketa-tasa negatiboak nozitzen. Egoera honetan, Euskal Autonomia Erkidegoa ere atzeraldi ekonomikoan dago sartuta: urte arteko tasa % 3,6 erori da bigarren hiruhilekoan zehar, industria-sektorean eta eraikuntzan ere beherakada garrantzitsuak izan dira, eta zerbitzuak lehen aldiz sartu dira tasa negatiboetan. Egoera horrekin batera gertatu da kontsumoaren eta inbertsioaren beherakada, biak izaki ezinbesteko osagaiak ekonomia bere oneratzeko. Horrela bada, ekonomiaren ahuleziak eragin zuzen-zuzena izan du Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguan, eta hurrenez hurrengo hirugarren hiruhilekoa da hau enplegua gutxitzen dela, oraingo honetan urte arteko % 4ko tasako erritmoan, eta aurreko hiruhilekoan baino % 0,7 gehiago.
Egoera zail honetan, Eusko Jaurlaritzari dagokio eskaera agregatua indarrez susperraraztea, nazioarteko erakunde garrantzitsuenek egindako proposamenekin eta Espainiako Gobernuak eta gure inguruko gobernu gehienek garatutako proposamenekin bat etorriz. Baina, era berean, politika ekonomiko hau ondorio larriak eragiten ari da aurrekontu publikoetan, hala gastuak gehituz nola diru-sarrerak gutxituz. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 2009ko lehenbiziko zazpi hilabeteetan, % 23,9 gutxiago bildu da tributu hitzartuen bidez, eta, hori, gure artean inoiz ezagutu ez den bezalako beherakada da. Hala, ekitaldi amaierarako aurreikuspena da beherakada % 20 ingurukoa izango dela, eta, horren arabera, zerga bidez bildutakoak BPGan izango duen pisua 6 ehuneko gutxituko da bi urtean.
Nolanahi ere, gastu publikoaren joera kontrakoa da; krisi ekonomikoko garaietan, gastu soziala itzelez hazten da, eta, gainera, beharrezkoa izaten da jarduera ekonomikoa sustatzeko politika berriak abiaraztea, eta horrek gastu publikoa gehitzea ekarri ohi du berriro. Horixe gertatu da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuekin: aurrekontu-ekitaldi honetan, krisiaren kontra egiteko neurri-sorta handi bat abiarazi dugu, hala arlo sozialean nola jarduera ekonomikoa sustatzeko arloan, eta murriztu egin dugu gastua, hain beharrezko irizten ez genien gai batzuetan.
Aurrekontu-politikaren orientazio berri honek bost ardatz estrategiko ditu:
Ekonomia- eta enpresa-jarduera sustatzea, proiektu bakar bat ere gera ez dadin, den arlokoa dela, finan-tzaketa-ezagatik gauzatu gabe, etorkizun onekoa eta fidagarria bada.
Oinarrizko kapital publikoaren stocka hobetzeko inbertsioak egitea, ekonomia-jarduera eta enplegua sustatzeko, aldi berean.
Laneratzeko sistema bat finkatzea, mendekotasun-sistemarekin eta enplegu-sistemarekin bat, enplega-rritasunik handiena eragiteko eta laneratzeko arazo gehien dituzten taldeei arreta berezia emateko.
I + G + b arloari laguntza irmoa ematea, bai eta gure zientzia- eta teknologia-sistemari ere, gure ekonomiaren etorkizuneko oinarri gisa.
Eta, orobat, gure oinarrizko zerbitzuak atxikitzea eta garatzea, alegia, osasuna, hezkuntza, gizarte-laguntza, herritarren segurtasuna eta justizia.
Hala ere, krisia hain da larria, politika publiko hauekin egindako ahalegina ez baita oraindik aski, eta, hala, gobernuak uste du eutsi egin behar zaiela politika publiko horiei, orain arte izan dituzten ondorio positiboak ikusirik. Hala bada, krisiaren kontra egiteko neurri berezi berriak proposatzen ditugu hemen, 389,66 milioi euro artekoak, eta, horietatik, 214,63 milioi inbertsio-gastuak izango dira, lege honen eranskinean ageri den bezala. Neurri horiek enplegua sortzeko dira batez ere, bai eta laneratzea eta gizarteratzea sustatzeko, azpiegitura publikoen eraikuntza bizkortzeko, ekonomia- eta enpresa-jarduera sustatzeko, I + G + b arloa eta nazioarteratzea sustatzeko eta oinarrizko zerbitzuak ekipamenduz hornitzeko. Neurri horietako batzuk kreditu soberakinen bitartez gauzatuko dira, dagozkien egokitzapenak eginez, eta, beste batzuetarako, hala nola kapital-eragiketekin lotutakoetarako, lege bat onartu nahi dugu kreditu gehigarrietarako baimena emateko, Euskadiko Aurrekontu Erregimenaren Legearen Testu Bateginaren 94. artikuluan xedatzen denez. Hala bada, arau honetako 93. artikuluan horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen dira: hala nola egungo aurrekontuetan izendatutako diru-partidak aski ez izatea, eta aurrekontuetan aldaketak egiteko lege-araubidearen bidez ezin beharrizan horiei erantzutea.
Legeak aukera ematen du, politika publiko horien esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eman ditzakeen abalen zenbatekoaren muga gehitzeko, enpresen jarduera sustatzearren; zenbateko horren muga berria 200 milioi eurokoa izango da.
Kreditu gehigarriak zorpetze-eragiketen bidez finantzatuko dira, autonomia-estatutuaren 45.1 artikuluan xedatutakoaren bat etorriz; eragiketa horien bitartez diru-sarreretan izango den aldea berdindu nahi dugu, alegia, aurrekontuetan aurreikusitako diru-sarreren (bereziki tributu hitzartuetatik datozenen) eta diru-sarrera horien egiazko gauzatzearen artean izango dena. Zehatzago esateko, beharrezko deritzogu urteko zorpetze-muga handitzeari, gutxi gorabehera 1.050 milioi euro inguruko kopuru batera arte, hala kreditu gehigarriak finantzatzeko nola diru-sarreren benetako eboluziarekiko aldea doitzeko.
Finantzaketa zorpetze-eragiketen kontura izango da, eta, beraz, gehitu egingo dugu indarrean dagoen aurrekontu-legeak eragiketa horietarako ezartzen duen muga; hori ez da eragozpen izango muga hori diru-sarreren benetako eboluzioaren arabera berrikusteko; kontuan izanik zein nabarmenki gutxitu den lurralde historikoetako foru-diputazioek kudeatutako tributuen bidez bildutakoa, eta hori izanik Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen finantzaketarako iturri nagusia, muga hori 1.350 milioi eurokoa izango da; horretarako, 1.050 milioi eurotan gehituko beharko litzateke kreditu gehigarrien eta diru-sarreren desbideratzeen finantzaketarako egun ezarritako muga.
Autonomia-erkidegoak zorpetze hori bere gain hartzea arrazoizkoa da, Euskal Autonomia Erkide-goak kredituen arloan duen sailkapena (rating) kontuan hartuta, hiru kalifikazio-agentzia ezagunenek eman ohi duten kalifikazioetan handiena, hain zuzen. Era berean, zor biziaren saldoa BPGaren % 1,3koa izango da 2009ko lehenbiziko hiruhilekoan, Espainiako autonomia-erkidego guztietan ehunekorik txikiena. Finantza- eta kaudimen-egoera eroso hau, EAEko administrazioak bere aurrekontu-politikak kontrolatzeko eta kudeatzeko orduan duen ohiko irudi ona, Euskal Autonomia Erkidegoaren zor publikoak merkatuetan duen presentzia urria, eta, horrekin batera, Europar Batasuneko kide izatea, hori guztia tarteko, aski erraz kokatu ahal izango dugu zor publikoa merkatuan; izan ere, merkatuaren egoerarik onena hautatuko dugu horretarako, eta epe ertain eta luzean aurrekontu-egonkortasuneko egoerarekin hobekien egokitzen diren amortizazio-epeen arabera egingo da zorpetzea.
Kreditu gehigarriak emango ditugu, 214.630.000 euro arteko mugarekin, lege honetako eranskinean jasotako xehekapenaren arabera.
Ordainketa-kreditu gehigarri horiek zorpetze-eragiketen bidez finantzatuko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legearen 13.1 artikuluan ageri den zorpetze-muga gehitzen da honen bidez, halako moldez non ekitaldi-amaierako saldoak ez duen gaindituko ekitaldi hasierako saldoa 514.630.000 euro baino kopuru handiagoan.
Aurreko idatz-zatian aipatzen den muga ekitaldi-amaieran izango da eraginkorra; hala bada, aukera izango da ekitaldian zehar muga hori gainditzeko. Bestalde, automatikoki berrikusiko da diru-sarreretan gertatzen diren desbideratzeengatik, alegia, indarrean dagoen aurrekontu-legean jasotzen diren diru-sarreren aurreikuspenen eta diru-sarrera horien benetako eboluzioaren arteko desbideratzeengatik, eta gehitu edo gutxitu ere egingo da, finantzaketa-beharrizanen arabera, inolaz ere 1.350 milioi euroko muga gainditu gabe.
Euskal Autonomia Erkidegoak, edo, hala balegokio, Euskal Finantza Erakundeak (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legearen 12.1 artikuluan aipatutakoa) edozein eratako eragiketengatik eman ahal izango dituen bermeen gehienezko kopurua 200 milioi eurokoa izango da.
Lege honen babesean hitzartzen diren zorpetze-eragiketen berri emango zaio Legebiltzarrari.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legearen 18.3 artikulua Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenaren Legearen Testu Bateginaren 70. artikuluaren babesean sortutako programa berriei aplikatuko zaie, betiere krisiaren kontra egiteko badira, bai eta programa horiek sortzeko kredituei ere.
Lehenengoa. Garatzea eta gauzatzea.
Baimena ematen zaio gobernuari, lege hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, Ekonomia eta Ogasun Sailak proposatuta.
Baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Sailari, Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeen aurrekontuetan diru-sarreren egoerak eta gastuen egoerak lege honetan ezarritako xedapenen arabera egokitzeko behar diren aldaketa eta egokitze teknikoak egin ditzan, eta behar diren programa, atal, zerbitzu eta kontzeptuak sor ditzan.
Bigarrena. Indarrean sartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 8a.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
PRESAKO AURREKONTU-NEURRIEI BURUZKO URRIAREN 8KO 1/2009 LEGEAREN ERANSKINA
Guztira
Aparteko funtsa, Azpiegiturak 75,70
Aparteko Funtsa, Herri-Lanak 37,70
Aparteko Funtsa, Enpresentzako Laguntza 53,38
Aparteko Funtsa, Eraginkortasun Energetikoa 15,35
Aparteko Funtsa, Berrikuntza eta Ikerketa 15,00
Aparteko Funtsa, Merkataritzarako Laguntzak eta beste batzuk 2,50
Aparteko Funtsa, Udalentzako Laguntzak 15,00
Inbertsioa guztira + Euskadi 09 214,63
APARTEKO FUNTSA ZENBATEKOA SAILA
AZPIEGITURAK
Bilboko metroa, 4. linea 0,50 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Bilboko metroa, 3. linea 7,00 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Karakateko baztergunea 2,90 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Azitain-Electrociclos bikoizketa 3,50 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Eibarko geltokia eraberritzea 0,20 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Ardantzako geltokia estaltzea 2,10 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Oikinako baztergunea 3,60 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Araso kotxetegi eta tailerrak 30,80 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Lasarte-Errekalde bikoizketa 11,00 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Pasaguneak Loiolako lubetan + Anoeta eraberritzea 3,00 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Tranbia transbordadorea Leioako EHUren kanpusera 5,00 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Gasteiz-Abetxuko tranbia 5,80 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Gasteizko trenbidea lurperatzea 0,20 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Bideragarritasun-azterketa eta eraberritzea, Arangoitiko igogailua 0,1 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
AZPIEGITUREN FUNTSA, GUZTIRA 75,70
HERRI-LANAK
Bilbo Eskuinaldeko Ospitalea (1. fasea) 20,00 Osasun eta Kontsumo Saila
Vitoria-Gasteizko ospitale berria 0,50 Osasun eta Kontsumo Saila
Fadurako (Getxo) Kirol Teknifikazio Zentroko estalkiak konpontzea 0,20 Kultura Saila
Villareal-Legutianoko tosta mugikorreko arraunketako estropada-eremua birgaitzea 0,30 Kultura Saila
Vitoria-Gasteizko Merkatu Plaza birgaitzea 1,00 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Vitoria-Gasteizko hiri zaharra birgaitzea 9,00 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
Hornidurako lan hidraulikoak Sobronen 2,00 Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
Gobela ibaia bideratzea 3,00 Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
Alokairuko apartamenduen proiektuak 1,70 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
HERRI-LANEN FUNTSA, GUZTIRA 37,70
ENPRESENTZAKO LAGUNTZA
Gauzatu 11,90 Industria eta Berrikuntza Saila
Bideratu 4,60 Industria eta Berrikuntza Saila
Ezten (partaidetza-kredituak) 10,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Enpresa-garapena 2,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Makina-erremintaren Renove Plana 5,00 Industria eta Berrikuntza Saila
SIREA 1,50 Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
ARBI 2,40 Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
ARASUR 0,55 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
NFS 4,80 Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
Arabako patata ereiteko, biltzeko eta biltegiratzeko proiektu pilotua 0,13 Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
Eibar-Tekniker 2,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Hernaniko Industrialdea 3,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Vitoria Industrial Air Park - VIAP 5,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Kanpezuko Industrialdea 0,50 Industria eta Berrikuntza Saila
ENPRESENTZAKO LAGUNTZAREN FUNTSA, GUZTIRA 53,38
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOA
Leihoetarako Renove Plana 6,60 Industria eta Berrikuntza Saila
Etxetresna elektrikoetarako Renove Plana 4,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Galdaretarako Renove Plana 0,50 Industria eta Berrikuntza Saila
Argiteria publikorako Renove Plana 1,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Energia berriztagarrien sustapena 1,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Eraginkortasun energetikoan inbertitzea, EVE planaren arabera, EAEko ikastetxeetan 2,00 Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Aurrezpen energetiko handiko turismoetarako Renove Plana 0,25 Industria eta Berrikuntza Saila
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN FUNTSA, GUZTIRA 15,35
BERRIKUNTZA ETA IKERKETA
Intekberri 8,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Etorgai Ikerketa Estrategiko Industriala 3,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Etortek 3,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Hezkuntza-edukiko software librea sortzearen sustapena 1,00 Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
BERRIKUNTZA ETA IKERKETAREN FUNTSA, GUZTIRA 15,00
MERKATARITZARAKO LAGUNTZAK ETA BESTE BATZUK
Altzarietarako Renove Plana 2,00 Industria eta Berrikuntza Saila
Esnearen zuzeneko saltokiak 0,50 Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
TOTAL FONDO AYUDAS AL COMERCIO Y OTROS 2,50
UDALETARAKO APARTEKO FUNTSA
Hiri Berri 15,00 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
UDALETARAKO APARTEKO FUNTSA, GUZTIRA 15,00
JARDUERAK, GUZTIRA 214,63
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: 19/2008 LEGEA, abenduaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituena.
- Ikus: 572/2009 DEKRETUA, urriaren 20koa, Euskadik 700.000.000 euroko zor publikoa -amortizagarria eta obligaziotan eratua- jaulkitzeko erabakiari buruzkoa.
- Ikus: 2/2009 LEGEA, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.