- EBAZPENA, 2008ko apirilaren 11koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketetako errektoreordearena, berezko tituluen arautegi bateratua argitaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2008ko apirilaren 11koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketetako errektoreordearena, berezko tituluen arautegi bateratua argitaratzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 92
- Hurrenkera-zk.: 2967
- Xedapen-zk.: 78
- Xedapen-data: 2008/04/11
- Argitaratze-data: 2008/05/16
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Estatu osoan baliozkoak diren ikasketa ofizialez gain, unibertsitateek, beren autonomiaren babesean, aukera daukate berezko titulu eta diplomak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko, bai eta etengabeko prestakuntzako programak ere. Hori guztia abenduaren 6/2001 Lege Organikoak, Unibertsitateei buruzko apirilaren 12ko 4/2007 Legeak aldaraziak, zehaztutakoaren babesean.
Bestalde, UPV/EHUko Estatutuetako 130.2 artikuluak unibertsitateko berezko tituluak lortzera bideratutako ikasketak arautzen ditu, eta 155. artikuluan jasota dago Gobernu Kontseiluak arautuko dituela espezializazio eta etengabeko prestakuntzako programak, UPV/EHUko berezko titulu eta diplomak lortzera bideratuta ez daudenak.
Aipatutako legediaren babesean, Gobernu Kontseiluak, 2006-12-20ko bileran, berezko ikasketen arautegi bateratua onartu zuen.
Arautegi bateratu hori onartu ondoren, aldarazi egin da unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa, eta argitaratu egin dira batetik, abuztuaren 13ko ECI/2514/2007 Agindua, master eta doktoregoko unibertsitate titulu ofizialak emateari buruzkoa, eta bestetik, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituena. Horren guztiaren ondorioz, egokia da berezko ikasketei buruzko arautegi bateratua; beraz, Gobernu Kontseiluak, 2008ko apirilaren 10ean egindako bileran, onartu egin du arautegi hori aldatzea.
2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horretako 9.2 artikuluan honakoa dago jasota:
"Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte."
Horrela, bada, Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 9.2 artikuluan zehaztutakoa betetzeko, honakoa
Leioa, 2008ko apirilaren 11.
Graduko eta Graduondoko Ikasketetako errektoreordea,
CARMEN GONZÁLEZ MURUA.
Unibertsitateen Lege Organikoaren arabera, unibertsitateek, daukaten autonomia baliatuta, berezko diplomak eta tituluak lortzeko ikasketak eta ikastaro osagarriak eta etengabeko formaziorako programak eskain ditzakete, estatu osoan ofizialak eta baliozkoak direnez gain; azken horien jarraibide orokorrak Gobernuak ezartzen ditu.
Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2006-12-20ko bileran, berezko ikasketen arautegi bateratua onartu zuen. Arautegi horren bidez lortu nahi zen, batetik, testu bakarrean batzea unibertsitateko berezko tituluei buruzko xedapenak eta, bestetik, LOUren garapenetik sortutako arautegi berrietara egokitzea testua.
Horren ondoren argitaratu zirenez abuztuaren 13ko ECI/2514/2007 Agindua eta urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua (master eta doktoregoko unibertsitate-titulu ofizialak emateari buruzko agindua eta unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen dekretua, hurrenez hurren), komenigarritzat ikusi da arautegi bateratua aldatzea.
– Arautegi honen helburua da UPV/EHUko berezko tituluak eta ikastaro etengabeko formazioko programak lortzeko ikasketak emateko oinarrizko baldintzak arautzea.
– Arautegi hau aplikatuko da bere eredura ezartzen diren berezko tituluetako ikasketetan eta ikastaro etengabeko formaziorako programetan.
– Ikasketa-planak egiteko kredituen sistema erabiliko da; kredituaren definiziotzat hartuko da indarrean dagoen legedian agertzen dena.
– Ikasketa-plan ofizialetan ez dauden ikasketak eskaintzea.
– Goi mailako titulatuen prestakuntza akademikoa osatzea, garapen profesional, zientifiko, tekniko eta artistikoa hobetzeko aukera eskainiz.
– Aplikazio profesionala izan dezaketen ikerkuntza-arlo berrietan arreta jartzea eta erakunde eta enpresekin elkarlanean aritzea.
– Berezko titulazioak lortzeko graduko eta graduondoko ikasketak ez dira baimenduko baldin eta edukiak graduko ikasketen, graduondoko programa ofizialen edo doktorego-programaren baten edukien oso antzekoak badira. Ikasketen arteko kredituen aintzatespena Graduondoko Ikasketen Azpibatzordeak erabakiko du.
– Osasun-alorreko ikasketetan, Espezializazioen Dekretua beteko da: Dekretuan zehaztutako titulu berberak edo nahastea sor dezaketenak ezin dira eman.
– Helburuei, hartzaileei eta lortzen diren titulazio edo ziurtagirien arabera, UPV/EHUko berezko ikasketak maila hauetan antolatzen eta egituratzen dira:
Graduko ikasketak.
1.– Berezko graduko tituluak, estatu osoan baliozkoak diren titulu ofizialen erregistroan ez daudenak.
Iraupena 180 eta 240 ECTS kreditu bitartekoa izango da eta hartzaileak izango dira Unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonak. Titulazioaren izena hau izango da: "unibertsitatearen berezko titulua: …-n graduatua".
2.– Gradu titulazio ofizialei lotutako berezko tituluak, lotutako titulazio ofizialean ikasketak egiten ari direnentzat.
Guztira 20-60 ECTS kreditu izango dituzte; iraupena izango da atxikitako gradu tituluaren araberakoa. Halaber, titulazioa lortzeko gradu ofiziala eduki behar da. Titulazioaren izena hau izango da: "…-n aditua, …-ko gradu titulazioari atxikia".
Graduondoko ikasketak, unibertsitateko titulazioa duten pertsonentzat. Hona hemen titulu hauen sailkapena:
1.– Berezko masterra.
Titulu hori lortzeko ikasketek 60-120 ECTS kreditu izango dituzte oro har, eta iraungo dute, gutxienez, urte bete. Gutxieneko horri eutsita, ikasketak bi ikasturterako diseinatuko dira, iraupen hori izango da erreferentzi irizpidea.
Hala ere, salbuespen moduan, kreditu gehiagoko tituluak irakasteko baimen eman ahal izango da; baina ezingo dira eman, inolaz ere, 60 kreditu baino gehiago ikasturte bakoitzean.
2.– Unibertsitateko espezialista.
Ikasketek, guztira, 30-59 ECTS kreditu izango dituzte eta seihileko bat edo bi iraungo dute.
Bi titulu horiek (B.1 eta B.2) eskuratu ahal izango dituzte graduko unibertsitate titulazioa dutenek, unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuari jarraiki.
Halaber, titulu horiek eskuratu ahal izango dituzte graduko ikasketen kreditu-kopuru bera duten UPV/EHUko berezko graduko tituluak dituztenek.
Beste unibertsitateetako berezko graduko titulua duten ikasleak hartuko dira ziurtatzen denean graduko titulazio ofizialekin bat datorren formazio-maila dutela eta Unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen dituztela.
Atzerriko titulua dutenek, Unibertsitatean sartzeko, ez dute titulu hori homologatu behar, nahikoa da errektoreak aipatu titulua eta dokumentu akademiko osagarriak (geroko arautzearen arabera zehaztuak) egiaztatzea eta baimena ematea.
Ohiz kanpo, unibertsitateko titulurik ez baina egin nahi dituzten ikasketen alorrean eskarmentu handia duten profesionalak hartu ahal izango dira "unibertsitateko espezialista" tituluetarako. Onespena Doktorego Azpibatzordeak eman behar du, titulazioko Akademi Zuzendaritzak proposatuta. Era horretan, gehienez, bi ikasle edo matrikulatutako ikasle guztien % 5 baino ezin dira hartu. Portzentaje horretaz aparte, tituluen ezaugarri berezien arabera eta arduradunak eskatuta, Doktorego Azpibatzordeak ikasketen alorrean eskarmentu handia duten profesionalak onartzeko baimena eman dezake, espresuki.
Unibertsitateko titulaziorik gabeko profesional horiek Unibertsitatean ikasteko lege-betekizunak bete beharko dituzte.
Ikastaro osagarriak eta etengabeko formazioa.
Enpresek eskatutako formazioa eta unibertsitateko ikastaroosagarriak. Gehienez 20 ECTS kreditu izango dituzte eta sartzeko baldintzak ikastaroen proposamenetan zehaztuko dira.
Berezko titulu baten edo master ofizial baten ikasketa-plana osatzen duten atalak edo gaiak etengabeko formazio moduan eskaini ahal izango dira, baldin eta 20 kreditura heltzen ez badira. Ondoren zehaztuko den moduan antolatu eta irakatsiko dira ikastaro horiek.
Bide honetatik gainditu arren berezko titulu baten edo master baten ikasketa-plana osatzen duten atal guztiak ikasleak ez du lortuko titulu hori.
Dena dela, bide honetatik gainditutako atalak erabili edo baliozkotu ahal izango dira kasuan kasuko berezko titulua edo titulu ofiziala lortzeko, baina gehienera ere ikasketa-planen % 30era arte.
– Errektoreak, ikastegiek, sailek eta unibertsitate-institutuek berezko titulazioak lortzeko ikasketak onartzea eska diezaiokete Gobernu Kontseiluari, horretarako ezarritako epean.
Era berean, etengabeko formazioko ikasketak eta ikastaro osagarriak antolatu eta irakastea eska diezaiokete Doktorego Azpibatzordeari, arautegi honen garapenean zehaztuko denari jarraiki.
– Ikastegiek berezko tituluak eta etengabeko formazioko ikasketak antolatuko dituzte, betiere, sail baten edo batzuen akademi zuzendaritzapean. Proposamen batean jakintza-arlo anitz edo sail anitzetako irakasleak agertzen badira, zuzendaritza akademikoa horietako edozeinen esku utz daiteke. Proposamena errektoreak egiten badu, dagokion Saileko Kontseiluaren akordioa ezinbestekoa izango da.
– Berezko tituluak lortzeko ikasketak beste unibertsitate edota goi mailako hezkuntzako erakundeekin batera ematea proposatzen denetan arautegi hau aplikatuko da, salbu UPV/EHUk eta beste alderdiek hitzarmenen bat sinatzen badute. Kasu horretan hitzarmena beteko da eta hitzarmenak aintzat hartu beharko ditu UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Azpibatzordeak zehaztutako gutxieneko betekizunak. Hitzarmena berezko ikasketen proposamenarekin batera bideratu eta onartuko da eta, gero, parte hartu duten alderdiek sinatuko dute.
– Titulazioaren izenak ezin du Gobernu Kontseiluak onartutakoren baten berbera izan eta ezin du titulazio ofizialekin nahastea sortu.
– Akademi zuzendariaren izena; zuzendariak UPV/EHUko langilea izan behar du. "Berezko Master" graduondokoan zuzendariek doktore titulua izan behar dute.
Unibertsitateen arteko berezko tituluen kasuan, unibertsitate bakoitzeko zuzendari bat egon ahal izango da.
– Irakaskuntza Gida, derrigorrezko eta hautazko ikastaro eta mintegi praktiko eta teorikoen kopurua, edukia, iraupena eta programa; ikasturte bakoitzean emateko eskola-orduak; hasiera- eta amaiera-eguna; tokia; praktikak; aurreikusitako ebaluazio-sistema; eta, hala badagokio, ikerkuntza-lan edo aplikazio teknikoko lan berezituengatik aintzatets daitezkeen kredituak.
– Ikasleen gutxieneko eta gehieneko kopurua. Gutxieneko ikasleen kopuruak ezingo du hauek baino txikiagoa izan:
Unibertsitateko berezko graduko tituluetan 20 ikasle.
Gradu titulazio ofizialei lotutako berezko tituluetan 10 ikasle.
Graduondoko berezko tituluetan (masterra eta espezialista) 10 ikasle.
Unibertsitateko ikasketa osagarrietan 5 ikasle, baldin eta etengabeko prestakuntza edo ikastaro osagarri moduan eskaintzen diren berezko tituluen edo master ofizialen ikasketa-planetako atalak ez badira. Halakoetan proposamenean zehaztuko da gutxieneko kopurua.
Unibertsitateko graduko tituluetan eta graduondoko berezko tituluetan, eskola guztiak euskaraz ematen direnean, 10 eta 5 ikasle egon daitezke, hurrenez hurren. Ohiz kanpo, ikasle gutxiagoko proposamenak aurkez daitezke, Graduondoko Ikasketen Azpibatzordeak aztertu eta onartzeko.
– Onartzeko betekizunak, I. kapituluan zehaztutako betekizun orokorrak kontuan hartuta.
– Irakasleen zerrenda, emango dituzten orduak jarrita. UPV/EHUko irakasleek oniritzia eman behar dute. Irakasle guztien curriculuma erantsi behar da, ereduari jarraiki.
– Akademi Batzorde baten proposamena; Batzordearen burua akademi zuzendaria izango da (bat baino gehiago badaude bakarra proposatu behar da) eta kideak izango dira proposatutako tituluko bi irakasle, bat UPV/EHUkoa. Ikasketa osagarrien kasuan ez da Akademi Batzordearen proposamena aurkeztu behar.
Akademi Batzordearen zereginak hauek dira:
– Ikasleak aukeratzeko irizpideak ezartzea.
– Onartzeko eskariak aukeratzea, hartzea eta erabakitzea. Onartzeko baldintza izango da, betiere, UPV/EHUn dagoen administrazio-unitatean matrikula formalizatzea.
– Bekak esleitzea.
– Ikasleen azken ebaluazio globala egitea.
– Hala badagokio, praktiketako arduraduna izendatzea.
– Akademi alorreko gainerako zereginak betetzea.
– Titulazio berrien premiei aurre egiteko ikastegian, sailean edo institutuan dauden baliabide materialak eta giza baliabideak. Lokalak erabiltzeari dagokionez, proposamenari Ikastegiko Zuzendaritzaren akordioa erantsi behar zaio.
– Aurrekontu osoa, diru-sarreren eta gastuen ebaluazioarekin.
Diru-sarreren aurrekontuan xehetasun hauek adierazi behar dira:
– Matrikulen zenbatekoagatik aurreikusitako diru-sarreren ebaluazioa.
– Erakunde publiko edota pribatuen laguntzak eta dirulaguntzak.
– Ikasturtea hasi aurretik graduondoko titulazioaren BGGn dagoen kredituaren soberakina.
– Aurreikusitako beste diru-sarrera batzuk.
Gastuen aurrekontuan kontzeptu hauek adierazi behar dira:
– UPV/EHUko irakasleen ordainsaria.
– Hizlari eta kanpoko irakasleentzat aurreikusitako ordainsaria.
– Gastu orokorretarako atxikipena:
Berezko tituluen kasuan % 10eko atxikipena egingo da gastu orokorretarako, formula honi jarraiki: kredituen kopurua x ikasleen kopurua x krediturako proposatutako zenbatekoaren % 10.
Atxikipen hori sekula ez da izango kreditu eta ikasleko 4,50 euro baino txikiagoa.
Unibertsitateen arteko titulazioen kasuan, sinatuko den lankidetza-hitzarmenean zehaztuko da atxikipenaren ehunekoa.
Bestalde, etengabeko formazioko ikasketetan, emandako diru-laguntzen zenbatekoari gastu orokorren % 10 atxikiko zaio.
– Gainerako gastu orokorrak.
– Gobernu Kontseiluak, Graduondoko Ikasketen Azpibatzordeak txostena egin ondoren, UPV/EHUko berezko tituluak lortzeko ikastaroen eskaintza onartu eta ekaina baino lehen argitaratuko du, urtero.
– Ikastaroak errepikatuz gero, ikastegiek, sailek eta institutuek aurrera jarraitzen dutela ziurtatu eta aurrekontua aurkeztu beharko dute, hasierako proiektuarekiko aldeak adierazita, gero ezartzen denari jarraiki.
– Dena den, ikastaroak errepikatzeko Graduondoko Azpibatzordearen aldeko balioespen-txostena behar da. Balioespen horretan ikastaroaren aurreko edizioen txostena kontuan hartuko da eta, orobat, akademi eta gizarte aldetik egokia den ala ez aztertuko da. Gizarte Kontseiluak balioespen positiboa egin behar du, eskumena duen alorretan. Luzapena Graduondoko Ikasketeen Azpibatzordeak onartuko du, zuzenean.
– Etengabeko formazioko ikasketak eta ikastaro osagarriak Doktorego Azpibatzordeak onartu behar ditu. Ikastaroak errepikatu egiten badira, aurreko urteetako memoria hartuko da kontuan. Matrikularen prezioa unibertsitateko Gizarte Kontseiluak onartuko du, eta organo horrek erabakiko duen moduan egingo da.
– Behin proposamena onartuta, aldaketak Doktorego Azpibatzordeak baimendu behar ditu, espresuki. Ikasketa-planen aldaketak matrikula egin baino lehen jakinarazi eta baimendu behar dira.
– Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeko 80.b artikuluari jarraiki, berezko tituluen kalitatea ebaluatu eta egiaztatu egin behar da, eta hori Uniqual’ek egingo du.
– Ebaluazioaren emaitzak kontuan hartuko dira berezko titulua abian jartzeko edota berritzeko eskarian.
– Berezko tituluak eskuratzeko ikasketetan, Ikasketa Planeko kredituen % 30, gutxienez, UPV/EHUko irakasleen esku egongo da. Ohiz kanpo, Akademi Zuzendaritzak portzentaje hori murrizteko proposamen justifikatua aurkez diezaioke Doktorego Azpibatzordeari, aztertu eta onar dezan.
Etengabeko formazioko ikasketetan eta ikastaro osagarrietan ez da akreditu beharko portzentaje hori.
– Arduraldi osoa duten UPV/EHUko irakasleek gehienez 10 kreditu egin ditzakete ikasturtean, Unibertsitateko berezko ikasketetan. Arduraldi partziala duten irakasleek, berriz, 5 kreditu.
– Zuzendaritza-lanak kredituak medio balioetsi behar dira proposamenean eta aurrez aipatu gehieneko kopurua eskola- eta zuzendaritza-kredituen batura izango da. Ezin da graduondoko edo graduko ikasketa bat baino gehiago zuzentzeko ardura hartu. Zuzendaritza-lanak gutxienez 3 kreditu izango ditu.
– Master ofizial baten ikasketa-planekoak diren ikastaro osagarrien kasuan, eta 3.c) artikuluak dioenari jarraiki, unibertsitateko irakasleei ez zaie ordainduko inolaz ere lan hori, irakats-betebeharren barruan sartzen baita.
– Behin proposamenak onartuta, Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateak sailei jakinaraziko die irakasleek berezko tituluetan ze lanordu dituzten.
– Ikasketa horietan irakasle edo zuzendari lana duten irakasleek, bai unibertsitatekoek bai kanpokoek, ezingo dute ikastaroan matrikulatu.
– Akademi zuzendariak dauzkan funtzioen berri eman behar dio 5.7 artikuluan aipatu Akademi Batzordeari; akademi zuzendariaren funtzioak hauek dira:
– Titulazioa emateko proposamena aurkeztea.
– Azken txostena egitea.
– Ikasketa horien gaineko gai guztiak Doktorego Azpibatzordeari aurkeztea.
– Ikasketetan parte hartzen duten irakasleen irakaskuntza ziurtatzea, dagokion saileko zuzendariaren oniritziarekin.
– Aurrekontua kudeatzea, arautegi honetako IV. kapituluan ezarritakoari jarraiki.
– Hala badagokio, ikasleen praktika-programaz arduratzea.
– Ikasketek behar bezala funtziona dezaten premiazkoak diren gainerako lan guztiak egitea.
– UPV/EHUko irakasleen ordainsariek, 5.9.b artikuluan zehaztutakoari jarraiki, 1450/1989 Errege Dekretuak aldatutako 1930/1984 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako mugak beteko dituzte.
Aurreko paragrafoan aipatu mugak kalkulatzeko, batu behar dira graduko eta graduondoko tituluetan eta etengabeko formaziorako programetan irakasteagatik urtean jasotako ordainsariak eta ekitaldi berean Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoko 83. artikuluaren babesean egindako kontratuei dagozkien ordainsariak.
– UPV/EHUko irakasleek graduko eta graduondoko tituluen eta ikastaro osagarrietako eta etengabeko formaziorako programen kargura diru-sarrerak jaso ditzakete arduraldi-erregimenaz gaindi irakaskuntza ofizialetan egindako kredituengatik.
Arduraldi-erregimena beteta ez duten graduko eta graduondoko berezko tituluetako irakasleek dagozkien kredituetarako aurreikusitako ordainsarien erdia jasoko dute, arauzko edo kontratuko irakaskuntza-zeregina osatu arte; ordainsariaren beste erdia UPV/EHUrena izango da.
– Administrazio-lanak ikastegi, sail edo institutuari atxikitako Administrazioko eta Zerbitzuetako langileek egingo dituzte, dauzkaten lanpostuei dagozkien gainerako lanekin bateratuta; edo, bestela, Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateak, ahal duen heinean.
– Unibertsitateko Gerentzia medio langileak kontratatu daitezke; Gerentziari dagokio langileak aukeratzea eta kontratuak formalizatzea. Kontratazio-gastuak berezko tituluen aurrekontuen kargura izango dira.
Arautegi honek erregulatutako ikasketak unibertsitateak finantzatuko ditu beti; proposamenean diru-sarreren eta gastuen arteko oreka adierazi behar da.
Ekonomia kudeatzeko lanek UPV/EHUn indarrean dagoen araudia eta datozen artikuluetako zehazpenak bete behar dituzte.
– Ekonomi alorra kudeatzeko, berezko titulu bakoitzak Baimendutako Gastuen bere Unitatea eduki behar du, araudi orokorrari jarraiki.
– BGGaren irekiera Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitatea medio bideratuko da, argi dagoenean titulazioa eman egingo dela. BGG hori BGG organiko baten mendekoa izango da, titulazioa proposatu duen ikastegi, sail edo institutuari dagokiona. Organo proposamengile bat baino gehiago badago, antolatzaileek erabakiko dute titulazioaren BGGa ze BGG organikoren mendekoa izango den.
– BGGko arduradun nagusia tituluaren akademi zuzendaria izango da eta bigarren arduraduna berezko tituluaren akademi zuzendaritzaren erantzule den ikastegi, sail edo institutuko zuzendaria. Proposamengile bat baino gehiago egonez gero, Akademi Batzordeko lehendakaritza daukan ikastegi, sail edo institutuko zuzendaria izango da. Bi karguak pertsona berak badauzka, bigarren arduraduna saileko idazkaria izango da.
– BGGak administrazioaren kabuz itxiko dira titulazioa ondoz ondoko bi urtetan berritzen ez bada edo ixtea erabakitzen bada.
– Unibertsitateko ikasketa osagarrietan, BGG programa espezifiko bat jarriko zaion sail, ikastegi edo institutu proposamengilearen orokorra izango da. Iraupenagatik (sei hilabete baino gehiago) edo funtsen bolumenagatik hala komeni denetan, aldi baterako BGG bat irekitzea eska daiteke.
Berezko ikasketen edo ikasketa ofizialen atal edo gai diren etengabeko formazioko ikasketen edo ikastaro osagarrien kasuan, kasuan kasuko berezko tituluaren edo master ofizialaren BGGa erabiliko da.
Argi dagoenean titulazioa eman egingo dela, eta proposamenean agertzen den aurrekontuari jarraiki, BGGari aurrekontu-kreditua eman ahal izango zaio, aurreikusitako matrikulen zenbatekoa, hain zuzen, 5.9.b artikuluan zehaztutako gastu orokorren atxikipenean murriztua. Horretarako, Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateak aurkeztutako aurrekontuaren kopia bidaliko du Kontularitza Zerbitzuari, ados dagoela adierazita.
– Matrikulengatiko diru-sarrerak Campusean horretarako jarritako kontuan egingo dira eta jarduera horiek eragiten dituzten gastuak zuzenean finantzatzeko izango dira, aurkeztutako aurrekontuari jarraiki.
– Matrikulak egiteko epea bukatutakoan, Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateak likidazioa egingo dio Kontularitza Zerbitzuari, titulazio bakoitzean aurreikusitako aurrekontuaren aldean izandako diru-sarrera adierazita, aurrekontu-kreditua egokitze aldera. Helburu berarekin, jakinaraziko dira ez ordaintzeagatiko matrikulen ezabatzeak eta matrikulen prezioaren bueltatzeak. Ordaindutako zenbatekoak diru-sarrera kontabilizatu ondoren bueltatu behar badira eta tituluaren aurrekontuan eragina izan bazuten, bueltatzea tituluen arduradunek egingo dute, haien aurrekontuaren kontura.
– Ikasketa osagarrien matrikuletako diru-sarrerak kasu bakoitzean zehazten den BGGaren banku-kontuan egingo dira eta ikasketa horiek emateko gastuak ordaintzeko izango dira.
– Berezko tituluetako zuzendaritzak erakunde publiko edo pribatu batek dirulaguntza emango duenaren berri izaten duenean, Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateari jakinaraziko dio berehala eta dirulaguntza horren dokumentazio formala aurkeztuko du.
– Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateak dokumentazio hori Kontularitza Zerbitzura bidaliko du eta han aurrekontu-kreditua hornituko dute.
– Azkenean dirulaguntza jasotzen ez bada, kreditua dirulaguntza horrekin hornitutako kredituari kenduko zaio edo, bestela, matrikulekin hornitutako kredituari.
– Superabita izanez gero, hurrengo ikasturtean aplikatu ahal izango da, soberakin gisa.
– Titulazioren bat desagertzen bada, superabitaren zenbatekoa ikasketak antolatu dituen ikastegi, sail edo institutuarentzat izango da. Horregatik, ikasketen arduradunak egoeraren berri eman behar dio Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateari, BGGa ixteko eta aurrekontu-kreditua transferitzeko.
Ikasketen prezio publikoak eta ziurtagirien, nortasun-txartelaren eta titulu-eskariaren tarifak Gizarte Kontseiluak jarriko ditu, Gerentziak txostena egin ondoren.
– Unibertsitateko graduko, graduondoko eta ikasketa osagarrietako tituluak emateko gastuak matrikulen eta diru-laguntzen sarrerekin eta aurreko ikasturteetako soberakinekin ordaindu behar dira. Gastuak kudeatzeko Unibertsitateko arau orokorrak bete behar dira, honako hauek kontuan hartuta:
– Berezko tituluetan % 10eko atxikipena aplikatuko da gastu orokorretarako, formula honi jarraiki: kredituen kopurua x ikasleen kopurua x berezko titulurako Gizarte Kontseiluak onartu zuen kredituaren zenbatekoaren % 10. Atxikipen hori sekula ez da izango kreditu eta ikasleko 4, 50 euro baino txikiagoa. Atxikipena zuzenean egingo dute zerbitzu zentralek, matrikuletatik edo diru-laguntzetatik kenduta.
Unibertsitateen arteko titulazioen kasuan, sinatuko den lankidetza-hitzarmenean zehaztuko da atxikipenaren ehunekoa.
– Ikasketa osagarrietan, halaber, emandako diru-laguntzen zenbatekoari gastu orokorren % 10 atxikiko zaio.
– UPV/EHUko irakasle eta administrazioko langileei, eskolak emateagatik eta gestio administratiboak egiteagatik, nomina bidez ordainduko zaie, indarrean dagoen araudi espezifikoari jarraiki.
– UPV/EHUtik kanpoko irakasleei ordainduko zaie atxikipena momentuan indarrean dagoen PFEZren kontura aplikatuta.
– Unibertsitateko berezko tituluen eta ikasketa osagarrien finantzaketa medio eskuratutako material inbentariagarria UPV/EHUren ondare izango da.
3 artikuluan aipatzen diren hitzarmenez gain, ikasleek praktikak egiteko, finantzaketa lortzeko, lokalak erabiltzeko eta egoki irizten zaion beste edozein helburutarako hitzarmenak izenpetu daitezke.
– Hitzarmenak harpidetzea onartzeko eskumena Akademi Antolakuntza eta Doktoreko Batzordeko Doktoreko Azpibatzordeak dauka. Hitzarmenek bat etorri behar dute horretarako ezartzen diren ereduen edukiekin eta, betiere, ez dute oztopatuko hurrengo paragrafoan datorrena.
– Hitzarmena graduondoko tituluaren proposamenarekin batera bideratzen bada, Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio, dena batera onartzeko.
– Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateak hitzarmenak bideratzeko beharrezkoak diren txostenak eskatuko ditu.
– Akademi Antolakuntza eta Doktorego Batzordeko Doktorego Azpibatzordeak hitzarmenak onartu ondoren, ikasketak proposatu dituen organoko ordezkariak sinatu egingo ditu, arautegi honetan ezarri bezala; dena den, komeni bada, Unibertsitateko goi mailako agintariek ere parte hartuko dute sinaduran. Ohiz kanpo, Doktorego Azpibatzordeak tituluaren arduradun den irakasleari eman diezaioke hitzarmena sinatzeko baimena.
– Hitzarmena parte hartzen duten alderdi bakoitzeko ale bana sinatu behar da; bi ale sinatzaileentzako izango dira. UPV/EHUri dagokion alea arautegiak aurreikusitako lekura igorriko da.
Hautagaiek I. kapituluan adierazitako baldintza orokorrak bete behar dituzte, baita ikasketa bakoitzerako jarritako baldintza espezifikoak ere. Eskaria ikasketak ematen dituzten sail, institutu edo ikastegiko Idazkaritzan aurkeztu behar dira, bakoitzak zehaztutako epean.
– Ikastegi, sail eta institutuek, ikasleak aukeratzeko eta hartzeko prozesua bukatu ondoren, onartutakoen zerrenda eta matrikula-egunak bidaliko dizkiote Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateari, aipatu bulegoan eta Campusetako Errektoreordetzetan matrikulak egin ditzaten.
– Ikasketa osagarrien matrikula ikasketak antolatu dituzten ikastegi, sail eta institutuetako Idazkaritzan egingo da.
– Prezio publikoetan salbuespenak eta murrizketak egingo dira, bakarrik, eskumena duen organoak hala agintzen badu.
– Titulua ikasturte bat baino gehiagotan lortzeko antolatua badago, matrikula urtero egin beharko da eta ikasturte horretan ematen diren kredituei dagokien zenbatekoa ordaindu beharko da.
– Matrikularen zenbatekoa bi epetan ordaindu daiteke, bakoitzean zenbatekoaren erdia. Epe horiek Doktorego Azpibatzordeak jarriko ditu.
– Aurkeztutako matrikulak behin-behinekoz onartuko dira eta, aurretik, arautegi honetako I. kapituluko baldintzak betetzen direla egiaztatuko da. Matrikula aurkeztu eta hiru hilabetera, Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Formazioaren Unitateak ez badu onarpenaren kontrako jakinarazpenik egin, matrikula baliozkotzat joko da. Matrikula bertan behera uzteko erabakiak arrazoitua behar du izan; erabakiaren kontra gorako errekurtsoa jar daiteke, UPV/EHUko errektorearen edo hark eskuordetutako agintariaren aurrean.
– 29. artikuluko 3. atalean zehaztutako epean prezio publikoak ordaintzen ez badira, matrikula baliogabetu egingo da. Halaber, interesatuak hala eskatuz gero, matrikula bertan behera utziko da; kasu horretan, ordaindutakoa bueltatuko da ikasturtea hasi ez bada bakarrik.
– Matrikula formalizatzeko baldintzetakoren bat ez bada betetzen, matrikula artxibatu egingo da, interesatuak hala eskatuz gero. Interesatuak erantzunik ematen ez badu, eskariari uko egin diola ulertuko da, ebazpena egin ondoren.
– Arautegi honetan erregulatutako ikasketetan matrikulatutako pertsonak UPV/EHUko ikasletzat hartuko dira, xede guztietarako.
Ikasketa hauek ez direnez sartzen eskola aseguruaren aplikazio-eremuan, akademi zuzendariak polizak izenpetu beharko ditu, berezko tituluko aurrekontuaren kargura.
– Graduko eta graduondoko berezko tituluak lortzeko ikasketetako irakasgaiak aurretik egindako beste ikasketa batzuekin baliozkotzea berezko tituluko Akademi Batzordeak erabakiko du, Graduondoko Azpibatzordeak ezarritako araudiari jarraiki.
– Akademi Batzordearen erabakien kontra gorako errekurtsoa jar daiteke UPV/EHUko Doktorego Azpibatzordearen aurrean, jakinarazpena jaso eta hilabete baten buruan.
– Irakasgaiak baliozkotuz gero, ikasleek Unibertsitateko Gizarte Kontseiluan Gerentziak proposatutako ezarritako baliozkotze eskubideak ordaindu behar dituzte.
– Berezko titulua lortzeko, tituluari dagozkion ikasketak eta jarduera ekonomikoak gainditu behar dira, ebaluazio-prozesuaren bitartez. Eskoletara bertaratzearekin bakarrik ezin da titulua lortu.
– Ebaluazioa egiteko irizpideak tituluaren proposamenean zehaztuko dira. Kalifikazioa kreditu guztien gainekoa izango da: "Gai", "Ez-gai" eta "Aurkeztu gabe". Irakasgaiak ezin dira partzialki gainditu. Tituluetako gutxieneko kredituak gainditzeko deialdi bakarra dago eta ez dago dispentsarik, salbu Doktorego Batzordeak baimen zehatza ematen badu.
– "Bikaintasun aipamena" ikasleen % 20ak bakarrik izan dezake; aipamen hori ikasleen tituluan agertuko da.
– Bi mailatan (espezialista eta masterra) egituratutako ikastaroetan, ikasleei bitarteko titulazioan lortutako kredituak finkatuko zaizkie, goi mailakoa lortze aldera.
– Urte askotako titulazioetan, ikasturte bakoitzean azken ebaluazioa egin daiteke. Gainditzen dutenei ebaluazio partzial hori finkatu egingo zaie eta hurrengo edizioetan kreditu horiek aintzat hartzeko aukera izango dute, titulazioa lortze aldera.
– Kalifikazioak berrikusiko dira gero ezartzen diren arauei jarraiki.
– Txosten teknikoan aurrekontua bete dela adierazi eta aurrekontu horren egoera ekonomikoa zertan den azalduko da; txostenak hauek eduki behar ditu, nahitaez:
– Aurrekontuaren behin betiko likidazioa.
– Ondasunen inbentarioa.
– Baliabide ekonomikoen kudeaketari buruzko txosten zehatza.
– Datu akademikoei dagokienez, adieraziko dira, besteak beste, hauek: ikasketen egutegia, ikasketen helburuen betetze-maila, ikasle-kopurua, galdeketen emaitzak, egindako ebaluazio-mota eta, hala badagokio, bertaratze-ziurtagiriak emateko baldintzak.
Dauden titulazioek, bukatu arte, baimentzeko baliatutako araudiak bete behar dituzte; hurrengo edizioetan, ordea, arautegi honetara egokitu beharko dituzte.
Aurreko zirkular, xedapen eta ebazpenek ez dute indarrik, arautegi honetan zehaztutakoari kontra egiten dieten kasuetan.