- AGINDUA, 2013ko uztailaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, publikoa ez den ondare dokumentala osatzen duten ondasunetan egitarauak burutzeko diru-laguntzak banatzeko modua arautzen duena, eta diru-laguntza horietarako 2013ko deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko uztailaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, publikoa ez den ondare dokumentala osatzen duten ondasunetan egitarauak burutzeko diru-laguntzak banatzeko modua arautzen duena, eta diru-laguntza horietarako 2013ko deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 164
- Hurrenkera-zk.: 3787
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/07/24
- Argitaratze-data: 2013/08/29
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren artxibo alorreko politikaren helburuetako bat da artxibo-funts pribatuak antola daitezen sustatzea, horrela ondare dokumental hori egokiro kontserbatu eta kontsulta eta zabaltze bidean jartzeko.
Horretarako, duela urte batzuetatik hona diru-laguntzak arautzen dituen agindu hau argitaratu ohi da; eta orain arte emaitza positiboak eman dituenez, komenigarritzat jo dugu deialdiari eustea.
Aginduaren filosofia lankidetzan datza, aldeen elkarrekiko errespetuan eta bakoitzaren erantzukinean: lankidetza, alde batetik, Euskadiko Ondare Dokumentalaren politikaren ardura duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aldetik, eta bestetik, publikoa ez den Euskadiko ondare dokumentalaren titularren aldetik (artxibo-funtsak, agiri-bildumak eta agiri bereziak). Filosofia hori espresuki jasotzen du Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak.
Euskal Kultura Ondarearen Legeak hainbat muga ezartzen dizkie, ordea, ondasun horien titularrei. Bistan da, horrenbestez, Administrazioak ahalegina egin behar duela muga horien trukean halako erraztasun edo ordainak emateko, gero Legeak xedatzen dituen arauak betetzeko exijituko badu. Alde bi horien arteko lankidetza eta onbideak ziurtatuko du denon gogoan dagoena benetan konplitzea, alegia: lankidetza-bide sendoak zabaltzea, arian-arian ondare dokumentalaren zati hau sare eta informazio-gune publikoetan sartzeko, ondasun horien titularren eskubideak inola ere urratu gabe, Legeak berak jaso eta aldezten duen bezala.
Hori lortzeko asmotan, artxibo funtsen jabeek proposatutako programetan oinarrituta lankidetza lortu nahi da. Horri lotuta, hauxe ulertuko da Artxibo egitarautzat: urtebetean zein denbora-tarte laburragoan, dokumentu edo artxiboei buruz lan jakin bat egiteko proposamena eginez, diru laguntza eskabidea eragiten duen proiektua, alegia.
Horrenbestez, hau
Agindu honen xedea hau da: publikoak izan gabe, Euskal Herriko Ondare Dokumentala osatzen duten artxiboetako dokumentuetan, artxibo funtsetan zein agiri bildumetan egitarauak burutzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea, betiere, helburua hauetakoren bat izanik:
Agirien kontserbazioa hobetzea.
Artxibo-funtsak digitalizatzea, betiere aurretik datu-baseetan antolatuta eta deskribatuta badaude. Proiektu horiek betiko gordeko den artxibo digitala sortu beharko dute eta baita ere dagozkion kopia digitalak, Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionaleko web orrian hedatu ahal izateko. Aurkezten diren proiektuek agindu honen A eranskinean jasotako baldintza teknikoak bete beharko dituzte.
Informazioa zabaltzea, Badator Zerbitzua erabiliz.
Aurreko zenbakian ezarritakoaren ondorioetarako, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 56., 57. eta 58. artikuluetan dauden definizioak erabiliko dira artxiboetako dokumentu, artxibo funts eta agiri bilduma kontzeptuak zehazterakoan.
Agindu honetan ezartzen diren diru-laguntzak jaso ditzaketenak, Euskal Herriko Ondare Dokumentala osatzen duten artxiboetako dokumentuen, artxibo funtsen zein agiri bildumen jabe izanik, publikoak ez diren pertsona fisiko eta juridikoak izango dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 55. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere Erakunde Autonomiadunek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa edo zigor prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.
Agindu honetan araututako laguntzen deialdira ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako pertsona fisikoak edo juridikoak, ez Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere.
Agindu honetan ezarritako helburua betetzeko, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euroko diru kopurua erabiliko da. Aipaturiko zenbatekoa gehitu ahalko da Agindu honetako xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Jarduteko nahikoa gaitasun izatea, eta, pertsona juridikoen kasuan, legearen arabera eratuta egotea, eta dagozkien erregistro edo errolda administratiboetan behar bezala inskribatuta egotea.
Laguntzak emateko, eta, hala badagokio, ordaintzeko, beteta eduki behar dira zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zehapen penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zehatuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
Beste edozein administraziok edo erakundek publikoa zein pribatua izan helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar dute erakunde eskatzaileek.
Pertsona edo erakunde eskatzaileek, eskabide-ereduarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:
Eskatzailea pertsona fisikoa izanez gero, organo kudeatzaileak, behar den kasu guztietan, automatikoki egiaztatuko ditu NANaren datuak, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 3. paragrafoa aplikatuz.
Eskatzailea pertsona juridikoa bada, eta EAEkoa ez den beste erregistro batean inskribatuta badago, erakundea legez eratuta dagoela egiaztatuko da, baita ordezkaria zein den eta horrek ordezkatzeko ahalmen nahikoa duela ere. Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroren batean inskribatuta badago, erakundeari buruzko inolako agiririk aurkeztu beharrik ez da izango, egiaztapena ofizioz egingo baita.
Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerei dagokion dokumentazioa:
Burutzekoa den egitarau bakoitza azaltzeko txostena.
Diruz lagunduko den egitarau bakoitzaren aurrekontua.
Eskaera-orri normalizatuan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zehapen penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zehatuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik ere tramitatzen ari den itzulketa- edo zehapen prozedura batean sartuta ez egotea.
Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta diru laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek/erakundeek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaile horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak. Zergak Nafarroan ordaindu behar dituztenen kasuan, zerga guztiak ordainduta dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako diru-laguntzak.
Deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskabideak, deialdiko eranskinetako dokumentazioarekin batera eta behar bezala eskaera orri normalizatua bete ondoren, Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan, lurralde ordezkaritzetan edo beste erakunde laguntzaile batzuetan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
Halaber, eskabideak bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira, euskadi.net guneko honako helbide honetan:
https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/r02kToolkitFormulariosWar/commonJSP/fdp.do?language=eu&procedureId=W85B_APR_2013 >
Pertsona/erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta gainerako izapideak bide presentziala edo elektronikoa erabilita egiteko zehaztapenak, euskadi.net-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri:
https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/r02kToolkitFormulariosWar/commonJSP/fdp.do?language=eu&procedureId=W85B_APR_2013 >
Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak edo telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, batetik bestera edozein unetan alda daitekeelarik.
Pertsojna/erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten moduan. Halaber, pertsona/erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
Ikusten badu eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta balioesteko, epaimahai kalifikatzailea eratuko da. Hauek izango dira kideak:
Kultura Ondarearen zuzendaria edo berak izendatutako norbait. Batzordeko lehendakari izango da.
Kultura Ondareko Zuzendaritzako Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko (Irargi) bi teknikari, Kultura Ondareko zuzendariak izendatuak. Horietako bat batzordeko idazkari izango da.
Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira. Horretarako, eskabideak 10. artikuluan finkatutako irizpideen arabera puntuatu eta ordenatuko dira. Ondoren, diru-laguntzak esleituko dira, puntu gehien duen eskabidetik hasi eta 3. artikuluan ezarritako aurrekontu-kreditua amaitu arte edo, lehenengo xedapen gehigarriaren arabera kopuru hori eguneratzen bada, kopuru berri hori amaitu arte.
Eskabideak baloratzeko eta hautaketa egiteko ezarritako irizpideak kontuan hartuta, epaimahaiak ebazpen-proposamena egin eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko dio.
Ebazpen-proposamena egiteko eta diru-laguntzen zenbatekoa finkatzeko, epaimahai kalifikatzaileak irizpide hauek izango ditu kontuan:
Egitarau bakoitzaren sendotasun zientifikoa (% 40).
Egitarau bakoitza epe luzerako jarduera baten osagai izatea, bai aurretiaz egindakoari jarraipena emateko, bai egitarau horrekin proiektuari hasiera emateko (% 20).
Artxiboa osatzen duen material dokumentalaren berri emateko borondatea (% 20).
Euskarari dagokionez, egitarauaren barruan estandar deskribatzaileak edo interes artxibistikoa izan dezaketen beste osagai batzuk egotea (% 15).
Egitarau bakoitzaren errentagarritasun zientifikorik hoberena bermatzeko beste edozein osagai (% 5).
Diru-laguntzek, onuradunak aurkeztutako egitarau bakoitzari dagokionez, onartutako burutze aurrekontuaren % 70a hartuko dute gehienez ere (zergak kenduta), egitarau bakoitzean diru-atal jakinetara zuzen daitekeelarik diru-laguntza.
Egitarau bakoitzari gehienez jota eman dakiokeen diru-kopurua ez da inola ere 28.000 eurokoa baino handiagoa izango.
Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak erakunde publiko zein pribatuek helburu berberaz emandako beste laguntza batzuekin bateragarriak izango dira, betiere guztira jasotako diru kopuruak aurrekontu osoa gainditzen ez badu. Horrela gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik kendu egingo da dagokion kopurua, lagundutako egitarauaren kostu osoari dagokion gehienezko kopurura egokitu arte.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, osatutako ebazpen-proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea. Ebazpenak hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaizkie, banan-banan, interesatuei, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Artikulu honetako lehenengo paragrafoan adierazitako epea amaitu eta inolako jakinarazpenik jaso ez badute, interesatuek beren eskabidea errefusatutzat jo dezakete Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.
Aipatutako ebazpenak ez du azkenduko administrazio bidea, eta beraren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Diru-laguntza emateko ebazpenak adieraziko du zein eskabideri eman zaion diru laguntza, eta espresuki adieraziko da zein eskabide ez den onartu. Horretaz gain, zerrenda bat ere sartu ahal izango da ebazpenean; hain zuzen ere, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu dela-eta, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza adiministratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabide guztiena. Eta adierazi egingo da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Kasu horretan, onuradunen batek diru-laguntzari uko egiten badio, diru-laguntza ematen duen organoak erabakiko du beste deialdi bat egin beharrik gabe diru-laguntza ematea zerrendan puntuazioaren arabera hurrena dagoen eskatzaileari, betiere, hark onartzen badu. Ordezkoei esleituko zaien zenbatekoa zehazteko, agindu honen 9., 10. eta 11. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio. Diru laguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die interesdunei, diru-laguntzen proposamen horri hel diezaieten, 10 eguneko epe luzaezinean. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak diru-laguntza emateko egintza gauzatuko du.
Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/erakunde onuradunek diru laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren babesa beren-beregi adieraztea, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.
Eskabidea aurkezteko unean hartuko zutenik jakin ez edo adierazi gabe geratu eta ondoren xede berberaz jasotako gainerako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen aipamena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori).
Diru-laguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.
Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo erakundea alta emanda ez badago, edo inskribatutako datuak aldatu behar badira, eskabidearekin batera, dagokion erregistroan alta emateko eskabidearen eredua aurkeztu beharko da.
16 artikulua. Diru-laguntzaren justifikazioa.
Justifikazioak Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan, lurralde ordezkaritzetan edo beste erakunde laguntzaile batzuetan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
Halaber, justifikazioaren ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak
Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak jaso dituztenek, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2013ko abenduaren 31 baino lehen:
Diruz lagunduta burutu den egitarau bakoitzari buruzko txosten zehatza.
Diruz lagundutako egitarau bakoitza burutzean izandako gastuei dagozkien egiaztagiriak, jatorrizko fakturak zein fotokopia konpultsatuak, eta sarreren eta gastuen balantzea. Gastuak fakturen bidez eta egiaztapen-balioa duten gainerako agirien bidez justifikatuko dira (agiri originala edo fotokopia konpultsatua).
Diruz lagundutako egitaraua edo proiektua burutzerakoan sortutako material zientifikoak (inbentarioak, datu-baseak etab.), halakorik baldin badago behintzat.
Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da.
Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena).
Hauek izango dira ez betetzeak:
Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
Diruz lagundutako egitasmoa aldatzea Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aurretik baimenik eman gabe.
Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera, eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Hirugarren artikuluan jaso diren zenbatekoak aldatu egin ahal izango dira, eskatutako diru laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean laguntzak emateko beste egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratutako diruaren arabera, betiere diru-laguntzak ebatzi baino lehen.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako sariak eta deialdi honekin zerikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Ondarearen Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak erkatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 24a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
A ERANSKINA
BALDINTZA TEKNIKOAK
Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira, deskribapen-fitxa bakoitzari -digitalizazio-unitatetzat hartuko da- bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkie. Datu-basearen formatua Irargiko teknikariekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-tresneriaren kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.
Digitalizazioa nagusiki aireko eskaner edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira.
Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira, kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.
Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5600 x 3700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuen kasuan hala nola, paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab., era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Irargik ezarritako baldintza teknikoak kontuan izanda.
Digitalizazioa beti «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da, hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo dira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.
Digitalizatutako irudi bakoitzeko Irargiri entregatu beharko zaizkio:
Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hau segurtasun-fitxategitzat hartuko da.
Fitxategi bat JPG formatuan, jatorrizko kaptura-fitxategitik eratorria edota, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik. Artxibo hau digitalizazio mastertzat hartuko da.
Fitxategi bat JPG formatuan, hau ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edota segurtasun fitxategitik eratorria, bereizmena 3266 x 2100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.
Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.
Artxibo-funtsek entzunezko eta ikus-entzunezko dokumentuak dituzten kasuan, Irargiri entregatuko zaizkio:
Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.
Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.
Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), zabalkunde- edota kontsulta-fitxategi gisa.
Halaber, Irargiri entregatuko zaio item edota dokumentu-unitate bakoitzeko fitxategi bat PDF formatuan, dokumentu-unitate bakoitzaren orrialde guztiekin eta jatorrizko dokumentuaren segida berean ordenatuta. PDF fitxategi hori dagozkion segurtasun-fitxategi edo digitalizazio masterretatik sortuko da, eta horretarako aurrez beharrezko konpresioa ordenagailu pertsonal estandar batean eroso erabili ahal izateko modukoa aplikatuko zaio. Erreferentzia gisa gomendatzen da ondoriozko PDF fitxategiko orrialde bakoitzak 2 MB-ko neurria ez gainditzea, horretarako 6-9 arteko konpresio-mailak erabili behar dira, 0tik 12ra arteko eskala batean.
Irargiri entregatuko zaizkio kopiak biltegiratzeko edota entregatzeko honako formatuak:
Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio akatsak ezabatzeko.
Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan bai Apple-en MacOS nahiz Linux/Unix-en.
Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztiek edukia jakiteko beharrezko informazioa eramango dute: zenbakia, izenburua, edukia eta sortze-data.
Zabalkunderako kopia digitalek ur-marka agerian eramango dute, eta, bertan jatorrizko Artxiboa edota jatorrizko dokumentuak zaintzen dituen erakundea identifikatuko da. Irargik formatu estandarra eskainiko du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diruz lagundutako digitalizazio-proiektuen ardurapean erreproduzitutako dokumentuen irudien kasuan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren zigilua eta izena eramango dute eta, baita ere, dagokion zuzendaritza-zentroaren izena, indarrean dagoen Eusko Jaurlaritzaren korporazio-identitatearen eskuliburuaren arabera (Eusko Jaurlaritzaren web-orrian eskuragarri dago). Irudiak ez diren (entzunezkoak etab.) kopia digitalen kasuan, irudi digitalentzako arestian aipaturiko informazioa dagokion fitxategiaren metadatuetan jasota egon beharko da.
Baita ere gomendatzen da PDF formatuan dauden kontsulta-fitxategiak DVDan grabatzea.