Euskadi.eus
  • 75/1986 DEKRETUA, urtarrilaren 28koa (Dekretu horren bidez, Transferentzien Bitariko Batzordeak elkarteen arloan 1985eko azaroaren 28an hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

75/1986 DEKRETUA, urtarrilaren 28koa (Dekretu horren bidez, Transferentzien Bitariko Batzordeak elkarteen arloan 1985eko azaroaren 28an hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 1985
  • Gaia: Justizia
  • Jardun-eremua: Justizia
Xedea:

Elkarteei dagokienez Estatuko Administrazioak EAEn betetzen zituen eginkizunak EAEri eskualdatzea, honako alderdi hauek aintzat hartuta: 

1. EAEri dagokio elkarte guztiak inskribatzea eta erregistratzea, betiere, elkarte horien estatutuen arabera, jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan betetzen badituzte batez ere. 

2. Barne Ministerioaren Dirección General de Política Interior delakoan dagoen Estatuko elkarteen erregistroari dagokio aurreko 1. puntuan sartzen ez diren gainerako elkarte guztiak inskribatu eta erregistratzea. 

3. EAEk 2. puntuan aipatutako elkarteei buruzko agiriak bidaliko dizkio Barne Ministerioari, eta haien eskabidea zertarako baliatu den adieraziko du. Barne Ministerioak era berean jokatuko du 1. puntuan aipatutako elkarteei dagokienez. 

4. Lankidetza gauzatze aldera, EAEk bere erregistrora inskribatzeko aurkezten diren eskabide guztiak bidaliko dizkio Estatuko Administrazioari, bai eta eskabideok aurkezten dituzten elkarteen estatutuak ere, 1. puntuan aipatzen diren elkarteen eskabide eta estatutuak, alegia. 

Halaber, Estatuko Administrazioak EAEri bidaliko dizkio jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egin arren Estatuko elkarteen erregistroan inskribatu beharrekoak diren elkarte guztien inskripzio-eskabideak eta estatutuak. 

Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak jasotzen dituen erakundeak, agiriak jaso eta hamabost eguneko epean, egoki iruditzen zaizkion oharrak eta iradokizunak egin ahal izango dizkio agiriak bidali dituen erakundeari. 

Erakunde horietako batean, beste erakundeari dagokion elkarte bat inskribatzeko agiriak aurkezten badira, eta, hortaz, aurreko 3. puntuan adierazitakoa aplikatu behar bada, puntu horretan ezarritakoari jarraiki bidaliko dira iradokizunak –horrelakorik egin bada –, alegia, aurreko bi paragrafoetan adierazitako izapideak bete beharrik gabe. 

5. Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek, inskribatutako elkarteei dagokienez aldaketaren bat egonez gero, horren berri eman beharko diote elkarri, informazio- eta estatistika-kontuetarako. 

6. Estatuaren eremukoak diren elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean lokalen bat zabaltzen badute, Estatuko Administrazioak horren berri eman beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari. 

7. Estatuko Administrazioak, bere eskumenez baliatuz, elkarteak herri-onurakoak izendatzen dituenean, eta izendapen horiek elkarte horientzat onurak ekartzen dituztenean, horrek ez du Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna ezertara behartuko. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere eskumenez baliatuz, elkarteak herri-onurakoak izendatzen dituenean, eta izendapen horiek elkarte horientzat onurak ekartzen dituztenean, horrek ez du Estatuko Ogasuna ezertara behartuko.